Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa

Lorez lore gizonak

Siberut uhartera ez joateko aholkuei muzin eginda lore gizonen erritu eta ohituretara eginiko bidaia da ondokoa.

Lorez lore gizonak.
2012ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Itsasoan Kulunka, Padang, uztailaren 7a

Berandu ibili naiz eta ferrya gainezka dago. Hiru euro ordaindu dut billetea, baina ez dut modurik izan gehiago ordainduta bigunean lo egiteko. Oraindik itsasoratzeko pare bat ordu falta arren, bidaiariak merkantziak zamatzen ari dira. Poltsak, barazkiak, oiloak... Leku ona hartu nahi bide dute. Afaltzeko hartutako tartetxoa oso ondo etorri zait patxada ederrean egoteko, eta neure buruarekin jarduteko. Sumatran, askotan esan zidaten Siberutera ez joateko: «Lore gizonak ez dira abegitsuak kanpotarrekin». Bertako egoera irudikatzen nagoelarik, ferryaren orroek mugitu beharra adierazi didate. Zirrindola doratuak lepo bueltan batzuek, eta koloretako zapiak buruan gehienek, inurrien antzera ondo lerrokaturik zuzendu dituzte pausoak ferryra.

Gaualdiak aspaldian luzatu ditu bere izarak, eta jendeak lekutxoren bat topatu nahi du bazterren altzoan amesteko. Halarik ere, oraindik goiz da lo egiteko, eta istriborrera abiatu naiz. Eskuak karelean ipini ditut, eta denbora sobera duen jendea bezala, ilunari begira izan naiz, eta 18.000 uharte irudikatu ditut Indonesian, 5.000 kilometroan hedatuta. Bat-batean euria hasi du, eta etxeko zirimiriaren antza hartu diot. Kroskoren aurka modu zakarrean oldartzen diren olatuen hotsa baino ez zaio gauari entzuten. Zapaltzear izan naizen hosto bakartia haizeak ipini du dantzan; orain, nire moduan, bikotekidea aurkitzea baino ez du falta. Nik baino errazago duela ikusita, lo egitera noa.

Eguzkiaren goizeko izpi goiztiarrak egurrezko leihoek utzitako zirrikituetatik sartu dira, eta «egun on» isil batez, zoruan besarkaturik gaudenon masailak laztandu dituzte, uhartetik hurbil gaudela adierazi nahi bailuten.

Sugeen erreinua, uztailaren 8a

Denbora luze itsasontzian itxaroten izan ostean, ferryak ahoan bildutako mingaina luzatu, eta porlana jendez eta poltsaz bete da. Nora ezean egindako distantzian, nire begi nekatuak etengabe aritu dira lanean, eta sabeltxoa ahozabal. «Muddy rider! Jungle-trek!», nire atzetik izan dudan mutikoaren irribarreak nire pentsamendua irakurri du, antza, eta kartelik gabeko taberna batera eraman nau. Egurrez eta uralitazko tabernak ezer gutxi eskain ziezadakeela pentsatu badut ere, apalategietako arrautzek, gailetek, ogiek... gosea behintzat baretzeko aukera emango didatela sinetsita sartu naiz. Tabernara ekarri nauen mutikoa gizon batekin etorri da. Nire asmoa azaldutakoan, ogi apurren gainean mapa zabaldu, eta oihana seinalatu du. Horretarako, erakuslearen mugimenduak sigi-saga egin du bidezidor, ibai eta erreken gainetik, bertan egongo diren sugeek bezala. Berak eramango nau Betui izeneko herrixkara.

Ikurka-Makuka ibaian gora, uztailaren 9a

Moilan lotutako itsasontzi batzuk buruka ari dira enbor ustelduen kontra, aspertu antzera. Beste batzuk, ordea, lokatzetan sartuta ikusi ditut lotan, mugitzeko ezelako gogorik gabe. Urrutian ezpata baten itxura duen egurrezko barka batean Indra dago, horrelaxe baitu izena nire gidak. Zeru grisak goibeltzen duen tartea zeharkatu, eta marea gorari esker moilara parekatutako ontzira egin dut salto. Indrak mentawaikoen hizkuntzan idatzitako orri bat eman dit «—Express Mentawai course—: Aloita-hello! Masura bagata-Thank you! Tak maubek aku- I don't smoke. Onikku- My name is... Malajei aku- I am hungry...» Ilusioa egin dit, eta ikasitako bigarren hitza erabili egin dut: «Masura bagata!».

Noizean behin, ur azalean zuhaitz-enborrak ikusten dira, eta gainean, dortokak eta txoriak patxada ederrean. Ekia gero eta altuago dago, eta beroa kiskalgarriagoa. Ordu asko daramatzagu itsasontzi estu honetan, eta postura hartu ezinik nago. Batzuetan erdi makurtuta noa, beste batzuetan erdi etzanda. Helmuga ez omen dago oso urrun, baina hemen gutxi asko da. Hemendik aurrera ikusiko ditugun parajeetan gobernuaren eta misiolarien eragina gero eta txikiagoa izango da. Basoa oso itxia ei da, eta barruko bideak oso gutxi dira. Korrontea aurka badugu, txalupak kostata egin ohi du aurrera. Zatitxo hau pasatutakoan ura mantsotuko omen da, eta horrelaxe izan da. Berriro egin dugu topo ibai zabalarekin; aspaldiko lagun bat ikustea bezala izan da, batzuetan ondoan eta beste batzuetan urrutian.

Emakume loreak zain

Ibai bazterrean arrantzan ari den emakumezko taldetxo batera zuzendu dugu txalupa. Neskatxoek samaren bueltan bildutako lore koloretsuek bularrak erdi ezkutatuta dituzte, eta gerritik behera belar-xingola berdeak belaunburuetaraino. Nagusiak antzera daude jantzita, baina larruaren tolesturek loreagoak egiten dituzte.

Euria gogor ari du. Bertan dagoen etxolan babestu gara. Nik, lurrean eseri, eta praka barrenak zapi batez garbitu ditut. Emakume nagusiak, bitartean, hartutako arraina eta fruituak elkarri trukatzen aritu dira. Euri hariek osatutako gortinak kanpokoa lausotzen badu ere, Indra lore gizon batekin ikusi dut. Ez du ematen gaztea, baina eskuan daraman makila bezain tentea da. Motots luzea du, gerripeko gorria, eta tatuajeak. Hark erakutsiko digu oihanaren sekretua.

Hezetasuna oso handia da, tenperatura ez da txikiagoa. Behin, bitan... ez dakit zenbat aldiz erori naizen. Indrak eta Kukik ez dute ezer esan ohi, baina pentsatu bai: «Zertarako etorri zara Siberutera?». Tarteko geldialdiek bidea arinago egiteko laguntzen badute ere, hemengo bero-zapa eta hezetasuna harlauza baten antzera antzematen ditut bizkarrean. Ez dakit nondik agertu den, baina beste zakur bat etorri zaigu albora.

Azkenean, eguzkiaren argi hori motelak lurraren azala ferekatzen duen orduan, uma bat ikusi dugu (bertakoen etxe tipikoa), oihanaren argigune batean, habe batzuen gainean, triangelu itxurako txapela lastoz dotoretuta, eta bizkarrezurra kanaberaz trinkotuta.

Betiu herrixka

Umaren ataripekoan lau ume daude, bata bestearen alboan eserita, lepoko gorriak eta horiak jantzita. Ez didate euriari baino kasu gehiagorik egin. Txokolate koloreko helduak ere ume lotsatiak bezala portatu dira: bi pauso aurrera eman orduko, atzera egin dute. Bitartean, Indra uma barrura joan da buruzagiarekin hitz egitera, eta ni umeekin bakarrik gelditu naiz.

Bertakoak ez dira nitaz fio; militarrei salatzeko etorri naizela pentsatzen dute. Nire asmoa bertakoen kultura eta usadioei kontu egitea baino ez bada ere, Indonesiako Gobernuaren asmoa oso bestelakoa da: lore gizonak islamdar bihurtzea eta haien ohiturak desagerraraztea. Bihar etorritako lekutik bueltatuko gara.

Kantinplorak gordetako azken tanta beroa edatean egindako keinuaz jabeturik, nik ezer esan gabe euren atzetik joateko esan didate, eta bertako errekara eraman naute. Ibairako tarte laburra naturak egokitutako belar alfonbraren gainean egin dut, goibelduta. Sumatran askotan entzundakoa etorri zait burura: «Lore gizonak ez dira batere abegitsuak atzerritarrekin».

Harri zapalaren gainean erantzitako prakak eta alkandora utzi ostean, galtzontziloak jantzita sartu naiz uretan. Ez dakit zer ikusi duen nire ondokoak, baina «Titi! Titi!», hasi da oihukatzen. Beraien atzamar txikiak nire bizkarrean sentitzean konturatu naiz zerk eragin dien horrenbesteko poza: sorbaldan zizelatutako izarra izan da. Indonesian, tatuajea zigortuta dago; edozelan ere, lore gizonen artean oso errotuta.

Halako batean, Indra eta Aman Lau-Lau klaneko burua ikusi ditut nire aurrean. Zimurrez betetako gizon nagusiaren aurpegian idatzitako irribarre zabalak hizkuntza guztietan itxura paretsua hartzen duela iruditu zait. Hitzak Indrak ipini ditu: «Bertan geldituko gara». Bizkarrean egindako izarraren distirak umaren lastozko sarraila zabaltzeko giltza eman digu, antza.

Egunek aurrera. Uztailaren 10,11...

Gaur oso egun berezia da. Gaur txerri basati bat ehizatu nahi dute hiru egun barru egingo duten zeremoniarako. Ezbaian izan naiz, baina, azkenean, joatea erabaki dut. Umeak ere etorriko direla jakiteak lasaitu arren, urduri nago. Hasierako tartea erreka bazterretik egin dugu korrika, txakurrek lagunduta; gero, oihanean sartzean, pausoa moteldu dugu. Bidean beste klan bateko batekin egin dugu topo, eta horrek etxekotutako txerria galdu egin duela esan digu. Itxuraz, aurreko egunean Aman Lau-Lauk eta beste batzuek txerri bat ikusi zuten hilda hemendik hurbil. Gizonak bere txerria izan daitekeela esan du. Gero, zehaztasunez aritu dira; bere txerriak apatxetan marka bat du, eta behatzetako bat falta. Aman Lau-Lauren ustez, ikusitakoa emea zen, eta gaixorik egon zitekeen hilda. Gizonarena ere emea da, baina osasuntsua. Beldur dira ez ote duten kolonoek akabatu. Lore gizonentzat, txerri bat akabatzea oso larria da. Gizona agurtu eta aurrera egin dugu. Piztiak bezala mugitzen dira oihanetik, eta ni, arnasestuka. Intzirika egiten dute ondoko zakur narritatuen antzera arrasto berria ikustean. Gaurko ehiza oso garrantzitsua da, ezin dute hutsik egin. Lehenengo arrasto garbiak topatu dituzte, eta hari begira makurtu dira. Txakurrak artega daude, zaunka. Umeak kenduta nagusi guztiak daude armaturik, badaezpada. Nire arma bakarra beldurrarena da, eta ez dut uste horrek ezertan lagunduko didanik. Bat-batean, gugandik oso hurbil, kurrinkak entzun ditugu, eta hantxe agertu da gure aurrean txerritzar basatia. Metro batzuk korrika joan dira haren atzetik, eta zabalgune batera heltzean, txakurrek eta ehiztariek animalia inguratu dute errekara eramateko. Txerria ez dago eroso uretan. Une aproposa ikustean, lakio bat erabili dute lepo bueltan kateatzeko, eta arrastaka errekatik ateratzeko. Txerriak sekulako ahaleginak egin ditu askatzeko, baina alferrik. Batzuek lepo bueltan heldu diote, eta beste batzuek hanketan. Hala ere, kontuz ibili behar izan dute; ezin da gutxietsi basurde amorratuaren indarra. Gero, berrogeita hamar bat kiloko txerri baten bizkarrean ipini, eta oso pozik abiatu dira herrixkara.

Zeremonia, uztailaren 15a

Mugimendu handia dago Betuinen. Berrogei bat metro luze den uma nagusian hasi dira batzen bertakoak. Ezin irudikatu zer-nolako lepoko, gandor, mototsekin... edertu dituzten beren buruak. Janari eta hornigaiak ere begi bistan daude: sagoa, duriana, palma olioa... Eta alboko ertz batean, ehizatutako txerria, orkatiletatik loturik etzanda. Gerotxoago, gaurko protagonistak etorri dira: xamanak. Horiek besoak eta zango-sagarrak txori lumaz dituzte dotoretuta. Musairi edo gaueko dantzari ekin aurretik, xamanak umaren erdian kokatu dira, borobil baten bueltan, eta poliki hasieran, eta azkar geroago, biraka hasi dira txoriak imitatzen. Noiz edo noiz, oihanean entzundako kantak antzeratu dituzte; giro honetan batzuk espirituekin kontaktuan ipini dira, eta beste batzuk espirituen mundura abiatu. Xamanen konjuruek hondarrak xurgatutako ura bezala irentsi egin dute hasierako tonu ozena, eta «tik, tik, tik, tik, -aie-ee-o-o» gozoa entzun da uman.

Jarraian, espirituekin harremanetan ipintzea lortu dute, trantzean sartu dira. Dantzek eta kantuek ez dute etenik izan gau osoan, baina inor ez da mugitu, guztiak daude itxaroten zantzuek zer esango duten.

Egunsentia poliki-poliki heldu da, eta espirituak oihanera itzuli dira; xamanek kantuak erabili dituzte agurtzeko. Laster txerria akabatuko dute, eta xamanak batu dira animaliaren azken hasperenak isiltzeko. Txerria sakrifikatu aurretik, emandako zerbitzua eskertzeko erritua egin dute. Kanaberaz egindako aiztoa erabili du Aman Lau-Lauk piztiaren lepoaldea alderik alde zulatzeko. Odolustutako odolak gainezka egin du, azpian ipinitako lapikoan. Gero, xaman bakoitzak bere espirituari dei egin, eta urarekin, lurrarekin, zeruarekin eta suarekin hitz egin dute, eta haien esanak entzun. Aman Lau-Lauk espero du augurioak onak izatea, eta orain arte bezala seme-alabei erakutsitako bideari jarraitu ahal izatea. Bitartean, Kukik banbu baten ezpalaz eta kasuario baten hezurraz txerriaren erraiak moztu ditu.

Azkenean, nahi zuten unea heldu da. Xaman guztiak eginiko suaren argitara eseri dira, eta isilik egon dira suak egurraren garra moteldu bitartean. Aman Lau-Lauri egokitu zaio txerriaren tripak irakurtzea. Erraiek duten mintzetik begira aritu da, baina ez du denbora luze egin; isilik gelditu da.

Inguruko xamanek poliki egin dute alde; oihanak irentsi egin ditu. Txakurrak negarrez daude: ez dute zaunkarik egiten.

Halako batean, hegazkin bat pasatu da umaren gainetik, gugandik oso hurbil. Hegazkinlaria barrez iruditu zait. Gure itxaropenak gora egin du, baina zerutik eroritako orri zuriek behera egin dute. Nik lurretik paper bat jaso eta ahopeka irakurri dut: «The biggest oil palm plantation in Sumatra». Pt Citra Mandiri Windyia Nusa Company.

1995. urtetik aurrera Sumatrako Gobernuak Transmigrasi deritzon proiektua bultzatu du kolonoak Mentawai uharteetara joateko, eta lurrak ustiatzeko. 1999an ,70.000 hektareako olio palma instalazio bat egitea onartu zuen, eta horrek Siberuteko Parke Nazionaleko ekosistema aldatu du goitik behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.