ARKUPEAN

Aurrea hartzea

Ana Malagon.
2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Nolabait, eta nolabait horrek ertz asko ditu, itxiko dutela jakinarazi duten Interviú aldizkariak Playboy aldizkariaren bertsio espainola izan nahi izan zuen eta ezin. Destapearen azal sexualizatuek finantzaturiko ikerketa kazetaritza jorratzen zuen aldizkariaren formula bera zuen... Hugh Hefner-ik gabe.

Iaz hil zen Hefner, Playboy-aren sortzaile eta iraultza sexuala deitutakoaren protagonistetako bat. Playboy Mansion famatuan hil zen, non bestela. Iruzur baten biktima sentituko nintzateke Los Angelesen su artifizialak botatzeko baimena duen jabetza pribatu bakarrean hil izan ez balitz. Ez dut uste bere heriotza ziurtagiria untxiz jantzitako mediku batek sinatuko zuenik, baina auskalo. 91 urte zituen pipa, bata gorri, zetazko pijama eta irribarre bihurriko gizonak.

Autofikzioak heriotza-oharrari genero iruzurgileenaren lehenengo postua kendu dion garai apokaliptiko hauetan, The Hollywood Reporter-en agertu zen artikulu hura bietatik «onena» hartzen duen beste genero batekoa zen: «hildakoarekin izan nuen harremana» jorratzen duten testuena. Hala ere, klixea primeran betetzen zuelako interesgarria iruditu zitzaidan Hefneren azken urteetako bizitzaren deskribapena. Festaren amaiera, bakardade triste, nostalgiko eta ordenatua eta iraganeko objektuek betetzen zuten orain baten faltak utzitako hutsunea.

Cherchez la femme, eta beti bezala, bota diezaiogun errua berari. Playboy fenomenoa hobeto ulertzen da Millie Williamsek 40ko hamarkadan egin zuenari erreparatuz gero. Hugh Hefner II. Mundu Gerran armadan zebilen bitartean, Millie Williams bere betiko neska lagunak abentura bat izan zuen eta hala aitortu zion, 1949an berarekin ezkondu baino lehen. Urteak beranduago, Hefnerrek bere bizitzako unerik gogorrena izan zen hau gogoratzean, neska lagunak sexuan berak baino eskarmentu gehiago izateak mindu zuela aipatu zuen. Ez traizioak, ez beste norbaitengatik desira sentitu izanak. Aurrea hartu izanak baizik.

Mina nabarmena izango zen eta Hefner egozentriko astun bat, errudun sentitzen zen Millie Williamsek bere senarra beste emakume batzuekin sexu harremanak izatea onartu baitzuen, 1959an dibortziatu ziren arte. Ordurako Williamsek berak izendatzen lagundutako Playboy aldizkaria martxan zen. Marilyn Monroek, gogoz kontra, azaleko neska titulua estreinatu zuen 1953ko abenduan. «Simbolismogatik»Hefnerrek 90eko hamarkadan Monroeren aldameneko hilobia erosi zuen. Han dago orain, bizilagunaren gogoaren kontra ziurrenik.

Chicagoko familia kontserbadore batean hezi zen. Bere amak misiolari metodista izatea nahi zuen, baina amak horrelakoak direlako (amak horrelakoak egiten ditugulako), Playboy aurrera ateratzeko dirua jartzen bukatu zuen. Semea XX. mendeko pertsonaia nagusietako bat bilakatu zen, eskubide zibil, adierazpen askatasun eta askatasun sexualaren ikur eta aldi berean, eta batez ere, abusu historial luze bat zuen emakume-objektu modernoaren sortzaile kontzeptuala.

Current Affairs-eko editorialean zioten Hefnerren munduan sexua zerbait mekanikoa zela, kuantitatiboa, benetako gozamenik gabea. Inork aurrea ez hartzeko moduko harreman kopurua izan zuen: garai batean zazpi neska lagun izan zituen aldi berean eta bizitzan zehar mila emakumerekin baino gehiagorekin eta hainbat gizonekin oheratu izanaz harrotzen zen. Ez, ez zituen abortua eta pilula hartzeko eskubidea emakumeen askatasunaren izenean aldarrikatu, bera bezalako gizonezkoen ondoriorik gabeko askatasuna bermatzeko baizik. Depredatzaileen bizirauteagatik.

Baina bizirautea ez da betiko bizitzea eta badirudi Hollywoodeko depredatzaileei bere momentua heldu zaiela. Ea zenbat denborarako. Ea zenbat mito hiltzen diren. Eta ea, bidean, iruzur-heriotza-ohar zintzoagoak irakurtzen ditugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.