KRITIKA. Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Agian sublimea

2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun

Les Musiciensdu Louvre

Zuzendaria: Mark Minkowski. Egitaraua: W. A. Mozarten 39. eta 41. sinfoniak. Lekua: Donostiako Kursaaleko Auditoriuma. Eguna: Abuztuak 29.

Musika Hamabostaldiaren itxiera kontzertua aukera bakana izan zen atzerritik etorritako musikariak zuzenean ikusi eta entzuteko, Grigori Sokolov errusiarraren emanaldia azken momentuan bertan behera geratu ostean. Les Musiciens du Louvre errepertorio zabala lantzen duen talde ezaguna da, eta 2006an egon zen Donostian azken aldiz. Kursaalean eman zuten programa osatzeko,W. A. Mozartek idatzi zituen azken hiru sinfonietatik bi aukeratu zituzten.

Imintzio handiekin hasi zuen Mark Minkowskik 39. sinfonia, kontzertu guztian zabalduko zuen eiteaz dinamika sutsuak hasieratik gailenduz. Oro har, taldeak soinu trinkoa eta orekatua aurkeztu zuen, lehen mugimenduaren sarrera motela eta indartsua biziki piztuz. Oboerik gabeko sinfonia honetan, klarineteek berebiziko protagonismoa hartzen dute ia halabeharrez. Minuetean, esaterako, edertasun handiko ñabardurak eta fraseatzea aurkeztu zituzten fagota eta flautarekin batera. Baita Haydnen sinfonien kutsua duen Allegro-an ere, zeinean haizeak hariek punta finaz marraztutako soinu-eremuan sotil eta sendo sartu ziren.

Robert Schumannek esan omen zuen Mozarten 41. sinfoniaren inguruan ezer gutxi zegoela esateko. Lanak, baina, kritikariaren hitzak konpositore handien azpitik jartzera bultza dezake. Les Musiciens du Louvreko kideek zehaztasun osoz gidatu zituzten Allegro vivace-aren gaiak eta melodia gogoraerrazak, Minkowskiren batuta adierazkor eta saltariari men eginez. Andante-aren lasaitasunean harien eta haizeen arteko hartu-emana gozagarria suertatu zen. Kontzertuaren hasieratik dinamiketan erakutsitako oparotasun irmoak gailurra jo zuen azken mugimenduan: zuzendaria eta musikariak gorputz eta arima aritu ziren, Molto allegro-ari eztanden bizitasuna emanez. Burrunbaz eta tximisten ziztadaz beteriko gau hartan, pentsa genezake Musika Hamabostaldiaren itxiera egunari zerua ere batu zitzaiola. Estetika erromantikoaren iruditeriari jarraituz, onik egonez gero ekaitza bortitzek ez dute ederraren sentimendua pizten, sublimearena baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.