BAKARRIZKETA

Airbusen zuzeneko hegaldia Boeingen etxera

JAMIE MARTIN / EFE.
Arnaitz Lasarte.
2015eko irailaren 20a
00:00
Entzun
1 Hegazkinak egiteko beste lantegi bat ireki omen dute aste honetan AEBetan. Boeing konpainiari txiki gelditu al zaizkio ba orain arte martxan zituenak? Boeing-i txiki? Ez, ez. Alabamako Mobile hiriko planta ez du ireki AEBetako konpainiak, Airbusek baizik, egoitza nagusia Okzitaniako Tolosan duen konpainiak. Airbusek AEBetan irekitako lehen lantegia da Alabamakoa.

2 Eta zenbat hegazkin egingo dituzte lantegi horretan?Lehen hegazkina datorren urterako amaituta egotea espero du Airbusek. Gero, pixkanaka ekoizpena haztea da haren asmoa, hilabetean A320 modeloko lau hegazkin egitera iritsi arte 2017an. Hilabetean 50 A320 egin nahi ditu, egun baino zortzi gehiago. 25 Hanburgon egingo lituzke (Alemania), hamazazpi Okzitaniako Tolosan, eta launa Tianjinen (Txina) eta Alabaman.

3 Zergatik ireki du lantegia AEBetan? Airbuseko presidente Tom Endersek esan du konpainia europarra ez ezik estatubatuarra ere badela: «Gelditzeko etorri gara. Merkatu hau gustatzen zaigu, AEBetan egon nahi dugu, eta oso harro gaude Alabaman egoteaz». Nabarmendu du babes handia dutela herritarren aldetik, gainera. Airbusek emandako datuen arabera, bertako industria aeronautikoaren bezero nagusia da; urtean 14.000 milioi dolarreko erosketa egiten du, eta zuzeneko eta zeharkako 100.000 lanpostu inguru sortzen ditu.

4 Ados, oso hitzaldi polita Endersena, baina berriz galdetuko dizut: zergatik ireki du lantegia AEBetan? Bada, datozen urteetan A320 gisako hegazkinen salmentak berebiziko garrantzia izan dezakeelako. Korridore bakarreko hegazkinak dira,eta, kostu apaleko hegaldiek indarra hartu dutenetik, nabarmen handitu da haien salmenta. Boeingek kalkulatu du hurrengo hogei urteetan halako 25.000 hegazkin beharko direla —egingo diren hegazkinen %70—.

5 Baina zergatik lantegi bat AEBetan? Kontua da horietako asko—laurdena inguru— AEBetan bertan salduko direla, eta Airbusek bezeroengandik gertu egon nahi duela. Merkatu hartan urratsak egitea ezinbesteko izango zaio etorkizunean. Egun, AEBetan saltzen diren korridore bakarreko bost hegazkinetatik bakar bat egiten du, eta kopuru hori erdira igotzea da helburua. Konpainiak jakinarazi duenez, Alabaman lantegia irekiko zuela iragarri zuenetik eskaeretan igarri du igoera.

6 Eta Boeingek zer esan du Airbusen mugimenduaz? Oraingoz, ezer ez, baina ez zion grazia handirik egingo Airbusek bere etxean lantegi bat ireki izanak. Bi konpainietako kideek esan izan dute berdin zaiela beste konpainiak baino hegazkin gutxiago edo gehiago saltzea. Baina lehiakide zuzenak dira, azken finean. Iraganak erakusten du ez dutela elkarrekiko maitasun handirik. Bi konpainiak sarritan leporatu diete elkarri konkurrentzia desleiala egiten dutela.

7 Batek zein besteak zenbat hegazkin egiten ditu urtean? 2014an, esate baterako, 629 hegazkin eman zituen Airbusek, eta 723 Boeingek. Eskaera zorroari dagokionez, ordea, Europako konpainia izan zen liderra, 1.456 jasota; Boeingek, berriz, 24 eskaera gutxiago jaso zituen: 1.432.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.