Donostiako Aste Nagusia

Donostia, berriro jai giroan

Bi urteko geldialdiaren ostean, gaur hasiko da Donostiako Aste Nagusia. Union Artesana elkartea izango da 'Artillero' kantatzeko arduraduna, bere 150. urteurrenean. Kaian, bestalde, Bilgune Feministak botako du piraten txupinazoa, hogei urte bete ditu eta, Donostiako Piraten gisan.

Onintza Mokoroak jaurtiko du Aste Nagusiari hasiera emango dion kanoikada, gaur. GORKA RUBIO / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Donostiak bi urte igaro ditu kanoi hotsik entzun gabe, eta gaur izango du aukera berriro ere festari hasiera ematen dion hots berezi hori entzuteko. 19:00etan izango da kanoikada, Alderdi Ederren, eta, aurten, Union Artesana elkarteko kideak izango dira protagonista. 150 urte bete ditu aurten elkarteak, eta Artillero abesteko aukera izango dute.

19:00etan hain justu, kaian, Ezkila eta Mattiri ongietorria egingo diete, Donostiako Piraten ikurrei. Ondoren, Flamenka gunean, txupinazoarekin, eurek prestatutako jai alternatiboak hasiko dituzte. Hogei urte dira Donostiako Piraten mugimendua sortu zela, eta, urtez urte, handituz joan da. Hain urteurren bereziko txupinazoa botatzeko arduraduna, Piraten gisan hogei urte bete dituen talde bat izango da: Bilgune Feminista.

Munduko zortzi su etxe lehiatuko dira Su Festen Nazioarteko Lehiaketan, tartean Ukrainako Dance of Fire Fireworks. Gaur, Arabako Valecea su etxearen txanda izango da. Saguesen, bestalde, motako guztietako artistak izango dira; Izaroren txanda izango da gaur, eta Zetak eta Gatibu taldeak ere izango dira datozen egunetan.

Gaurtik datorren larunbatera arte, eskulangintza azoka izango da Gabiltza elkarteak antolatuta, Zuloaga plazan. Kursaaleko terrazan, Aste Nagusi osoan, eskaintza gastronomiko zabalaz gozatzeko aukera egongo da Zurriola Street Fooden. Munduko askotariko zaporeak dastatzeko, hamahiru janari furgoneta egongo dira. Easo plazan, bertso saioak izango dira nagusi: abuztuaren 15ean, 17an eta 19an, 12:30ean. Andoni Egaña, Sustrai Colina, Unai Gaztelumendi eta Amaia Agirrek parte hartuko dute, besteak beste.

Festak hiriko 30 gune hartuko ditu, eta, aurten, berrikuntza gisa, Urumea Jai Giroan ekintza egingo dute. Abuztuaren 15ean, 17an, 18an eta 19an, 16:00etan, bisita gidatuak egingo dituzte ibaian. Gainera, antzezlan bat eta ibaiaren garbiketa ere egingo dira. Astelehenean eta asteartean, 100 metro luze izango den txirrista erraldoi bat jarriko dute Kursaaleko Zurriola terrazan, haurrentzat eta helduentzat.

Hogei urtez jai herrikoiekin

Hogei urte igaro dira Donostiako gazte batzuek garai hartako jai ereduaren inguruan eztabaida sortzeko lehen abordatzea egin zutenetik. Udaletxea abordatu zuten lehen aldi hartan, eta, urtez urte, handituz joan zen ekinaldia. Hasieran ekintza bakar bat zen hura aste osoko egitarau bilakatu zen.

Egitarau komun bat sortu dute piratek, baina mugimendua osatzen duten hamar kofradiek ere badute egitarau propioa. Flamenka gune nagusian ez ezik, Urgullen, kaian, Txantxarreka eta Letaman gaztetxeetan, eta Txofre eta Trinitate plazan ere izango da festa. Azken honetan, proposamen txikiagoak izango dira: kontzertu eta bertsoez gain, afariak emango dituzte egunero.

Kofradien bazkariekin hasiko dute gaur eguna piratek, eta kofradia bakoitza kalejiran aterako da, Kursaalean elkartu arte. Handik, kairaino joango dira. Gauean, Laiotz taldearen kontzertua izango da Flamenkan. Gainerako egunetan, mota guztietako musika entzun ahalko da han. Adibidez, Physis vs Nomos —aurtengo urteurrenaren kantaren egileak— Zea Mays, 3 Gabe 2, Alargun beltzak, Skakeitan talde donostiarra, eta Ezpalak taldea.

Donostiako Piratek azaldu dute pirata guztiei ekintza guztietara joateko modua emango zien egitarau bat sortu nahi izan dutela. Abordatzea eta Piraten Eguna hartu dituzte, besteak beste, egun garrantzitsutzat.

Abordatzea astelehenean izango da, eta 09:30ean hasiko da baltsen muntaketa. Bazkaltzeko etenaren ostean, uretara salto egingo dute, 17:00etan. Piraten Eguna abuztuaren 17an izango da, eta Flamenkatik abiatuko den kantujirarekin hasiko da. Herri bazkaria egingo da ondoren, eta, bazkalostea girotzeko, bingoa eta play-back txapelketa egingo dituzte. Arratsaldean, Distopia elektrotxarangak alaituko ditu kaleak.

Piraten egitarauak egun bat gehiago iraungo du, abuztuaren 20an egin ordez, 21ean ixten baitute Aste Nagusia. Irrikitaldia izango da Donostiako Piraten azken ekintza. Gazteek eta helduek belle époque garaiko jantziak jantziko dituzte. Piraten izaera lotsagabe hori alde batera utziz, hiritar fin eta elegante bihurtuko dira. Ironiatik abiatuz, urte osoan hiriko alkateak hartutako hiru erabaki omenduko dituzte, eta festa giroan borobilduko dute euren Aste Nagusi propioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.