BAKARRIZKETA

Amancio Ortega, munduko aberatsena ordu batzuez

CABALAR / EFE.
Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Forbesen arabera, Amancio Ortega Inditexen sortzailea munduko aberatsena izan zen ostiralean ordu batzuez. Baina ordu batzuez bakarrik. Bill Gatesi tronua kentzea ez da erraza.

1 Forbesen munduko aberatsenen zerrendan lehena omen da Amancio Ortega. Lehen aldiz, ezta? Bai, Inditex taldearen sortzailea lehen aldiz munduko aberatsena izan zen ostiralean. Baina ez ordu askoz. Bill Gates Microsoften sortzaileak ordu gutxiren buruan berreskuratu zuen bere tronua. Gatesek eta Ortegak lehia estua dute orain.

2 Nola da posible postuak ordu batetik bestera aldatzea? Forbesek zerrenda ez al du urtean behin argitaratzen? Urteko zerrenda martxoan argitaratzen du, baina une oro eguneratzen du gero, burtsako kotizazioen arabera. Inditexen akzioek goia jo zuten herenegun eguerdian, eta, Ortegak %60ko parte hartzea duenez taldean, munduko aberatsena bihurtu zen ordu batzuez.

3 Eta Forbesen arabera, bakoitzak zenbat euro ditu bere poltsan? Sos batzuk. Ortega eta Gates elkarrengandik gertu daude, 71.000 milioi euro inguruko aberastasunarekin. Warren Buffet estatubatuarra eta Carlos Slim mexikarra daude haien atzetik. Larriago daude haiek, 57.000 milioi eurorekin.

4 71.000 milioi euro. Mila euroko soldata duen langile batek zenbat hilabetez egin beharko luke lan kopuru horietara iristeko? Erraza da kalkulua. Kendu hiru zero kopuru osoari. 71 milioi hilabetez egin beharko luke lan langile horrek.

5 Zenbat urtez? Ia sei milioi urtez. Oraingoz, ezinezkoa dirudi hainbeste urtez lan egitea.

6 Ortegak 80 urte ditu. Nola lortu du hainbesteko aberastasuna hain denbora gutxian? Inditex taldearen sortzailea da galiziarra, eta %60ko parte hartzea du oraindik. Inditex taldearen barruan daude hainbat arropa marka ezagun: Zara, Bershka, Stradivarius, Pull and Bear, Massimo Dutti. Lehen Zara denda 1975ean zabaldu zuen, Coruñan, eta geroztik mundu osoan zabaldu da taldea. 6.000 dendatik gora ditu mundu osoan, eta 128.000 langile inguru.

7 Martxoan laugarren postuan zegoen Ortega. Urte erdi geroago zer dela-eta dago lehen postuaren borrokan? Azken urteetan Inditexek burtsan duen balioa nabarmen hazi delako. Pentsa: urtea hasi zenetik, %44. Herenegun, 62.300 milioi euroko balioa zuen taldeak; hau da, 33,70 euro balio zuen akzio bakoitzak, inoiz baino gehiago. Ortegak %60ko parte hartzea duenez, haren aberastasunak lehen aldiz gainditu zuen 70.000 milioi euroren langa.

8 Beste kontu aipagarririk ba al da Forbesen zerrendan?

Forbesen zerrendak askorako ematen du, baina bat aipatzearren: Amancio ez da zerrendaren lehen postuetan ageri den Ortegatar bakarra. Haren alaba Sandra ere bidea egiten ari da pixkanaka-pixkanaka. Une honetan, 187. postuan dago, 7.400 milioi euroko aberastasunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.