Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa

Bihotz taupaden dantza zoroa

Lontzoren kronikek jakin-mina piztuta, bizikleta hartu, eta Peruko mendi tontorren atzean ezkutatzen denaren bila atera ginen. Mendiaz gozatzeaz gain, hango biztanleen bizimoduaz jakiteko aukera izan genuen.

Bihotz taupaden dantza zoroa.
2012ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Lima, 0 m. San Vicente de Cañete, 0 m. Yauyos, 2.871 m. Abra Chaucha, 4.800 m.Abra Negro Bueno, 4.270 m. Huancayo, 3.271 m. Jauja, 3.552 m. Tarma, 3.070 m. Junin, 4.015 m. Cerro de Pasco, 4.330 m. Huanuco, 1.910 m. Punta Union, 3.500 m. Tngo Chico, 2.379 m.La Union, 3.200 m. Abra Pastouri, 4.870 m. Catac, 3.576m.Huaraz, 3.090 m.



Jakin nahi baduzu hor goian idatzi dudan izen-soka luze horren atzean zer dagoen, mendiak imajinatu behar dituzu lehendabizi, mendiak eta maldak, altuera eta forma ugarikoak, alde guztietatik; saia zaitez haien arteko tolesdura, zoko eta sakonuneak irudikatzen ere: ibarrak, sakanak, haizpitarteak, errekak eta ibaiak, belardiak, zuhaiztiak...».

Lontzoren, inoiz gelditzen ez den ibiltari gazteiztarraren kronika irakurrita, jakin-mina sentitu genuen. Ezagutu nahi izan genuen izen horien atzean zer ote zegoen, eta, asmo horrekin, Perura abiatu ginen. Gurekin batera bizikletak zetozen, aspaldiko partez, Biciclownek esaten duen bezala, mundua tximeleten erritmora ezagutuz goaz.

Mendiak imajinatzen genituen… baina ez behar bezain altuak; baita maldak ere… baina inoiz ez behar bezain malkartsuak; gure irudimeneko sakonuneak ikaragarri sakonak ziren… baina are sakonagoak ezagutugenituen. Tontorren elur zuria erraza zen imajinatzeko, baina inoiz ikusitakoa baino are zuriagoa zen ukitu gabeko elur hura, eta berehala ulertu genuen mendilerro zuriaren izenaren zergatia. Erreken ura ezin gardenagoa aurreikusi genuen, eta glaziarren elur urdinxka ere bai, baina lakuena, berriz, turkesaz tindatuta zegoen. Zuhaitzak ere irudikatu genituen, ez quenual-ak jakina, baina euskaldunak izanik, ezin izan genuen hango zuhaitz urritasuna irudikatu. Non ote dira arbasoen basoak?

Hala ere, gauza guztien gainetik, ezin izan genuen irudikatu oxigenorik gabeko mundua, estutasuna arnasa hartzean, estutasuna birikak betetzean, oxigenoaren sabel-zorria. Panamerikanako kostaldean aberats zuri berrientzat egindako urbanizazioetatik peztozko etxe xume txiroetara lau egun eman genituen arnasestuka. Limako abernu grisetik Abra Chauchako zeru urdinera, lau egunetan Yauyos-Couchasko paisaia eremuan barrura. Itsasoaren parean egotetik, 4.800 metrora egotera. Estutasuna, ahulezia… gogorra benetan! Gure birikak itsaso ondoan arnasten ohituta, kexatu egiten ziren saminki. Eta Cuscora joango bagina? Berdin dio, ez dago ihesbiderik, Peruko bizkarrezurra menditsua eta malkartsua da non-nahi. Azkenik, lehertzear geundela, birikak ohitu eta oxigeno urritasun horrekin moldatu egiten ziren, beste erremediorik ez zutela onartuta. Hankakgogortuz zihoazen eta bihotzaren taupadak, berriz, lasaitzen… eta hori lortutakoan, ez genuen handik alde egin nahi, ordainean, zerutik inoiz baino gertuago geundelako, ordainean, naturarekin bat egin genuelako. Eta bidaiatik bueltan, Madrildik etxera bizikletaz gindoazela, Soriako Urbioni begira, nagusitasun harro batekin xuxurlatzen genion: «Jakingo bazenu ozeanotik bestaldera tontorrak zelakoak diren!».

Limara heldu eta garuaren gris bustia antzeman genuen. Lima zarata, Lima jendetza, Lima tristura. Nora etorri ote gara? Baina Lima utzi, eta urdina besterik ez genuen ezagutu, urdin distiratsua, urdin turkesa, urdin gorrizka arratsaldean zein horixka eguerdi partean, bainaurdina beti. Gauez hotza, orduan urdin zurixka goizeko ordu txikietan. Eskerrik asko, Pachamama, egunero inti illimani —eguzki jainkoa— , gure bidean jartzen duzulako; mila esker, argitasuna eta beroagatik; mila esker, benetan. Hotzaren mundutik bakarrik eskertu ahal da nahiko eguzkiaren beroa.

Bidaiaren hasieran, San Vicente de Cañeten bazkaltzen ari ginela, telebistan aditu genuen: «Han baleado tres autobuses para robarles en la carretera de Ayacucho a Huancayo», eta bizitzaren prezioa han ez zela oso altua ohartarazi ginen. «Tranquilos que Vds. van por una carretera de montaña y es muy segura», esan ziguten beldur aurpegia ikusita.

Perura joan baino lehen, Internet ahalguztidunean haien gidatzeko modu eroaren berri izan genuen, eta han ikasi genuen bizitza galtzearen beldurra zer den. Putxa! Harridura aurpegia jartzen zieten nire haserrealdiei. «¡Pero no se da cuenta de que no me puede adelantar a esa distancia, que soy una bicicleta!». Baina ez, ez ziren konturatzen.

Mendiko errepideak, berriz, lasaiak ziren, auto bakan batzuk baino ez ziren ibiltzen. Noizean behin, kamioi erraldoiek ilaran eremu soilak zeharkatzen zituzten. Meatzari enpresa sarraskijaleek ama lurra ahitzen ateratakoa garraiatzen.

Gringoak izan ginen gehienetan, inoiz gringuita, inoiz mamita, gutxitan gringo zakarra. Dantzatu genuen haiekin behelaino umelen artean, papas sancochadas partekatu, etxe xumeetan lo egin eta carpa —horrela esaten zaio kanpin dendari— herriko plazan jarri genuen. Umeekin jolastu eta nagusiekin, berriz, solastu.

Trocha, pista zein carreterabirdefinitu behar izan genituen. Konkistadore espainiarrak handik aldendu zirenetik hona, hitzek nortasun propioa hartu dute, eta autoak sartzen diren asfalto gabeko bide bati, carretera esaten zaio eta asfaltatuta dagoenari, berriz,pista; gurpileko uztai distiratsuari, aro esaten diote, eta gurpil azala, berriz, llanta da. «Gazteleraz ari dira?», geure buruari galdetzen genion batzuetan haien soinu arrotzak aditzean.Eskertu dugu hizkuntza komunak elkar ulertzeko aukera eman izana, baina, halaber, miretsi dugu hizkuntzen plastizidadea, konplexurik gabeko mestizajea eta bizi propioa.

Zirrara ederra sentitu genuen «Ama sua» kartel batean irakurtzean, eta berehala kitxuaren eta euskararen arteko lotura antzeman nahi izan genuen, baina etsipen txikia izan genuen «no seas ladrón» irakurtzean. Aurrerago ikasi genuen ziri hotza zela, eta cocha, berriz, lakua, raju mendia; beraz, quitaraju bizitza kentzen duen mendia. Pixkana-pixkana, hango arbasoen hizkuntzazaharra ezagutuz joan ginen.

Zeruetan bilatu genuen kondorraren hegaldi geldia zein Andeetako antzararen hegaldi baldarra, karakararen moko gorria zein ibisaren lumaje beltz distiragarria. Alpaka, llama eta bikuina bereizten ikasi genuen, eta Puya raimondi erraldoiak liluratu gintuen.

Egunak eta egunak eman genituen altueran. Egunsentian merkurioa desagertzen zen, hotzak beldurturik. Goizeko zazpietan, zazpi grado zero azpian, eguzkia denda barruan itxaroten genuen, goxo-goxo, lumazko lo-zakuaren epeltasunean. Eguzkia ikustean pozaren pozez agurtzen genuen, eguzkirik gabeko eguneko hotzaren beldur.

La Unionetik Huallancara lanak zeuden errepidean. Hautsa ez harrotzeko bidea ureztatzen zuen kamioiak zeharo dutxatu gintuen. Handik 11 kilometrora, Antaminarako trocha-k ibaia zeharkatzen zuen, baina guk aurrera jo genuen. Agur Abra Olimpica, adio Callejón de Conchucos, tristeziaz pentsatunuen. Aukerarik zuhurrena hartu genuela jakin arren, barne-barnetik apur bat triste sentitu nintzen, egin beharrekoa baino kontrakoa egiten nuen garai hurbilak gogoratuz. Ona izaten omen da zuhurtzia, baina niri zahartzaroa ekartzen dit burura. Nire burmuinaren alde ezkutuan Abra Olimpicarekin, punten artean puntarik altuenarekin, amesten jarraitu nuen.

Goizean bizikletari azken ukituak ematen ari ginela, aurreko egunean La Unionen ezagututako Suitzako bikote gaztea agertu zen errepidetik gora eta, norabide bera izanik, elkarrekin abiatu ginen eguneko etapa egiteko asmoz. Ohikoa denez, haien bizikletak, denda, argazki kamera eta abar hoberenak ziren. Urte baterako ari ziren bidaiatzen Txiletik gora. Ohikoa denez, lau hizkuntzatik gora ere bazekizkiten. Bidaia amaitu zutenean ezkonduko ziren. Iruditu zitzaidan proba onabikote sendoa dela ziurtatzeko, 365 egunetan 24 ordu elkarrekin ematea, bizikletaz bidaiatzen, ez da erronka erraza, ez horixe.

Perun egin dugun etaparik ederrena batera burutu genuen. Hegalean bezala, kondorren ikuspegia izan genuen. Haizeak ekartzen zituen tanta urriek elurrez tindatzen zuten gure ilea. Fabrizioren altimetroak 4.870 metro markatzen zuen. Inoiz egondako altuerarik handiena eta bizikletarekin. Aurrez aurre Abra Pastoruri, Pachamamaren paradisua. Han, naturaren boterea agerian eta isiltasuna haizeak baino ez urratuta, zeruari askatasunaren usaina zerion. Denda jartzeko, artzain bati eskatu genion baimena: «Pero si esto es de ustedes también, no tienen que pedir permiso». Hala izan beharko, natura emakume eta gizon guztien ondarea.

Huarazen, gure hoteleko seigarren pisutik mendilerro zuria ikusten zen. Nahiz eta igogailurik egon ez, harrerako neska-mutilen harridurarako, gustura igotzen genituen eskailerak. Ordainean, Huascaranen arratsaldero elurra eta zeruaren arteko elkartzelaranja-zurixka. Izerdi tantak, hotza eta bihotz taupaden dantza zoroa ahaztuta, irriaren keinua bisaian eta begietan, irriaren keinua bihotzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.