elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Ahuleziaren aitorpena

2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Procés-aren egun gori haietan behin eta berriz etortzen zitzaidan burura Kataluniako jendearen egunerokotasunari buruzko kezka-galdera: nola bizi ote zitezkeen mobilizazio etengabeko giroan, agenda bilera, bilkura eta manifestazioz beteta. Nola prozesatu ote zezaketen horrek guztiak zekarren karga mental eta emozional ikaragarria.

Aurrean zebiltzan eragile eta politikariei buruz, berdin: zein tentsio maneiatu behar zituzten, nolako erreakzio gaitasuna behar zuten arrapaladan zetozen ezusteko gertakizun eta egoeren aurrean. Pentsa, buruzagietako batzuk espetxeratu zituztenean, imajinatzen nituen nolabait arnasa lasatuta, atsedena hartzen, atseden behartua eta giltzapekoa izan arren.

Puigdemontena, garbi zegoen hasieratik ez zela urrezko exilioa izango. Asteak eta hilabeteak aurrera joan ahala, egunez egun frogatu da Brusela, Europar Batasunaren egoitza nagusia, Estatuen gotorlekua dela eta ez disidenteentzako lurralde abegikorra. Europako erakundeetako buruzagiek bizkar emanda, persona non grata gisa tratatu dute amarruz kargugabetutako presidentea. Entzungor egin diote, Batasuneko hizkuntza ofizialetatik hirutan zabaldu arren bere mezuak. Gutxietsi egin dute gizona eta, bide batez, berak ordezkatzen duen herrialdea.

Agian gure garaiko emakumeoi txertatu ziguten betiereko zaintzaile sindromearen eraginpean egongo naiz... Kontua da hilabeteotan gertutik erreparatu diodala Puigdemonten bisaiari argazkietan eta telebistako irudietan: zurbiltzen ari ote zaion azala, aurpegiera mingosten, ile zuriak ugaritzen kalparrean. Ondo liseritzen ote ditu etxez besteko janariak? Orfidalik behar ote du lotarako? Ze gizona suntsitzeko makina etengabe dago martxan, dardo pozoitsuak jaurtiz.

Azken erasoa TelecincokoAna Rosa Quintanari bere bizitzako esklusiba gorena eman dion filtrazioarekin etorri da. Betaurreko politikoekin begiratuta, ezin ukatu kolpe galanta izan dela. Betaurreko humanoak jarriz gero, aldatu egiten da ikuspegia. «Gizakia naiz, eta une batzuetan nik ere zalantza egiten dut», idatzi du, berehala, zelatatutako mezuen egileak. Zalantzak dakarren ahuleziaren aitorpen hori, behartua eta atakatik irteteko egindakoa izan arren, ez da gutxiestekoa. Politikan jardun ahal izateko supermanez mozorrotuta ibili beharrari kontrajarri egiten zaio; dogmakeriari koska bat jaten dio. Herritarrak heldu gisa tratatzen ditu.

«Sóc periodista» esanez hasi zuen Puigdemontek filtrazioari emandako erantzuna. Eta segidan: «...beti ulertu dut mugak daudela, pribatutasunarena bezala, eta inoiz ezin dira urratu». Kazetaritzako eskoletan irakasten den deontologiako lehen ikasgaietako bat da hori; zoritxarrez, behin eta berriz zanpatua izateko apropos egina dirudiena gaur egun. Kasu honetan, ez dateke kasualitate hutsa Telecinco bezalako kate bat egotea tartean. Goebbelsen espiritua sare sozialen eta pantailen garaira egokituta.

Estrategia hori sartzen da Tania Verge zientzia politikoetako doktoreak «gerra psikologikoa» deitu duen horretan (BERRIA, 2018-02-01). Demokraziaren zorua jo eta txikitzearekin batera, subiranismoaren komunitatea birrintzeko erreminta kaxa erraldoia daukate zabalik Espainiako erresuman, etengabe berriztatzen duten argibidetako eskuliburu eta guzti. Hurrengo urteetan ez zaie faltako gizarte zientzietan aritzen diren ikertzaileei azterketetarako materiala.

Espainiako botere faktiko guztiek bat eginda eta armak ondo zorroztuta diharduten bitartean, ez da erraza antzematen Kataluniako alderdi subiranisten azkenaldiko ibilbide zalapartatsu eta traketsa nondik nora joango den. Elkarren artean talkan eta sigi-sagaka, noraeza ari dira marrazten. Ez al dute alferrik galduko orain arte metatu duten jakinduria politiko kolektiboa, ez ikusiarena egiten dien Europa horrentzat eredugarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.