BAKARRIZKETA

'Tapie auzia', behingoz itxita?

Iker Aranburu.
2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
1Tapie auzia? Zer da hori? Uf... Denbora eta pazientzia pixka bat baduzu?

2 Saia zaitez. Ea ba. 1992az geroztik irekita dagoen sugetzar judizial eta politiko bat da.

3 1992? Urtearekin nahastu zarela iruditzen zait. Ez da posible 25 urte egotea kontu batekin bueltaka... Baina hala da. Urte horretan, François Mitterrand Frantziako orduko presidenteak Bernard Tapie enpresaburu mediatikoa izendatu zuen Hiriko ministro, gazteen artean zuen ospe onak balioko ziolakoan auzo baztertuak baretzen. Gobernuan sartzeko, baldintza bat jarri zion: beren enpresen jabetza uztea. Horien artean zegoen Adidas kirol jantzien enpresa ezaguna. Credit Lyonnais banku publikoaren maileguekin erosi zuen, eta hari eskatu zion salmentaz arduratzeko. 1993ko otsailean, Tapiek finkatutako gutxieneko preziotik hurbil saldu zuen CLk, 472 milioi euroan. Geroago jakin zen, ordea, CLk zikin jokatu zuela, eta operazio ezkutuen bitartez diru bat patrikaratu zuela.

4 Eta Tapie ohartu zen? Bai, eta 1996an epai batek arrazoia eman zion. Baina ordurako arazoa katramilatuta zegoen. Tapiek ministerioa galdu zuen 1993an, eta ondasunak gero, CLri zor zion dirua itzultzerik izan ez zuenean. Gainera, espetxean bukatu zuen, bere futbol taldeak, Marseillako Olympiquek, partida bat erosi zuelako.

5 Ze desastrea... Bai, baina CL ere antzeko egoeran zegoen. Porrot egin zuen 1980ko hamarkadan egindako gehiegikeriengatik, eta CDR banku txarraren bidez salbatu zuen estatuak. Horrek Tapie vs estatua bilakatu zuen auzia.

6 Nork irabazi zuen? Hamar urtez auzitegietan trabatuta egon zen auzia, baina, Nicolas Sarkozy presidente bilakatu zenean, irtenbide bat proposatu zuen, gertukoa zuelako enpresaburua: arbitratze batzorde baten esku utzi zuen. 2008ko uztailean, arbitroak CL zigortu zuen, Tapierekin leial ez jokatzeagatik, eta estatua 403 milioi euroko ordaina ematera behartu.

7 Estatuak ez zuen helegiterik jarri? Ez, eta horrek auziaren beste atal bat ireki zuen: orduko Finantza ministroa, Christine Lagarde, auzitara eraman zuen oposizio sozialistak. 2016ko abenduan, Errepublikako Justizia Gorteak «axolagabekeriaz» jokatzeagatik erruduntzat jo zuen Lagarde, baina ez zion zigorrik jarri, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari gisa duen ospea ez zikintzeko.

8 Amatxo maitea! Segi, segi. 2015eko abenduan, Kasazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen arbitratze epaia, eta Tapie zigortu zuen 404 milioiak itzultzera, frogatutzat jo zuelako loturak zituela arbitratze batzordeko epaileburu Christian Estoupekin. Zigor horren aurkako beste helegite bat jarri zuen Tapiek, eta ostegunean atzera bota dute epaileek. Gainera, ebatzi dute beste 40 milioi zor dizkiola estatuari interesetan.

9 Auzia bukatu da, orduan? Bai, eta ez. Batetik, ez dirudi auzitegietan Tapiek ezer egiterik duenik. Baina , bestetik, dirua berreskuratzeko borroka irekita dago. Tapiek ziurtatu du ez duela diru hori, eta ezin duela lortu, bere ondasun guztiak eta enpresak bahitu dizkiotelako.Le Monde-ren iturrien arabera, 90 milioi euroren ondasunak ditu bahituta orain estatuak, eta zerbait gehiago lor dezake Tapieren beste ondasunentzat erosleak aurkitzen dituenean. Baina nekez izango dira 404 milioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.