Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Bilbao Sinfoniettak eman die hasiera Musika Garaikideko Zikloko kontzertuei

Ensemble Sonido Extremo, Quartetto Maurice eta Sigma Projecten saioak ere hartuko ditu zikloak, 11n, 17an eta 24an, hurrenez hurren

Sigma Project laukotea izango da azkena jotzen. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Erredakzioa
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Urtero, Musika Hamabostaldiko proposamenik berritzaileenak bildu ohi ditu Musika Garaikideko Zikloak. Aurten, Gabriel Erkoreka euskal konpositorea izango du ardatz, eta lau kontzerturekin osatu dute programa. Atzo eman zuten horietatik lehena: Bilbao Sinfoniettak eman zion hasiera egitarauari, Kursaaleko erabilera anitzeko aretoan —lehen aldiz jo zuen jaialdian—. Erkorekaren Ametsak hiru piezako zikloa osorik interpretatu zuten —hirugarren piezaren erabateko estreinaldia eman zuten—, baita Arnold Schoenbergen Pierrot Lunaire zikloko zenbait konposizio ere.

Hilaren 11n izango da zikloko hurrengo emanaldia: Ensemble Sonido Extremok egingo du. Erkorekaren pieza bat emango dute haiek ere, eta Jesus Torresen, Mikel Urkizaren eta Carlos Rojoren lanekin osatuko dute programa.

Quartetto Mauricek hartuko die lekukoa, hilaren 17an, zikloko hirugarren saioa emateko. Pablo Sorozabal Nazioarteko Konposizio Lehiaketako obra irabazlearen estreinaldia egingo dute, Kurt Egemenen Loquela Codex-ena, eta Helmut Lachenmannen eta Francesca Verunelliren zenbait pieza ere emango dituzte.

Sigma Project saxofoi laukotea izango da azkena jotzen, hilaren 24an; John Cage, Iannis Xenakis eta Nuria Gimenez Comasen lanak joko dituzte, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.