BAKARRIZKETA

Eskandalu bat gehiago Strauss Kahnen zerrendarako

YOAN VALAT.
Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 18a
00:00
Entzun
Azken urteak eskandaluz eskandalu igaro ondoren, berriro ikertuko dute Dominique Strauss Kahn, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohia. Iruzur egitea leporatuta, oraingo honetan.

1 Denbora da Dominique Strauss Kahnen izenik entzuten ez zela, baina aste honetan berriz agertu da haren izena hedabideetan. Zergatik? Ba, haren gaineko beste ikerketa bat abiarazi dutelako. Le Parisien Magazine Frantziako astekariak jakinarazi duenez, LSK inbertsio funtsaren bitartez iruzur egitea eta dirua desbideratzea leporatzen diote NDFko zuzendari ohiari. Parisko Fiskaltzak uztailean abiarazi zuen ikerketa.

2 LSK inbertsio funtsean zer parte hartze du DSK-k? Egun, ez du loturarik, baina bertako presidente izan zen iazko urrira arte. Sexu erasoekin eta prostituzioarekin lotutako hainbat eskandaluren ondotik, DSK-k politikatik aldendu behar izan zuen, eta finantzen arlora egin zuen jauzi. 2013an, Thierry Leyne frantziar israeldarrarekin batera LSK inbertsio funtsa sortu zuen Luxenburgon. DSK-k hartu zuen presidente kargua. Aurtengo urtarrilerako 2.000 milioi euro biltzea zuten helburu, gero Asian inbertitzeko.

3 Eta bete al zuten helburua? Hasieran martxa onean ekin zioten dirua biltzeari. Eskandalu askotan protagonista izan arren, DSK-k kudeatzaile onaren ospeari eutsi zion, eta enpresari ugarik jo zuten egokitzat Luxenburgoko inbertsio funtsean dirua jartzea. Iazko urrian, ordea, buruhausteak hasi ziren LSKrentzat. DSK-k kargua utzi zuen, eta bere bazkide Leynerrek bere buruaz beste egin zuen Tel Aviv-en. Hilabete geroago jakinarazi zuten inbertsio funtsak porrot egin zuela. Konkurtso legean dago geroztik.

4 Ez dira gustura egongo, beraz, DSKren kudeaketan sinetsi zuten enpresariak. Ez horixe. Hain zuzen ere, inbertsio funtseko akziodunetako bik jarri dute salaketa. Jean François Ott enpresari frantziarra da horietako bat; 500.000 euro galdu ditu LSK-k porrot egin ostean. Guztira, 100 milioi euro inguru galdu dira bidean, eta diru horrekin zer gertatu den jakiteko ikerketa abiarazi du fiskaltzak. Enpresak porrot egin zuenean, DSK dagoeneko ez zegoen zuzendaritzan, baina ikertzen ari diren dokumentu askotan haren sinadura ere ageri denez, haren gaineko ikerketa ere abiarazi du.

5 Zer dio Strauss Kahnek? Berak ezer ez, baina bere abokatuak iragarri du kontraeraso batekin erantzungo duela NDFko buru ohiak; kalumnia egotzita, salaketa jarriko die bere aurkako prozesua abiarazi dutenei.

6 DSKren jarduna behin baino gehiagotan ikertu dute. Zertan dira beste auziak? Sexu erasoekin eta prostituzioarekin lotutako hainbat akusaziori egin die aurre, baina guztietatik onik ateratzea lortu du. Aurten bertan, Lilleko Auzitegiak epaitu du hiriko Carlton hotelean prostituzio sare bat antolatzen parte hartu zuelakoan. Azkenean, ordea, errugabe jo zuten. Epaileek ebatzi zuten prostituten bezeroa izan zela, baina ez zuela parte hartu sare bat antolatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.