Ana Malagon.
ARKUPEAN

Ilea besterik ez da

2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ilea tindatzen hasi nintzen duela urte batzuk. Egingo ez banu, eta tentazioa oso handia da alfer hutsa naizelako, nire buruko ia ile guztia zuria izango litzateke. Ez guztia, «ia ile guztia» esan dut. Jendeak irudi hori izango luke, ordea, erabat ilezuria naizela. Gizonezkoa banintz, «zilarrezko azeri» erakargarri bat izateko hautagaia izango nintzateke dagoeneko, titulua jasotzeko inolako aukerarik gabe, noski. Horren ordez, dirua gastatu behar dut, bi hilabetean behin gutxigorabehera, zilarrezko mofeta bat ez izateko. Ilea tindatuko ez banu, ezagutzen ez nautenek naizen baino zaharragoa naizela pentsatuko lukete. Ezagutzen nautenek, zerbait gertatu zaidala. Katuen artean bizi naizela orain. Bakarrik hitz egiten dudala. Ez dudala inor aguantatzen.

Ilea besterik ez da, eta, era berean, gertatzen zaiguna gure ileari gertatzen zaio.

Antzezleku txiki bat da gure buruaren larruazala eta ez da beti erraza bertan gertatzen dena ulertzea. Ilea erortzen zaigunean, adibidez. Hasiera batean, urtaroaren kontuak direla uste dugu. Edo estresa eta kezkak direla eroritako ilearekin batera isurbidea trabatzen ari den hori. Odol analisiek burdina falta zaigula diote baina ez eskutan hartu eta gauzak txikitzeko balioko ligukeen burdina, bestea baizik, analisien emaitzetan bakarrik existitzen den metal abstraktua. Azkenean, hustubideen inguruan pilatutako ileak jasotzeko makurtzeko sasoia baino gehiago, morala falta zaigu.

Ilea besterik ez da, eta, era berean, gure ilea den hori gara.

«Natural hair» edo «kinky hair» deitzen zaio gaur egun baina beste izen batzuk ere jaso ditu beltzen ile kizkurrak. «Nappy hair» erabili izan da gutxiespenez. Guk «afro» esan izan diogu eta ez zait iruditzen beti modu on edo neutroan egin dugunik. AEBetan emakumeen %98k ilea lisatu (eta hondatu) du noizbait plantxa beroak edo produktu kimikoak erabiliz. Bertako Gerra Zibilaren ostean, emakume beltzek ilea lisatu behar izan zuten sozialki eta profesionalki onartuak, zuriagoak, izateko. Esklabotza ez zen amaitu, bere forma aldatu zuen, AEBetan eta beste toki batzuetan ere bai. Urtarrilean emakume bati Londreseko Harrods-en lana lortzeko ilea lisatu zezan agindu zioten. Sonatua izan zen iaz ile naturala eramatea debekatzen zien ikastetxeko arau arrazisten kontrako Hegoafrikako neska talde baten protesta. Mugimendu sozialek hartzen dituzten izenen artean, jasotako irainenak izaten dira nire gogokoenak. Gaur egun hori ere bada «nappy hair». Mugimendu bat.

Ilea besterik ez da, eta, era berean, norbaiten ilea da.

Nire ezagun batek ilea txirikorda txikiekin jaso zuen hogei urterekin, bereganaketa kulturala zer zen ez genekiela. Jakin gabe jarraitzen dugula uste dut, edo, gutxienez, detektatzeko zailtasunak ditugula. Gure txirikordak doakoak dira. Kultura batetik datorren sormena kultura horretakoek ordaindu behar izaten duten prezio sozialik ordaindu gabe soinean eraman ahal izatea, pribilegio bat da. Uste dugun baino arruntagoa den pribilegio bat da aspertu bezain pronto aldatzea, eta bidean lapurtu ditugun estetiken jatorri, testuinguru eta esanahiei indiferente izatea. Kardashian-ak ditugu gure baitan.

Ilea besterik ez da, eta, era berean, hil ondoren gugan bizirik jarraitzen duen gauza bakarrenetakoa da.

Ez da egia. Lehenago azaldu izan balidate, haurtzaro beldurti baten gau insomne batzuk aurreztuko nituzkeen. Gure ehunak uzkurtu egiten omen dira, ile zati luzeagoak agerian utziz. Hil ostean, gure gorputza gero eta txikiagoa delako da gure ilea garenaren zati handiago bat. Beraz, hiltzen ari naizela, nire arima salbatzeko apaiz baten ahalegin antzuak baino, probetxugarriagoa izango da ileapaintzaile batek puntak apur bat txukuntzea. Eta marra alde batera, ahal bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.