Nada Mohammed. Hosni Mubaraken aldeko ekintzailea

«Egipton jendea ez dago prest demokraziarako»

Gobernu zibil bat izateko saioa «ezbehar bat» izan dela eta militarrek agintzen jarraitu beharko luketela uste du ekintzaile gazteak. Hosni Mubarak aske uztea zilegi iruditzen zaio.

Ane irazabal
Kairo
2013ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Hosni Mubarak presidentea bota zutenetik Egiptok okerretik okerragora egin duela uste du Nada Mohammed ekintzaile gazteak (Kairo, 1992). Horregatik ekin dio Sentitzen dugu, presidente jauna kanpainari. Diktadore ohiaren irudia «garbitzeko» helburua duen mugimendu berri horrek 1,5 milioi jarraitzaile ditu, eta estatu kolpe militarretik indarberrituta atera da. Mohammedek ez du ukatzen feloul gisa ezagutzen diren erregimen zaharreko gazteak ordezkatzen dituela, eta harro aldarrikatzen du uste baino gehiago direla. Mohammeden hausnarketa, ordea, «Mubarakekin hobeto bizi ginen» esapidetik haratago doa. Itzulinguruka ibili gabe, egiptoar askok pentsatu bai baina esaten ez dutena azaldu dio BERRIAri.

Uztailaren 3ko estatu kolpetik Hosni Mubaraken aldeko hainbat talde itzuli zarete jokaleku politikora.Zergatik?

Gu ez gara inoiz desagertu, baina agian orain hedabideek lehen baino tarte handiagoa eskaintzen digute. 2011ko protesten ostean, gizarteko marjinatuak bagina bezala zokoratu gintuzten, baina uste baino gehiago gara. Mubaraken aldeko taldea sortu genuenean, gure iritziak arbuiatu zituzten. Orain, ordea, 1,5 milioi jarraitzaile baino gehiago ditugu.

Bestalde, niri ez zait estatu kolpe adierazpidea erabiltzea gustatzen; izan ere, militarrek kalera atera ziren 30 milioi herritarren nahiak entzun eta bete zituzten.

Hain zuzen, aldarrikapen horiek Tamarrud kanpainak ordezkatu zituen.Egunotan entzun dugu erregimen zaharreko kide bat baino gehiago dagoela mugimenduaren barruan. Zer irizten diozu?

Ez da egia. Egiptoarroi izugarri gustatzen zaizkigu konspirazio teoriak. Tamarrud, Mohamed Mursiren aurkako haserrea erakusteko adierazpen bat izan zen. Alta, bere helburua lortu ostean, mugimendua desegin egingo dela uste dut. Pentsamendu eta ideologia askotako pertsonak daude barruan, eta, beraz, ez du zentzurik mugimendu politiko bat bilakatzea.

Militarrek urteetan agindu dute Egipton. Mubarak bota ondotik, demokratikoki aukeratutako gobernu zibil bat izan duzue urtebetez, baina hori ere militarrek kanporatu dute. Armadak ez al du botere politiko handiegia?

Kanpotarrentzat zaila da ulertzea, baina, egiptoar gehienontzat, gure instituzio nagusiena da armada. Harro sentiarazten gaituen eta herritar guztiak batzeko gai den sinbolo bakarra dela iruditzen zait. Segurtasuna eta egonkortasuna ematen digute militarrek, eta nazionalismo egiptoarra ordezkatzen dute.

Egia da egokiena gobernu zibil bat izatea izango litzatekeela, baina goizegi da horretarako. Anaia Musulmanei aukera bat eman genien, eta ezbehar bat izan zen. Demokraziak bere bidea egin dezan, herritarrek oinarri bat izan behar dute. Oraindik ez gaude prest.

Baina bidea prestatzea agintarien ardura da. Zer iritzi duzu behin-behineko gobernu militarrari buruz?

Egiptoarrak ondo ordezkatzen ari dira. Nik ez dut zalantzan jartzen Anaia Musulmanak demokratikoki aukeratu genituela, baina agian ez zen momentua. Arazoa da boterean dagoenari ez zaiola interesatzen demokraziaren benetako balioak zabaltzea, bere interesen kontra doalako. Nik argi diot oraindik ez dudala demokraziarik nahi. Tamalez, beste askok ere gauza bera pentsatzen dute eta ez dira esatera ausartzen.

Halere, Al-Sisi oso trebea da, eta ondo baino hobeto daki politikaren nondik norakoak kudeatzen. Presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztuko balitz, nire botoa emango nioke. Ez dut zalantzarik hauteskundeak irabaziko lituzkeela.

Babesten al duzu Al-Sisiri bozetara aurkezteko eskatuko dion sinadura kanpaina?

Bai, noski, sinatu dut. Baina ez dut uste onartuko duenik. Egun Egipton inork ez du presidente izan nahi. Oso egoera larrian gaude, eta Al-Sisiren ospea biziki kaltetuko litzateke presidente izango balitz. Militarrek itzalpean agintzen jarraitzen dute eta nahi dutena daukate. Ez dute gobernuaren buru izateko beharrik.

Agian, milioika egiptoarrek hala eskatzen badiote, onartu egingo du. Al-Sisi herriarekin batera doa, eta gizartearekiko ardura handia du. Nork daki, ikusiko dugu Kamel Gemilakoak zenbat sinadura lortzeko gai diren.

Militarrek argi utzi dute haien bidea: Anaia Musulmanen kideak atxilotu, eta Mubarak kartzelatik atera. Zergatik ez du inork protesta egin?

Egiptoarrek borrokatzeko beste arrazoi batzuk dituzte orain: segurtasuna, langabezia, terrorismoa... Mubaraken erregimena ez zen paradisu bat, baina okerretik okerragora joan gara. Bestalde, herritar gehienon arabera, Mubarak agure zahar bat besterik ez da, eta bere aroa amaitutzat jotzen dugu.

Mubarak bere ohean hil beharko litzatekeela uste duzu zuk, baina bere kontrako karguak ez dira asmakizun bat. Zaila dirudi aske geratzea...

Mubaraken aurkako epaiketak hipokresia hutsa iruditzen zaizkit: ustelkeria kasuak eta 2011ko protestetan hildako manifestarien erantzukizuna. Hain zitala izan balitz, zergatik ez dute 30 urteko gobernualdian egindako gehiegikeriengatik epaitzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.