Telesailak

Supremazistak eta heroi dekadenteak unibertso distopiko batean

HBOk 'Watchmen' komiki serie klasikoaren bertsio eguneratua bildu du bederatzi ataleko telesail batean

Mikel Yarza Artola.
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
DC Comics AEBetako argitaletxeak 1986an plazaratu zuen Watchmen nobela grafikoa. Ordutik, hamaika aldiz ahalegindu dira superheroien dekadentzia ardatz duen kontakizuna pantailara eramaten.

Alan Moore eta Dave Gibbons jatorrizko sortzaileen borondatearen aurka, proiektua lehen mailako hainbat zinemagileren eskuetatik igaro zen; besteak beste, Darren Aronofsky, Terry Gilliam eta Paul Greengrass. Baina horietako bakar batek ere ez zuen lortu. 300 filmarekin ezagun egin zen Zack Snyder zuzendariak osatu zuen zinemarako egokitzapena, 2009an, hogei urtez gaindiko tirabiren ostean. Harrera nahasia izan zuen, ordea. Horregatik, zaleen arretapiztu du HBOk komiki seriea oinarri hartuta kaleratu duen telesailak. Lost eta The Leftovers saioen gidaritzan trebatu den Damon Lindelofek, narrazioa eguneratu, eta azken urteetan zeresana ematen ari diren gizarte gaiez josi du.

Agerikoena, AEBetako supremazismo zuriaren gorakada. Superheroien jatorrizko kontakizunean gertakari historikoak txertatu ditu telesailak; esaterako, 1921eko Tulsako arraza sarraskia. Oklahoma estatuko hiri horretan, ia 300 beltz erail zituzten supremazistek. Ez da kasualitatea, beraz, Watchmen telesailak tankera honetako kutsu politikoa hartu izana, hain justu, Donald Trump Etxe Zurira ailegatu eta supremazista zuriak gorroto mezu eta ekintzak lotsarik gabe haizatzen ari diren garaian.

Telebista saioaren erdigunera igaro da afera, eta lantaldeak gogoeta sustatu nahi izan du, Mendebaldeko gizartean arrazismoak duen errotze edota baztertze graduaren inguruan. Gainera, jatorrizko obrari erreferentzia eginez, Watchmen-ek gogora ekarri du zein den autoritatearen benetako aurpegia. Azaldu du, zurien edo beltzen esku egon, badirela funtzionatzeko eran aldatzen ez diren joerak.

Horri guztiari forma emateko, nabarmentzekoa da Lindelofek egindako ekarpena. The Leftovers telesailean abiatutako bideari jarraikiz, HBOrekin lankidetza baliatu du berriz ere sortzaile estatubatuarrak autorezko ikuspuntua jorratzeko. Ausardia narratibo eta formala agerikoak dira saioaren lehen ataletan. Muntaketari dagokionez, bere estilo bereizgarria mantendu, eta argazki lanak ukitu zinematografikoa bereganatu du. Autoretzaren aldeko apustua estimatzekoa da; izan ere, kontsumo azkarrerako azaleko produktuen aro honetan nortasun propioa duten sortzaileen alde egiteak oxigenoa ekarri ohi dio telesailen unibertsoari.

Zentzu abstraktuago batean, gogoetarako bidea ireki lezake maskaren erabilerak ere. Zergatik janzten dituzte? Benetako identitatea eta nahiak ezkutatu nahi al dituzte? Muturreko iritzi eta jarrerak nagusitzen ari dira, eta, jendaurrean gauza bat esan baina sakonean beste bat pentsatzen den gari batean, maskarak badu nahikoa mami sinboliko.

Dena den, telesailaren bertute nagusietako bat izan da istorioa modu entretenigarri eta ikusgarrian plazaratzea. Zaleek merezi zuten, eta horretan bete-betean asmatu du.

'WATCHMEN'

Sortzailea: Damon Lindelof.

Aktoreak: Regina King, Jeremy Irons, Don Johnson, Tim Blake Nelson, Jean Smart.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: HBO.

Filmaren iraupena: 60 minutu.

Generoa: Thrillerra. Krimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.