elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Amnesia programatua

2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Maite zaitut, Euskadi, eta alferrik da
ez zaitudala maite oihukatzen badut
ohera naramazu gauero zurekin
maindire odolduek irentsi nazaten.

Horrela bukatu zuen Xabier Letek Aberri ilunaren poema. Elurra ikusi dut liburutik jaso dut, Koldo Izagirrek Leteren poesiarekin osatutako antologiatik (Elkar, 2017). Poema hori lotzen da aspaldiko Euskalerri nerea oinazetu harekin. Dakidala, Letek ez zuen sekula ETA esplizituki aipatu bere poemetan; hala ere, hor dago presente gatazkaren testuingurua, konstante baten bidez adierazita: herria maite nahi eta ezinak dakarkion ezinegona.

Konstante bat izan da, baita ere, euskarazko literatura egiten duten idazleek gaztelaniazkoa egiten dutenengandik eta horri bakarrik jaramon egiten diotenengandik pairatu izan duten salaketa: ez direla busti gatazkan. Iban Zalduak Fernando Arambururen Patria nobelaz idatzitako kritikan (Viento Sur aldizkaria, 2017) baieztapen hau egiten du: «Euskal gatazka da, aspaldidanik, euskaraz egiten den euskal literaturaren tradizioetako bat». Hori frogatzeko, Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro nobelatik hasi eta zerrendatzen ditu Saizarbitoria beraren Hamaika pauso eta Martutene, Aingeru Epaltzaren Ur uherrak, Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria, Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean, Jokin Muñozen Bizia lo, Harkaitz Canoren Twist... Horiek eta beste batzuk daude Zalduaren zerrendan, nahiz eta ez dituen den-denak izendatzen. Adibidez, berak idatzitako Euskaldun guztion aberria, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua, Anjel Lertxundiren Zorion perfektua edo Koldo Izagirreren Franco hil zuten egunak. Kontua da euskal idazleek ez dutela beste aldera begiratu tiroek, bonbek eta sirena hotsek markatutako garaian. Eta asmatu dute zorigaitzetik literatura engaiatua bezain ederra sortzen, askotariko ñabardurekin. Fikziotik kanpora, Joseba Zulaika antropologoaren Violencia vasca: metáfora y sacramento (Nerea, 1990) mugarria izan zen ohartzeko gatazka analizatu zitekeela antzuak gertatzen ziren parametro politikoez gaindiko ikuspegietatik ere.

Beste diziplina batzuek ere islatu dute gatazka. Zinemagintza garaikidearen lehen urratsetan, hortxe dauzkagu Imanol Uribek zuzendutako Burgosko Prozesua eta Segoviako Ihesa, edo Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak. Kantagintza oparoa izan da, Imanol Lartzabalek abesten zuen Ez jaia, ez dantza hartatik hasi eta Mikel Laboak Sarrionandiaren poemarekin osatu zuen Oroitzen zaitudanean ama kantaraino. Arte plastikoetan, ahaztezina Juan Luis Goenagak 1977an egin zuen Encapuchados/Aurpegi estaliak saila. Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa eta Iñaki Olazabalek Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzan daukan obra indarkeriaren kontrako aldarri ozenak dira. Oroimenean, Kepa Arizmendi pintore baztandarrak ETAko militante ohia bera irudikatu zuen mugalari hura: basoan eserita, norbaiten zain. Legenda hutsa ote da Oteizak Arantzazuko Pietatea Etxebarrietaren amarekin lotu zuela? Koldobika Jauregiren Arbolaren Egia eskulturak jarri du azken aurreko puntua; azken-aurrekoa, ze, egunkari honetan argitaratzen ari den Bukaera sortzen sailak idazle eta artisten gogoeten jarraipena erakusten du.

Gatazkaren itzalean garatutako ondare kulturalari buruzko inbentario inpresionista hau egitera ausartu naiz ETAren desegiteak eragin duen olatu ikonoklastak bultzatuta. Hainbat jenderen ahotan entzun dira egun hauetan: «ETAk ez zuen existitu behar» eta antzekoak. ETAk historiako liburuetan lauzpabost lerro besterik ez dituela beteko ere irakurri dugu (Iñigo Urkullu, El País, 2018-05-03). Eneko Goia Donostiako alkateak esana du Txillardegik merezi duen aitorpen publikoa egiteko «arazoa» dela hura ETAren sortzaileetarikoa izatea (Euskadi Irratia, 2018-01-18). Tabuaren eta amnesia programatuaren zorutik abiatuta, nekez eraiki ahal izango ote den bizikidetza taxuzkorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.