Ana Malagon.
ARKUPEAN

Gugan dagoen onena

2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Emakume bat dago Donostiako Kursaaleko alfonbra gorriaren gainean. Ez da ezaguna, ezagunak ez diren pertsona ezagunen itxura hori du, besterik gabe. Norbaitek argazki bat atera dio. Beste batek bere koadernoa luzatu, sina dezan. Baina emakumeak ez daki nor den. Argazkia atera duenari galdetu beharko lioke, horrek jakingo du norekin konfunditu duen.

Bitartean, ilara batek kubo txikia azpimarratzen du.

Alemaniako lagun batek esan zidan Donostian bizi zenean gehien harritu zuen gauzetako bat ilarak egiteko dugun teknika aurreratua izan zela. Alemanian, alderantzizko V formazioan egiten omen dituzte, eta eskuadroi itxura duten arren, ez dira hain eraginkorrak. Gurean, banan-banakakoak dira, penitentzia indibidualak eta exhibizionistak. Akatsak ditu sistemak, baina funtzionatzen digu. Gutxi gorabehera.

Berandu helduko den lagunaren zain daudenak urduri jarri dira ilara mugitzen hasi denean. Lepoa luzatzen dutenak direlako jakingo duzu nor diren. Azken unean barkamena eskatzen agertzen da laguna, elkarrekin sartu ahal izateko eskua luzatzen diote, fuerte heltzeko leialtasunari. Berandu heltzen direnak salbatzea ez dugu besteengan onartzen, guztiok egiten dugun arren. Ilaran atzean daudenek bidegabekeria handi baten aurrean dagoenaren aurpegia jarri dute. Herri honetako ikasketa zentro ez-ofizialetan ematen den ilarak egiteko ikastaroan ikasten da «bidegabekeria handien aurrean jarri beharreko aurpegia» jartzen, «nola hitz egin ahopeka pasibo-agresiboki, mundu guztiak entzuteko moduan» ikasgaiarekin batera.

Ikastaro honen praktikak egiteko oso leku egokia da Zinemaldia.

Emanaldi bakoitzean badago erreserbaturik dauden eserlekuen kopurua zenbatzen duen norbait. Politikarientzat gordetako lekuak direla dio kondairak, baina ez ditu inork inoiz ikusi gala berezietan izan ez bada. Zinemaldian, ez dago aretoan sartzerik pelikula behin hasiz gero. Hutsune antzuen inguruko marmarra hasten da orduan, norbaitek isiltasuna eskatzen duen arte.

Bi orduk igaro behar zuten, eta bi ordu igaro dira.

Izpiritu kritikoa zain dago kanpoan. «Esan nizun ez zaizkidala pelikula eskandinaviarrak gustatzen», aurpegiratu dio gizon batek horrelako iritzi bat adierazi arren oraindik dibortzioa eskatu ez dion emazteari. Aurpegiratzeak izan dezala topiko suediarren kalitatea bederen: elkarrizketa gutxi eta emoziorik ez. Senarrak ez dio filmari buelta gehiago emango, bere bizitzaren antz handia duela ondorioztatuko luke bestela. Inkomunikazio nordikoaren estetika hotz eta zurrun hori duela bere aurrejubilazioak. Ez du gogorik. Ardo bat hartu nahi du eta gero beste ardo bat ere bai eta etxera heldu azkenean.

Festa baterako jantzi den gazte batek eskuinetik aurreratu ditu etxerako bidean doazenak. Garaiz dabil baina presaka. Udazkena da, ez du udako usainik goxoena den Aftersunaren arrastorik uzten. Urre kolorekoa eta beltza da gonbidapena. Festaren sarreran zuhaitz genealogikoa eskatuko beharko lukete, statusa adierazteko. Familia disfuntzionalen hirugarren belaunaldiak, aurrera. Absolutismoak aspaldi utzi zion gure nondik norakoak azaltzeari. Meritokraziatik gutxi duen sistema honetan, batek ez daki zer egiten duen hor dagoen horrek festa honetan, baina oso ziur dago zergatik merezi duen norberak bertan egotea.

Egunsentian bakoitza bere ohe gainean jantzirik egongo da. Ez da inor piszina batean hilik aurkituko, buruzbehera flotatzen, aldamenean champaigne kopa bat nabigatzen duela, beste kopa batek, hutsik, belarrari zaporea ematen dion bitartean.

Bihar, ez du inork gaurko istoriorik gogoratuko. Ez hurrengo urtean iazkorik. Eta hala ere, urtero pentsatzen dut Zinemaldia Donostiari gertatzen zaion gauza on bakarrenetakoa dela. Gugan dagoen onena ateratzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.