Txirrindulari guztiek bezala, Jay Vinek (Alpecin) makina bat ordu egin zuen arrabolean COVID-19aren pandemiak lehiaketa guztiak eten zituen bitartean. Egin, eta nabarmendu. Munduko eSports Txapelketa irabazi zuen, eta, horri esker, Alpecin taldeak kontratua eskaini zion. Urtebeteko egokitzapenaren ostean, ikusgarri dabil australiarra sasoiaren azken txanpan. Espainiako Vueltako mendiko bi etapak irabazi ditu: joan den ostegunean, seigarrena, Pico Janon; eta, atzo, bederatzigarrena, Collau Fancuayan.
Eguneko ihesaldian sartu, eta azken igoeran indartsuena izanda nagusitu zen Vine. Hiru iheskide izan zituen atzetik: Marc Soler (UAE) eta Rein Taaramae (Intermarche), 43 segundora, eta Thibaut Pinot (Groupama) 45era. Liderra sartu zen jarraian, Remco Evenepoel (Quick-Step), 1.20ra. Harekin batera helmugaratu ziren Enric Mas (Movistar) eta Primoz Roglic (Jumbo). Hiru txirrindulari horiek aldea atera zietenbeste faboritoei: hamahiru segundo Simon Yatesi (BikeExchange) eta Carlos Rodriguezi (Ineos); 27 Tao Geoghegan Harti(Ineos); 50 Joao Almeidari, Juan Ayusori (UAE) eta Ben O'Connorri (Ag2r); eta 56 Hugh Carthyri (Education First) eta Jai Hindleyri (Bora), besteak beste. Richard Carapaz (Ineos) izan zen denbora gehien galdu zuena Evenepoel, Mas eta Roglicekiko: 3.50. Sailkapen nagusian, hiru ziklista horiek aldea handitu dute. Evenepoelengandik 1.47ra dago Rodriguez; 1.54ra Geoghegan Hart; 2.02ra Ayuso; 2.05era Yates; 2.44ra Almeida; 2.51ra Hindley; eta 2.59ra O'Connor.
Mikel Landa (Bahrain) izan zen lehen euskal herritarra helmugan, 23. postuan, irabazlearengandik 2.57ra. Murgiarrak ohi baino helburu apalagoak ditu ekitaldi honetan: «Pixka bat falta zait. Urrun ikusten dut podiuma. Etaparen bat irabazten saiatuko naiz», dio helburuez galdetzen dioten aldiro. Atzo egin zuen lehen ahalegina, eta eguneko ihesaldian sartu zen. Baina atzean geratu zen azken igoeran.
Ibilbideak beste estutu bat emango die gaur txirrindulariei, oso gogorra baita bederatzigarren etapa, Villaviciosan hasi eta Les Praeresko gainean amaituko dena (171,4 kilometro). Bost mendate igoko dituzte, tartean, lehen mailako bi: etaparen erdian, Mirador del Fito —bederatzi kilometro eta %9ko batez besteko pendiza—, eta amaieran, Les Praeres —3,9 kilometro eta %12,9—.
Arraboletik loriara
Vinek bigarrenez irabazi du Espainiako Vueltan. Evenepoelek, Masek eta Roglicek aldea atera diete beste faboritoei. Ihesean ibili da Landa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu