Euskal herritarren hautua

Ipar Euskal Herriko botoen joera aztertu du 'Berria.info'-k, Jojo Bidartekin eta Eguzki Urteagarekin

Donostia
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Frantziako presidentetzarako hauteskundeen harira, Ipar Euskal Herriko boto joera aztertu nahi izan du Berria.info-k Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakaslearekin eta Jojo Bidart Irulegi irratiko kazetariarekin. Gonbidatuek ezkerreko alderdien eta eskuin muturrekoen igoera nabarmendu dituzte.

Historikoki, zentrismoak izan du indarra Ipar Euskal Herrian, barnealdean bereziki. Etxarrin (Zuberoa), ordea, Fronte Nazionalak irabazi zuen lehen itzulian. Hain zuzen, etorkinik gabeko herri txikietara zabaltzea lortu du Marine Le Penek. Urteagaren ustez, eskuin muturrak askotariko hautesle berriak lortu ditu Le Penekin. Baina berezikierlijioak utzitako hutsunea dago igoeraren atzean, irakaslearen arabera. Kristau-demokraziak eragina izan duen eremuetan, eskuinak bere egin du Elizak utzitako espazioa.

Ezkerraren aldeko botoek ere gora egin dute azkeneko urteetan. Boto abertzaleak, gutxika baina erregularki, gora egin du, eta bere mezua gizartean hedatzea lortu du. Bigarren itzulianbadirudi François Hollandek bereganatuko dituela ezkerreko botoak, eta tartean abertzaleak dira. EH Bai koalizioak boz eskaerarik egin ez arren, hautetsi abertzale batzuk, modu pertsonalean, Hollanderen alde bozkatuko dutela esan dute. Besteak beste, ABko kide Alain Iriart, Jean-Mixel Galant eta Mixel Poueitsek adierazi dute hori Enbata aldizkarian. Nicolas Sarkozy «kanporatu» behar dela diote. François Bayrouren erabakiaren ondorioz edo indar metaketaren aurrean, ezkerreko hautesle batzuek atzera egiteko arriskua hor dagoela aipatu dute gonbidatuek. Hala ere, ezkerreko botoak batzeko joera beti izan dela nabarmendu dute. Hizlarien arabera, hautesleen zati batek ez du hautagai sozialista hurbiltasunagatik babestuko, Sarkozy boteretik botatzeagatik baizik. Horretan Hollandek fin jokatu duela uste dute.

Espainiaren keinuaren zain

Frantziako bozak irabazten dituen presidenteak Euskal Herriko gatazkaren konponbideari begira hartuko duen jarrera ere aztertu nahi izan du Berria.info-k. Estatu estrategia den heinean, orain bitartean koherentzia bat egon da; bai ezkerraren eta eskuinaren artean, eta baita Espainiaren eta Frantziaren artean ere. Frantziako gobernuaren jarrera Espainiako gobernuak zer egin zain egotea izan da egundaino, eta Hollandek ez du besterik egingo, gonbidatuen iritziz. Urteagaren esanetan, irabazten duenak irabazi mugimendumantsoak eta neurtutako pausoak emango dituzte aurrerantzean ere. «Erabakiak Parisen hartzen dira, eta han ez dute interesik hemengo aterabide demokratikoan, ezta konfrontazioan ere», dio Urteagak. Hala, estrategia malguagoa erabiliko duela uste du: «Europatik eta Espainiatik keinuak egiten bazaizkio, Hollandek orduan helduko dio konponbideari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.