Zientzia. ARGI ALDIAN

Beharrezkoak al dira arrak?

Ainara Castellanos-Rubio.
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Partenogenesia edo jaiotza-birjina ernalkuntza mota bat da, zeinean emearen obuluak garatu egiten diren, ondorengoak sortuz, arraren inolako ekarpenik gabe. Horren adibiderik komunena erleen kasua da: erle erregina partenogenesiaren bidez ernaldu daiteke, eta horrela koloniako arrak sortzen ditu, baina, paradoxikoki, horretarako ez ditu arrak behar. Intsektuetan partenogenesia ez da gauza arraroa, baina beste animalia mota batzuetan, arrainetan eta hegaztietan kasurako, oso gertakari bitxia da.

Kaliforniako kondorra (Gymnogyps californianus) desagertzeko arriskuan zegoela, suspertze programa batean sartu zuten. Programaren barruan ikertzaileek animalia horien DNA biltzen eta aztertzen dute, dibertsitate genetikoa ikertzeko eta endogamia murrizteko. Ikertzaileak harri eta zur geratu dira konturatu direnean populazio horretan partenogenesiaren bidez jaiotako bi kondor zeudela. Bi kondor horiek ama ezberdinetatik jaio ziren, eta ohiko ernalkuntzaren bitartez jaiotako anai-arrebak zituzten. Beraz, ez da izan eme bakarrera mugatutako gertakaria edo arrak ez egotearen ondorioz gertatu izan den zeozer. Ikertzaileen esanetan, horrelako zerbait deskribatu den lehenengo aldia da, arrak eskuragarri ez daudenean bakarrik gertatzen baita ernalkuntza asexual hori.

Aurkikuntzak zalantzan jartzen du ea beste espezie batzuetan gauza bera geratzen ote den. Badakigu kondorretan gertatu dela (eta behin baino gehiagotan), populazioaren DNA aztertu izan delako; baina horrelako analisiak ez dira normalean egiten, eta ez dakigu naturan uste dugun baino gehiagotan gertatzen ote den. Zientzialariek ez dute batere argi zein den gertakari horren arrazoia, esan bezala, orain arte uste izan delako arrak inguruan ez daudenean bakarrik gertatzen den zeozer zela. Informazio berri horrekin, adituek uste dute espezie basatiak aztertzean partenogenesi gertaera gehiago topatuko direla. Honek guztiak ezagutza berriak ekar ditzake espezieen kontserbazioaren eta eboluzioaren inguruan.

Puntu honetan, zeuen buruari galdetzen arituko zarete ea giza partenogenesia posible den. Teorikoki posible bada ere, hori gertatzeko probabilitatea zerotik oso hurbil dago, eta, naturak bidea topatuko balu ere, enbrioia ez litzateke bideragarria izango, inpronta genetikoa deituriko prozesua dela eta. Inpronta genetikoa banako baten geneak aktibo egon behar diren edo ez erabakitzen duen prozesua da, genea amatik edo aitatik datorren kontuan hartuz. Beraz, giza emeok, erleak edo kondorrak ez bezala, ezin ditugu jaiotza-birjina hauek eduki, momentuz, gutxienez. Esan bezala, oso gutxi ikertu den gertakaria da, eta, nork daki, agian eboluzioa bide berri bat urratzen ari da...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.