Lau eta erdiko txapelketa 

Sortu edo produzitu

Mikel Urrutikoetxeak eta Jokin Altunak lau eta erdiko finala jokatuko dute gaur, Bilbon. Zaratamokoa da faborito garbia apustuetan, 100-60ri, eta Amezketakoak gustura hartu du egoera hori presioa gainetik kentzeko

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Artistaren eskuak ez daude eginda torlojuak kentzeko. Pintzela erabiltzeko eginda daude, maratilarentzat baino gehiago. Baina makina bati aurre egin behar dionean, artearekin ez da aski. Mekanismoen oinarria logika da, eta horiek desmuntatzeko inspirazioa baino gehiago behar da. Eta hori da, hain zuzen, Jokin Altunak gaur duen erronka. Mikel Urrutikoetxea mekanismo ia perfektuari egin beharko dio aurre Bilbon, lau eta erdiko finalean, eta, horretarako, musen bisita jasotzeaz gain, sufritzeko prest ere egon beharko du, aurkariak ez duelako hutsik egingo.

«Pilota mundu guztiak Urrutikoetxea faborito dela esaten badu, zerbaitegatik da. Nik ere hala uste dut, baina oraingoz 0-0 goaz, eta, nirea ematen badut, edozeini irabazteko gai naiz». Altuna III.a hala mintzatu zen ostegunean, pilota aukeraketan. Esaldi bakarra aski da gaurko finalaren testuingurua azaltzeko. Izan ere, Urrutikoetxeak maila bikaina eman du txapelketa osoan; «beti ematen du %80», nabarmendu zuen amezketarrak. Nagusitasunez irabazi ditu jokaturiko lau partidak, asko jota hamalau tanto jasota, eta irudi horrek uste gehienak bere alde jarri ditu. Apustuek Urrutikoetxea joko dute faborito: 100-60ri edo alde handiagoarekin, eta hori eskuin eskuko hatz erakuslea pitzatua duela kontuan hartuta.

Altuna III.a, baina, logika guztiak hankaz gora jartzeko kapaza da. Iazko finalean ere 100-60ri izan zituen apustuak aurka, eta tanto bakarragatik galdu zuen Oinatz Bengoetxearen aurka Gasteizen. Hori du artista izateak, baina Altunarena ez da inspirazio kontua bakarrik: talentu eta lanaren uztarketaren ondorio da. Duela hiru urte eta erdi egin zuen debuta, eta bere bilakaerak ez du etenik izan. Lehen urteetan garesti ordaindu zuen gihar-hezurrezko bere aldamioan ahultasuna, baina berehala aurkitu zuen arazoaren muina, eta lan fisikoan zentratu zen. Emaitza? Agerikoa, sei kilo gehiago, pilota mugitzeko erraztasuna eta errendimendu askoz hobea defentsa lanean.

Arlo fisikoari erreparatuz gero, baina, Urrutikoetxearen bilakaera nabarmendu behar da. 69 kilorekin egin zuen debuta, 2009an, eta 84 ditu orain. Hamabost kilo gihar, horietatik bi heren azken bi urteetan hartuak. Tarte horretan, azken hiru urteetan,Urrutikoetxea izan da lau eta erdian hobekien jardun dena. Debutatu zuenean kolpea zuen, baina urte luzeetako bilakaera teknikoa harrigarria da. Iurretako pilotalekuko ilunpean jotako milaka eta milaka gantxoen fruitua da. 2015ean txapeldun izan zen, iaz finaletik tanto batera gelditu zen, eta aurten berriz ere txapelerako lehian dago. Piloteoan nahi bezala agintzen du, baina bere sekretua defentsan dago, sakeak errestatzeko eta zabaletik pilotak bueltatzeko abilezian. Inork ez dio zulorik aurkitu orain arte, eta, gainera, ez da urduri jartzen. Makina bat da, arrakasta eta jokoa produzitzen dituena.

Bolada loriatsu horretan bi aldiz jokatu du Altuna III.aren aurka lau eta erdian, eta bietan alde handiz irabazi dio. Aurten, final-laurdenetako ligaxkan, 22-12 irabazi zion Lekunberrin (Nafarroa), eta iaz, txapelketaren fase berean, 22-7 Eibarren (Gipuzkoa). Lekunberrin indarrez mugitu zuen pilota, eta Altuna III.a ezinean ibili zen. Bost tanto egin zizkion saketik, eta iaz, lau. Altunak, berriz, bana. Amezketakoak oso ondo sakatzen du, baina zaratamarra oso trebea da errestoan. Altuna III.ak esan du aurkariaren arlo hori miresten duela gehien. Lehia hori da finaleko gako handietako bat.

Urrutikoetxearentzat Lehen Mailako bosgarren finala da, eta lau eta erdiko bigarrena. Altuna III.arentzat, berriz, bigarrena, biak lau eta erdian. Eskarmentua alde du Zaratamokoak, eta finaletan kirioei eusteko abilezia. Altuna, baina, ez da urduria. 21 urte eta bederatzi hilabeterekin jokatuko du bigarren finala, eta duela urtebete jokatu zuen aurrenekoa, 20 urte eta bederatzi hilabete zituela. Alderatzen hasita, Juan Martinez de Irujok 22 urte eta lau hilabeterekin jokatu zuen lehen finala, binaka; eta hiru hilabete geroago buruz burukoa. Aimar Olaizolak 23 urte eta zortzi hilabeterekin jokatu zuen lehen finala. Bengoetxea VI.ak 21 eta sei hilabeterekin aurrenekoa, binaka, eta 24rekin bakarkako aurrenekoa. Azkenik, Urrutikoetxeak 26 urterekin jokatu zuen lehen finala. Alegia, ondo bidean, Altunak etorkizun oso oparoa izango du.

Giro ona, ziurtatuta

Finala Bilbon jokatuko da. Urrutikoetxearen aldeko beste faktore bat da. Pilotaleku kutuna du, sarri entrenatzen da han, eta ezaugarriak egokiak dira bere dohainentzat. Lau eta erdiko lau partida jokatu ditu han, eta denak irabazi ditu. Final bat ere irabazitakoa da han, 2015ekoa. Altunak, berriz, ez du inoiz jokatu han lau eta erdian, baina binaka txukun aritutakoa da. Bilbon jokatuko da, baina Amezketako jenderik ez da faltako. Altunak 200dik gora sarrera erreserbatu ditu, eta Gipuzkoatik sarrera eskaera harrigarria egon da. Buruz buruko finalean ez bezala —2.600 ikusle bildu ziren—, pilotalekua bete egingo da.

Litekeena da urte pare batean Bilbon jokatzen den lau eta erdiko azken finala izatea. 2018ko udazkenean Nafarroa Arena irekitzekoak dira, eta logikoa litzateke final batekin inauguratzea. Ez litzateke harritzekoa izango Urrutikoetxea eta Altuna III.a pilotaleku horretan aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.