Eli Pescador.
LUGAƑENE BASERRITIK

Eskerrik asko

2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Estropadaz estropada pasatzen dugu denboraldia. Guztiak dira bereziak, bakoitzak badu bere xarma eta berezitasuna: kalea dela, trabeskako olatua, ibaiko estropada gogorra... Niretzako guztietan bereziena aste honetan biziko duguna da: zirrara berezia sortzen dit Kontxako sailkapen estropadak.

Liga eta lurralde desberdinetako ontziek elkarrekin lehiatzeko aukera dugu; orain arte elkarrekin uretaratu ez garen tripulazioekin estropada egiteko aukera dugu. Kaia kolore guztietako kamisetaz eta zapiz betetzen da. Arraunzale ugari izaten dira kaleetan zein irrati eta telebistatik estropada ikusten. Guztiok nahi bera buruan: hurrengo bi igandeetan uretan egotea.

Aurten, emakumezkoen estropadan Galiziako, Kantabriako eta Euskal Herriko hogei ontzik hartuko dugu parte, sekula izandako parte hartzerik handiena. Ez da marka makala! Atzera begiratu, eta konturatzen naiz nola aldatu den hamalau urte hauetan emakumezkoen Kontxako bandera. Gogoan ditut sailkapen estropada egin, eta igandean lau denbora onenek ikurrina jokatzen zuteneko igandeak, igande bakarrerako estropada haiek. Baita ere lau traineru sailkatzetik zortzi sailkatzera pasatu ginen urtea, eta sariak gizonezkoekin berdindu zirenekoa.

Bide handia egin dugu, eta bidea egiten jarraituko dugu. Honaino iritsita, eskerrak ematea besterik ez zait geratzen. Arraunean aitzindari izan ziren emakume haiei, asteazkenean uretan lehiatuko diren emakumeei, etorkizunean estropua hartu eta uretaratuko direnei eta bidelagun izan ditugun pertsona eta talde guztiei. Mila esker emakume askoren ametsak egia bihurtzen laguntzeagatik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.