Albistea entzun

SASKI DA!

Ausazko gertaerak, eta beste guztia

Danel Agirre -

2020ko urtarrilak 14

Zientziaren mugak. Estatistika aurreratuen, datu base zehatzen eta oro har egiaztapen enpirikoaren monoteismo garaian, hona hemen ia heresiatzat har daitekeen egia eztabaidaezina: saskibaloi partida eta txapelketa asko zoriak erabakitzen ditu. Kawhi Leonarden joan den ekaineko kanporaketako zazpigarren partidako azken segundoko saskiratzeak ilustratzen du ezerk baino hobeto eragile kontrolaezin hori. Bi aurkarirengandik ihesi, sei metrotik etsi-etsian egindako jaurtiketak eternitatea eman zuen uztai gainean boteka, sarerantz erortzea erabaki baino lehen. Jokalari zoragarri baten ibilbidearen gailurtzat hartuko da lantze hura aurrerantzean, baina, funtsean, txiripa hutsa baino ez zen izan. Tratatuak idatz daitezke jabetza garrantzitsuak eskurik aproposenetan ipintzearen garrantziaz, benetako izarren patxadaz edo tentsioa aulkitik kudeatzeko moduaz. Zientziak dio halabeharra ere neurtu eta sailka daitekeela, eta egoki eraikitako sistema batek guztia azal dezakeela. Baina, gero, Jonathan Rousselleri hogei bider saiatuta errepikatuko ez lukeen miraritxoa irteten zaio, eta Cory Higginsen hirukoari zentimetro bakarra baino ez zaio faltako Bilbo Basket ahoa bete hortz uzteko. Azken bost partidetan bi, sei, bat, zazpi eta bi punturen aldeaz gailenduta sartu dira Espainiako Kopan bizkaitarrak; sarri, aurkariek irabazteko parada bikainak harrika bota ondoren. Aurten tokatu egiten zen.

Kasualitatea ez dena. «Saski Da! lerdo alaenak Bilbo Basketena kasualitate hutsa dela idatzi ez du ba!», asaldatuko zen honezkero zale bizkaitarra, baina ausazko gertakariek saskibaloian duten pisuari buruzko gogoeta baino ez zen atarikoa. Alex Mumbruk eta bere jokalariek ia ezinezkoa zirudiena lortu dute, esan gabe doa: Real Madril, Bartzelona, Valentzia eta Baskoniaren moduko aurkarien kontrakoak azken txanparaino jokatzea, garaipena dadoak botaz ebatzi ahal izateko. Galdu dituen zazpi norgehiagoketan, bakarrean baino ez zen iritsi aukerarik gabe azken bi minutuetara. Hori ez, hori ez da kasualitatea.

Marmartiak mutu. Joan den sasoian, Pablo Lasorekin duela hamarkada bat Donostian gertatutako fenomeno berbera gertatu zen Bilbon. LEB ligaren tranpa guztiak banan-banan libratu eta igoera eskuratuta ere, kapitain ohiaren kualifikazioarekiko mesfidantza nabari izan zen Miribillan, Lasok Gipuzkoa Basketen zaleengandik jasotakoaren traza berekoa —Saski Da! lerdo alaena tartean—. Azken horrek Madrilera egin behar izan zuen, eta Europako inoizko entrenatzaile onenetakoa dela frogatu ahal izan du han. Zorionez, Bilbo Basketen ACB ligarako itzulera hain izan da kolosala, ezen Mumbruk marmarti guztiak mutu laga baititu. Eskura dituen hamabi piezak baliotsu sentiarazi eta guztiak erabiltzeko azaltzen ari den zentzutasuna usaindu ere ez dute egiten ofizioan eternitatea daramaten hainbatek —izenik ez dago eman beharrik hemen—. Azken minutuak gobernatzeko moduak kaotiko samarra dirudi lehen begi-kolpean —Jaylon Brownen banakako jokaldi asko, Balvin eta Lammersekin eskubaloiko aldaketak, sarri elkarrekin ipinita—, baina, patua patu, ezin eraginkorragoa izaten ari da. Eromen horrek metodoa du atzean. Kopako koadroan Real Madril, Bartzelona eta Valentzia tokatu zaizkiola? Tira, hirurei irabazi die sasoi honetan.

Beste hamahiru urte. Bilbo Basketen sailkapenak baditu isilpeko heroiak, Rafa Pueyo ororen gainetik. Joan den sasoiko taldeari eustea erabaki, eta denboraldia hasterako harakiria egitea egotzi zioten hainbatek kirol zuzendariari, LEB eta ACB ligen arteko jauzia berak kalkulatu baino askoz handiagoa zelakoan. Brown edo Lammersen eboluzioa aurreikusi, eta bete-betean asmatu du, ordea. Balvin eta Axel Bouteillen fitxaketak, berriz, jeinuzko maniobrak dira. Laguntzaile eta entrenatzaile moduan emandako hamahiru urteetan denetik bizi izan zuen Pueyok, irteera mingotsa barne. Baina klub orok nahi lukeen behargina da: ezagutza zabala du, leialtasun osoa, eta gremioan lagunak baino ez ditu. Beste hamahiru urteko aroa merezi duten horietakoa da.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Urola Kostako Hitza ©Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'.a, atzo, garaipena ospatzen.

Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.ak jantzi du Euskal Pentatloi Sariaren txapela

Ihintza Elustondo - Urola Kostako Hitza

Ez da sorpresarik izan VI. Euskal Pentatloi Sariaren finalean, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi du txapela; emazteari eta semeari eskaini die garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan da laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.

Jose Luis Zubizarreta. ©Maialen Andres, Foku

«Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Jose Luis Zubizarreta 11 urterekin joan zen Azpeititik Valentziara, bakar-bakarrik, eta Azpeitia-Azkoititik Donostiarako saskibaloi bidea egin du orain, 62 urterekin. Proiektua biziberritu nahi du.

Osasunako jokalari Chimy Avila eta Ivan Rakitic Sevillakoa, baloiaren lehian, atzo, Sadarren, Espainiako Ligako seigarren jardunaldian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Frustrazioaren gatibu

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak hobera egin du defentsan, baina ez du asmatu ate aurrean, eta puntu gazi-gozoa lortu du Sevillaren aurka. Nafarrek etxean irabazi gabe segitzen dute

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. ©L. RICO / EFE

Beste derbi zuri-gorri bat

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...