ETBko aurpegi ezagun batzuk, orain ahots

EITBko irratien lan eskaintza publikoan postu finkoa lortu duten asko ETBtik datoz.Esatari elebidun gehiago dago, bi irratietarako lanean

urtzi urkizu
2015eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Lan eskaintza publikoaren probak gainditu eta postu finkoa lortu dute 26 kazetarik. Egunotan hasi dira EITBko irratietan lanean: Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. Horietako batzuk euskarazko zein gaztelaniazko irratirako ari dira lanak egiten, ETBko kazetari gehienek egiten duten moduan. Lordi Saralegiren kasua da, adibidez. Herri txiki, infernu handi ETB1eko saio arrakastatsua zuzentzeari utzi dio, eta hemendik aurrera Iruñeko egoitzan ariko da kultur gaiak lantzen Euskadi Irratirako zein Radio Euskadirako. Bi irratietarako ari da Amaia Uribe ere. Tokiko informazioa lantzen du, Bizkaikoa, bi hizkuntzetan. Zortzi urte egin ditu Uribek ETBko albistegietan —denboraldi batean Hitzetik hortzera aurkeztu zuen—, irratira iritsi aurretik.«Aldaketa handia da, eta hedabide berrira ohitu behar dut. Baina denetarik ikasi behar da, eta esperientzia ona izango dela espero dut», esan du Uribek. «Lehen, telebistako mikroarekin ibiltzen nintzen kalean. Orain, berriz, grabagailuarekin».

Radio Euskadirako lehen baino kazetari elebidun gehiago dago orain lanean. Horietako bat, Urko Aristi. ETBren ikus-entzuleentzat aurpegi ezaguna. Eguraldiaren tartea aurkezteaz gain —azkeneko hiru urteetan zuzendari ere bai—, Bertatik bertara, EITB Kultura, Bi errepidean eta Bizirik saioetan aritu da. Hamabost urte egin ditu ETBn. Orain, Boulevard Magazine saioan ari da, gaztelaniaz soilik. «Gogotsu nago. Gustura nago, erronka berri bat delako», esan du Aristik. «Gainera, aurpegiak aldatzea ona da, eta ikusleei atsedena ematea sanoa ere bai».

Irailean, zazpi gehiago

Asier Odriozola eta Ander Arzak ere ezagunak dira ETBko ikus-entzuleentzat, eta irratian hasi dira orain beharrean. Arzak Parisko berriemailea izan zen 2006tik 2009ra, eta Gaur egun-eko aurkezlea 2009tik joan den astera arte. Orain, Radio Euskadiko Ganbara saioan hasi da lanean, erredaktore. Odriozolak hogei urte inguru egin ditu EITBn lanean, gehienak ETBko albistegietan: Euskadi Irratian hiru urte, sei urtez Gaur egun aurkezten eta bost urtez Teleberri-n. Denboraldi honetan ETB1eko Azpimarra-n aritu da. Orain, berriz, Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko albistegietarako ariko da, asteburuetan.Xabier Urteaga, bestetik, ETBko albistegietan editore lanetan aritu izan dena, Euskadi Irratiko Mezularia-n ariko da aurrerantzean.

Euskadi Irratian hainbat urtez lan egin duten hainbat kazetarik ere lanpostu finkoa lortu dute, besteak beste, Aritz Agirrek, Arantxa Artzak, Maider Segurolak, Jone Larrañagak, Esther Aizpuruak, Txetxu Urbietak eta Xabier Sukiak. Radio Euskadiko esatari Goizalde Landabasok ere postu finkoa lortu du. Baita Iratxe Etxebarriak ere, zeina Bruselan Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko berriemaile izan den.

Irailean oposizioak gainditu dituzten beste zazpi esatarik hartuko dute irratian tokia. Eta datorren urtean beste hamarrek.

Teknikarientzako ere egin zuten lan deialdi publikoa. Lau soinu teknikarik aste honetan hartu dute postua, eta beste bat irailean hasiko da lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.