200.000 irrati entzule EITBko euskarazkoek

EGMren arabera, 400.000 jarraitzaile dituzte irrati publikoek.Euskal Telebistako lehen kateak %1,8 ikusle datuarekin amaitu du sasoia

200.000 irrati entzule EITBko euskarazkoek.
Edu Lartzanguren.
2015eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
EITBko hedabideen entzule eta ikusle datuak zabaldu dituzte aste honetan, eta azken hilabeteotako joera baieztatu dute: irratiek emaitza onak dituzte oraindik ere; telebistak, berriz, apal dabiltza oraindik. Euskarazko irrati nagusiek (Euskadi Irratia eta Gaztea) 200.000 entzule inguru dituzte astearen barruan. ETB1ek ikusleen %1,8ko datuarekin amaitu du sasoia.

Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta EITB Musika irratien azken urtebeteko emaitzak plazaratu ditu aste honetan EGMk (Estudio General de Medios). Neurketaren arabera, 400.000 entzule kopuru metatua dute irratiok astegunetan.

Euskarazko irratiek 214.000 entzule dituzte astearen barruan, EITB Musikaren 22.000 jarraitzaileak zenbatuz gero. Gaztea da lehena euskarazkoen artean: 100.000 entzule. Bigarrena, Euskadi Irratia, 92.000 entzulerekin.

Erdarazkoetan, Radio Euskadi dabil buru, 166.000 entzulerekin.Radio Vitoria bigarren, 20.000 jarraitzailerekin. Urtean hirutan neurtzen ditu entzule kopuruak EGMk, elkarrizketa eta telefono deien bitartez.

Halakoetan ohikoa den bezala, ikerketa bakoitzak datu ezberdinak eman ohi ditu: CIES institutuak maiatzean argitaratu zituen bere neurketaren emaitzak, eta, oro har, eskuzabalagoak ziren. Euskadi Irratiak inoizko daturik onenak lortu zituen: 149.000 entzule astegunetan. Gipuzkoan, astearen barruan, gehien entzundako irratia zen, 80.000 entzulerekin, aurreko urtean baino 20.000 mila inguru gehiago. Radio Euskadik, berriz, 58.000 entzule zituen Gipuzkoan, betiere CIESen galdeketaren arabera. Gazteak ere iaz baino 5.000 entzule gehiago izan zituen: 119.000.

ETB1, ezin altxatu

Sasoiko batez bestekoak agerian utzi du ETB1ek zailtasunak dituela azken urteotako gainbeherari aurre egiteko. Ikusleen %1,8ko kuotarekin geratu da Euskal Telebistaren lehen katea. ETB2 gaztelaniazkoak ere datu apalak lortu ditu: ikusleen %8,4ren arreta bereganatu du. ETB3k %0,6ko kuota lortu du, eta ETB4k, %1,1.

Denboraren perspektibatik ikusten da hobekien emaitzon esanahia. 2003. urtean, ikusleen %6,2k jartzen zuten arreta ETB1en. Hurrengo bi urteetan, puntu bat pasatxo egin zuen behera ikusle kuotak. Iazko neurketan %2 lortu zuen batez bestean, eta, aurten, bakarrik urtarrilean eta apirilean lortu du zenbaki horretara iristea. Daturik apalena urrian eta azaroan lortu zuen: %1,6. Bakarrik kirol emanaldiei esker txukundu ahal izan ditu datuak aurtengo sasoian. Abenduan %1,8ko kuota lortu zuen, Euskal Selekzioaren eta Kataluniakoaren arteko partidak ikusleen %19,1 erakarri zituelako.

ETB2k %8,4ko batez bestekoa izan du sasoi honetan. EITBko telebista guztiek batera %11,7 pilatu dute. Iaz, %13 lortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.