BAKARRIZKETA

ZTE eta Trump, ituna eta isuna

Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
1. Zer da ZTE? Utzidazu asmatzen... Zentroko Tratatu Ekonomikoa, Trumpek hautsi duen azken merkataritza ituna. Kar-kar-kar. Saio ona, baina guztiz oker zaude. ZTE Zhongxing Telecommunication zena da, Txinako Shenzen hirian sortutako telekomunikazio enpresa bat, lurralde horretako handienetan bigarrena, Huaweiren ondoren.

2. Eta zer ikusirik du Txinako enpresa batek Trumpekin? Asko. Aste honetan onartu du AEBei 850 milioi euroko isun bat ordaintzea, herrialde hartako enpresekin negozioak egiten jarraitu ahal izateko. Funtsezkoa da arazoa ZTErentzat, Qualcomm eta beste hornitzaile estatubatuarren beharra baitu. Gainera, beste 350 milioi erreserbatuko ditu, aurrerago egin ditzakeen balizko arau hausteak estaltzeko. Zuzendaritza osoa aldatu beharko du.

3. Zergatik zuen arazoa AEBekin? Trumpen beste kapritxo bat? Ez, haren agintaldia hasi aurreko arazo bat da, eta, ezohikoa bada ere, Trumpek gehiago egin du gatazka konpontzeko, hura sakontzeko baino.

4. Zein da, orduan, afera? Kontua da ZTEk hautsi egin zuela AEBek Iranekin eta Ipar Korearekin tratuak egiteko debekua. AEBetako enpresen osagaiak zituzten ekipamenduak saldu zizkien. Gainera, iaz AEBekin tratua egin zuen bahimendua hautsi zuten burukideak zigortzeko, baina Txinako enpresak ez zuen agindutakoa bete. Mila milioi euroko isuna adostu zuten orduan.

5. Isun baten eta bestearen artean, diru asko da. Arriskuan jartzen al du ZTE? Ez. Arrisku handiagoa zuen AEBetan osagaiak ez erosi ahal izatea. Dirua badu ZTEk. Iaz 675 milioi euro irabazi zituen Txinako enpresak, eta 4.000 milioiko diru erreserba du. Dirua baino arazo handiagoa du buruzagitza guztia aldatu beharko duela eta balizko bezeroen artean konfiantza galdu duela. AEBetan telefono gehien saltzen duten konpainien artean laugarrena zen azkenaldian zen ZTE, baina lortu duen publizitate txarrak ez dio lagunduko posizio horri eusten.

6. Oraindik ez didazu azaldu Trumpek zer ikusia duen kontu honetan guztian. Tratua berak bultzatu zuela, eta horri esker kendu diola Merkataritza Idazkaritzak ZTEri zazpi urtez AEBetako osagaiak erosteko debekua.

7. Zergatik egin zuen hori Trumpek? Xi Jinping Txinako presidenteak eskatu ziolako, merkataritza kontuetan dituzten desadostasunak blokeatzeko. Egurra eman diote horregatik alderdi errepublikanotik bertatik, Pekinekiko negoziazioetan bere alde zuen karta bat merke oparitu duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.