Tiger Woods

Infernutik zerura

Augustako Mastersa irabazi du Woodsek, azkenekoz Grand Slam torneo bat irabazi eta 11 urtera. Golflari estatubatuarrak gurutze bidea bizi izan du tarte horretan, baina suspertu da. Hamabost handi ditu jada, eta hirura bakarrik du Jack Nicklaus.

ERIK S. LESSER / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Tiger Woodsek asteburu honetan egin duenagidoi perfektua litzateke AEBetan horren gustuko dituzten kirol balentrien film baterako. Izan ere, golf jokalari estatubatuarrak balentria egin du Augustan (AEB), hango Mastersean, denboraldiko lehenbiziko Grand Slam torneoan. Irabazi egin du, eta bosgarren aldiz jantzi du jaka berdea.

Augustako jostunek honezkero ahaztuak izango zituzten haren neurriak, duela hamalau urte irabazi baitzuen azken aldiz torneo hori. Woodsek ere ahaztua izango zuen zer sentitzen den torneo handi bat irabaztean, orain 11 urte sentitu baitzuen azkenekoz, AEBetako Irekia eskuratu zuenean. Ordutik, ale bakar bat ere ez zuen bereganatu.

Baina Woodsek eten egin du bolada txarra. Augustako Mastersa irabazita, hamabost Gran Slam ditu jada garaipen zerrendan: bost aldiz irabazi du Mastersa; hirutan AEBetako eta Britainiako irekiak; eta lautan PGA txapelketa. Jack Nicklausek bakarrik irabazi ditu hark baino torneo handi gehiago: hemezortzi irabazi zituen haren herrikideak. Woodsek hirura besterik ez du, eta, 43 urte dituela kontuan hartuta, ez dirudi ezinezko erronka denik. Batetik, urteak ditu oraindik goi mailan aritzeko. Adibidez, Nicklausek 46 urterekin irabazi zuen azken Grand Slama. Eta, bestetik,Augustan ikusi denez, badirudi Woods ez dagoela horren urruti lehengo jokalari bikain, lehiakor eta aseezinarengandik. Zertxobait falta zaio, baina itzuli da tigrea.

Nora joan zen? Bada, infernura. Hamaika arazo izan ditu lesioekin azken hamarkada pasatxoan: lau ebakuntza egin dizkiote bizkarrean, eta beste lau belaunean. Erretiro labur eta luzeak kontuan hartuta, hiru urte pasatxo egin ditu geldirik. Horrek eten egin du geldiezina zen kirol ibilbidea. Geldiezina, 31 urterekin jada hamahiru Grand Slam irabazi baitzituen—Nicklausek bederatzi zituen adin berarekin—, eta makina bat marka apurtu.

Baina lesioak ez dira izan Woodsen buruhauste bakarra. Kirolaz kanpoko hainbat arazo izan ditu. 2008ko azaroan hasi zuengurutze bidea, etxe aurrean autoarekin istripua izan zuenean. AEBetako komunikabideek, istripu hari muturretik tira egin, eta azkar argitaratu zituzten Woodsek emaztearekin zituen arazoak. Handik gutxira, golflariak iragarri zuen behin-behineko erretiroa hartuko zuela, eta, gerora, ezagutarazi zuen tratamenduan zegoela sexu adikzioa zuelako. Horrek guztiak kalte handiak eragin zizkion, hura iruditzat zeukaten marka askok eten egin baitzituzten Woodsekin zituzten kontratuak. Kalkuluen arabera, horrek 35 milioi euro baino gehiagoren galerak eragin zizkion.

Atxilotuta

2017ko maiatzekoa da haren inguruko azken gertakari iluna. Poliziak atxilotu egin zuen gaueko ordu txikietan Jupiterren (AEB), alkohola edanda autoa gidatzeagatik. Woodsek positibo eman zuen alkoholarekin eta marihuanarekin. Birala izan zen Poliziak komisarian atera zion argazkia: galduta eta begi zulo handiekin ageri zen. Egun horretan, behea jo zuen. Infernuan zen.

Etxekoen babesa bilatu zuen, baita psikologoena ere. Hala, gorakada hasi zuen 2018an. Irailean, Tour Championship torneoa irabazi zuen. Bost urte zeramatzan garaipenik lortu gabe. «Azken kolpean ezin izan diet malkoei eutsi. Ezin dut sinetsi», esan zuen torneoa irabazi berritan.

Hunkituta mintzatu zen herenegun ere. «Nire aita jada ez dago, baina bai ama eta bi semeak. Britainiako Irekian izan ziren, baina ez nuen irabazi. Ez nuen utziko hori berriz ere pasa zedin. Haiengatik irabazi nahi nuen, ikus zezatela euren aita torneo handi bat irabazten. Duela bi urte, ezin nintzen ibili, ezin nintzen eserita egon. Itzuli aurretik, nire semeek bakarrik zekiten golfean jokatzeak mina eragiten zidala. Orain, haiekin jolas dezaket. Espero dut nitaz harro egon daitezela. Aitak ikusi ninduen irabazten, eta haiek aita ikusi dute orain irabazten. Oso berezia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.