TOKIO 2020

UZTAI BERRI BAT: KORONABIRUSA

COVID-19ak iazko Olinpiar Jokoak atzeratzea eragin zuen, eta guztiz baldintzatzen ari da aurtengoak ere. Lehen kasuak azaldu dira Olinpiar Hirian bertan. Jenderik gabe eta japoniar gehienak kontra dituela hasiko da ekitaldia bihar.

BERRIA.
jakes goikoetxea
<i>Tokio</i>
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Hainbeste aldatu al da egoera 2020an bertan behera geratu ziren Olinpiar Jokoak 2021ean egin ahal izateko? COVID-19aren izurritearen eragina arindu egin da munduan, txertoei esker, herrialde aberatsetan batez ere. Olinpiar Jokoak egiteko moduan? Zuhurtziak esaten du ezetz; antolatzaileek baietz.

Iazko erabakia hartu zutenean, ziurrenik ez zuten pentsatuko urtebete geroago egoera hain gordina izango zenik. Txertoak oso azkar garatu eta zabaldu dira; milioika herritar babestu dituzte, baina pandemia kontrolik gabe dago oraindik ere. Eta Japoniako txertatze maila apala izan da beste herrialde batzuekin alderatuta. Dena den, azken asteetan asko azkartu eta zabaldu dute txertaketa, eta bost herritarretatik batek beharrezko txerto guztiak hartu ditu.

Tokiok eguneko mila kasu positibo baino gehiago izan zituen iragan astean. Milatik jaitsi zen aste honen hasieran, baina beste 1.832 kasu izan zituen atzo, aurreko egunean baino 700 gehiago eta kopururik altuena urtarrilaren 16tik.

Kopuru handiak dira Tokioren datuak eta bilakaera ikusita, baina ez beste hiri edo herrialde batzuekin alderatuta. Hego Euskal Herrian bertan 2.042 kasu atzeman zituzten atzo, pandemia osoan atzemandako kutsatu kopururik handienetan bigarrena. Baina, proportzioan, Euskal Herrian hiru milioi biztanle pasatxo bizi dira, eta Tokion, berriz, hamalau milioiren bueltan.

Kopurua baino gehiago, kezka eta larritasuna sortu duena zera izan da, Olinpiar Jokoak hasterako hautsi egin dela ekitaldian parte hartuko dutenentzat sortutako burbuila, eta, parte hartzaileekin batera, koronabirusa ere iritsi dela Olinpiar Hirira, Olinpiar Jokoen bihotzera, bertan biziko baitira, txandaka, Jokoetan parte hartuko duten kirolariak.

Gainera, Olinpiar Hiriko kutsatzeak garrantzitsuak dira, gutxi izanda ere oihartzun eta eragin handia izan dezaketelako, bai iritzi publikoan —Japonian batez ere—, bai Olinpiar Jokoen funtzionamenduan: positiboen edo positiboekin harremana izatearen eraginez bertan behera gera daiteke kirolari batzuen parte hartzea, eta baita zenbait lehiaketa ere. Kirolari edo talde hori Olinpiar Jokoetako izarretako bat baldin bada, sekulako kolpea litzateke.

Lerro hauek idatzi direnerako, Olinpiar Jokoekin lotura zuzena duten 67 pertsonak eman dute positibo. Tartean daude kirolariak, langileak, herrialdeetako ordezkaritzetako kideak eta boluntarioak. Antolakuntzak emandako datuen arabera, Olinpiar Jokoekin harremana duten pertsonei egindako 80.000 testetatik, %0,1ek eman dute positibo.

90.000 bisitari

Kutsatzeek Olinpiar Jokoen funtzionamenduan izango duten eragina baino garrantzitsuagoa da, ordea, ea Olinpiar Jokoak egiteak herrialdeko osasun egoera okertuko duen. Japoniak, Tokiok batez ere, 90.000 bat bisitari izango ditu egunotan, Olinpiar Jokoekin harremanen bat dutenak (gainerako bisitariek sarrera debekatuta daukate herrialdean). Horietatik 11.500 kirolariak dira; beste guztiak, kirolarien laguntzaileak eta entrenatzaileak, herrialdeetako ordezkaritzak eta kazetariak.

Berez, 2020ko Olinpiar Jokoetan kopuru horren bikoitza izan behar zuten, baina, egoera ikusita, antolatzaileek herrialdeetako batzordeei eskatu zieten ordezkaritzak erdira jaisteko.

Jende asko da Tokioren moduan COVID-19agatik larrialdi egoera ezarri duten leku batean hartzeko. Herritarrak beldur dira horrek kutsatzeak areagotuko ote dituen. Bai, Japoniara sartu nahi duten guztiek hegaldia hartu aurreko 72 orduetan egindako PCR negatibo bat aurkeztu behar dute, eta Olinpiar Jokoekin harremana dutenei listu testak egiten ari zaizkie.

Baina hutsuneak badaude. Bidaiariak hegazkinez iristen dira Japoniara; askotan hegazkinean ordu asko egin eta gero. Maskararekin bai, baina hegazkineko otorduetan, guztiak maskara kenduta.

Inkesten arabera, japoniarren gehiengoa Olinpiar Jokoak berriro atzeratzearen edo bertan behera uztearen alde dago. Iazkoak bertan behera utzi zituztenetik, inkesta guztiek islatu dute herritarren kezka, ezinegona eta haserrea. Inkesta batzuetan kontrakoen portzentajeak %80tik gorakoak dira.

Kutsatzeko arriskua, «zero»

Gainera, Olinpiar Jokoen alde daudenek edo haietaz zuzenean gozatzeko asmoa zutenek ezingo dituzte kirol ekitaldiak zuzenean ikusi. Olinpiar gune bakoitzean 10.000 ikusle —japoniarrak— sartzea onartu zuten aurrena, baina aukera hori bertan behera utzi zuten uztailaren hasieran.

Japoniako Gobernuak eta NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak aurrera egitea erabaki zuten. Thomas Bach NOBko presidentearen adierazpen dantzak ez du laguntzen herritarrak lasaitzen. Olinpiar Jokoei eustea erabaki zutenetik, ekitaldia segurua izango dela esan izan du. Aurreko astean bertan, bete eta ziurtatu ezin duena agindu eta ziurtatu zuen: itxialdien eta testen protokoloei esker, Olinpiar Jokoetako parte hartzaileek japoniarrak kutsatzeko arriskua «zero» izango zela.

Herenegun, berriz, aitortu zuen zalantzak izan dituztela egunero. Ez zituzten jakinarazi: «Gure zalantzak errepikatzearen poderioz betetzen den profezia bihur zitezkeen; Olinpiar Jokoak puska zitezkeen. Horregatik, zalantzak guretzat gorde genituen».

Errealitateak aspalditik indargabetu zuen Japoniako Gobernuak eta NOBk Olinpiar Jokoak babesteko zabaldutako mezua: pandemia garaian itxaropen mezu bat zabalduko zutela munduan. Pandemia hasi zenetik mundu osoko lehen ekitaldi handia izan izango da, baina ez pandemiaren ostekoa, pandemia betean egindakoa baizik.

Olinpiar Jokoak aukera politiko, sozioekonomiko eta mediatiko bat ziren Japoniako Gobernuarentzat, 2011ko lurrikara, tsunamia eta Fukushimako zentral nuklearraren hondamendia eta gero. Herrialdea suspertzeko aukera. 2013an jakinarazi zuten Japonian egingo zirela 2020ko Olinpiar Jokoak, hondamenditik bi urtera. Aukera mehatxu eta arazo bihurtu da, ordea.

Aspaldi bihurtu zen, aurreko astean Bachek oraindik mezu positiboekin jarraitzen bazuen ere, Tokion bertan Yoshihide Suga lehen ministroarekin bildu eta gero: «Olinpiar Joko historikoak izango dira, japoniarrek azken urteetan hainbat erronkari aurre egin dioten moduagatik: Japonia ekialdeko lurrikara handia aurrena, eta koronabirusaren pandemia orain».

Herritarrei begira, Jokoen ordainagiria Japoniako Gobernuak ordainduko du, ez NOBk. Dirutan ordainduko du, gastatutako milioika yenetatik —herritarren dirua— berreskuratuko ez duen dirutzan. Herritarren haserrearekin ere ordainduko du, bai Olinpiar Jokoen aurka daudenena, bai Jokoetatik etekinen bat espero dutenena eta jasoko ez dutenena. Hori da agindu ezin diren gauzak agintzearen ordainetako bat.

Enpresen zalantzak

Ez dira herritarrak bakarrik Olinpiar Jokoen aurka daudenak. Toyota auto ekoizleak, herrialdeko sinbolo eta enpresa garrantzitsuenetako batek, astelehenean bertan esan zuen ez duela Olinpiar Jokoetarako prestatutako telebista iragarkirik eskainiko ekitaldiak irauten duen bitartean. Hasiera ekitaldia baino lau egun lehenago jakinarazi du. Toyotaz gain, beste enpresa batzuek ere atzera egin dute Olinpiar Jokoekiko atxikimenduan. Benetan Olinpiar Jokoak baldintza hauetan egitearen kontra daudelako? Uste dutelako herritarrek Olinpiar Jokoekin lotuko dituztela eta horrek haiei buruzko iritzi negatiboa bultzatuko duela? Markek ez dituzte halako erabakiak hartzen ondorioak aintzat hartu gabe. Telebistako iragarkiak kenduta ere, Toyotak lotura estua du Olinpiar Jokoekin.

Koronabirusa bihurtu da Olinpiar Jokoetako arazo nagusia, baina ez bakarra. Koronabirusak estali egin ditu halako ekitaldi handietan izan ohi diren bestelako arazoak, ohikoak jada: antolaketaren gainkostua eta ustelkeria kasuak. Japoniak, Olinpiar Jokoak antolatzeko eskaintza egin zuenean, 5.700 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen; iazko abenduko datuen arabera, kopurua 12.700 milioi eurora handitu da. Eta handitu eta handitu ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.