Espainiako Poliziak telebistako musikaren bidez eta egile eskubideen sarrerekin iruzurra egiten zuen sare bat desegiteari ekin zion atzo, eta hogei pertsona atxilotu zituen —ikerketa iaz zabaldu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean—. Hainbat telebista kateren goizaldetako musika ez zuen inolako unetan ikus-entzuleak entzuten, eta iruzurgileak hori egon dira erabiltzen egile eskubideen bidez etekinak ateratzeko. Musika entzunezintzat jo dute ikerketan, eta, Poliziak esan duenez, hainbat autore eta diskoetxe modu «bidegabean» ari ziren horrekin diru sarrerak lortzen.
Sareak izen-mailegariak erabiltzen zituen, kalitate txikiko musikarekin egindako moldaketek sortutako irabaziak ezkutatzeko. Poliziak adierazi du moldaketa horiek goizaldeko zenbait saiotan ematen zituztela, autore eskubideen arloko aberastasun bat sortuz eta SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartearen likidazioak erabilita.
Ikerketaren iturriek albiste agentziei esandakoaren arabera, ikerketak ez du erdigunea SGAEn jarri, nahiz eta elkarteko bazkide batzuk ikertuak izaten ari diren. Poliziak informazioa eta dokumentazioa eskatu die telebista enpresa hauei: EITB, Mediaset España, Atresmedia, Telemadrid, Aragon TV, IB3 (Balear Uharteak), Asturiasko Telebista, CRTVG (Galizia), Murtziako Telebista, Andaluziako Telebista eta Kanariar Uharteetako Irrati-Telebista. Poliziak hamasei miaketa egin zituen atzo, tartean SGAEren egoitza, Madrilen.
EITBk jakinarazi du ikerketarekin «kolaboratzen» ari dela. «Fiskaltzaren eskariz ireki den ikerketa horren helburua da telebistetako gauetako tartean ematen den musikan egile eskubide paraleloak sortzen zituen sare bat desegitea», esan du EITBk. Eskatu zaion informazioa eta dokumentazioa ematen ari dela dio EITBk, «agintari eskudunei helaraziz dagokion informazio eta dokumentazio guztia, eta une oro kolaboratuz».
Poliziaren informazioaren arabera, hainbat lagunek ehunka milaka euroko irabaziak izan dituzte urteetan, egile eskubideen sare paraleloarekin, musika komertzialaren izar askok baino diru gehiago eskuratuz.
SGAE elkarteak makina bat polemika eragin ditu azkeneko urteetan. Egile eskubideen sare paraleloek —iruzurra erabili dutenak— ikerketa bat baino gehiago eragin dute, eta barne borroka gogorrak izan dira. Telebistan emandako musikarekin aberastu dira bazkide gutxi batzuk. Gurpil horrekin amaitzen saiatu zen Anton Reixa SGAEko presidente ohia, eta, ezinean, horregatik utzi zuen kargua 2013an. Elkarteak sei urtean lau aldiz aldatu du presidentea.
Poliziak 20 lagun atxilotu ditu egile eskubideen iruzur bategatik
Egile eskubideen erabilera paraleloa egiten zuen sare bat desegin dute. 11 telebistari eskatu diete dokumentazioa, besteak beste EITBri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu