Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Urkulluk dio kontziliazio neurriak erraztuko dituela

«Akordio soziala» bultzatuko du, lan ordutegiak «arrazionalizatzeko». 0etik 3 urterainoko haur guztiek haur eskoletan arreta jasotzea nahi du

Iñigo Urkullu eta Jone Berriozabal, atzo, Gasteizko hauteskunde ekitaldian. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Familia guztien eskubideak politika publikoen erdigunean jarri nahi ditu Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak. Gasteizen egin du Urkulluk hauteskunde kanpainaren goizeko ekitaldia, eta bertan azaldu du zer konpromiso dituen EAJk haurrak eta familiak laguntzeko. Besteak beste, esan du administrazio, enpresa eta sindikatuen artean «akordio soziala» egitea bultzatuko duela, kontziliazio neurriak orokortzeko eta lan ordutegiak «arrazionalizatzen» laguntzeko. «Familiek eskubidea dute beren bizi proiektuaren arabera nahi dituzten seme-alabak izateko, oztoporik gabe. Gure erantzukizuna da oztopo horiek murriztea eta familiei eta haurrei laguntza ematea», azpimarratu du.

Urkulluren arabera, familia da, bere aniztasunean, bizikidetza proiektu bat eraikitzeko funtsezko oinarria. «Babeslekua, balioak, berdintasuna, hezkuntza, errespetua eta belaunaldien arteko elkartasuna da familia». Horri lotuta, Urkulluk iragarri du bere konpromisoa dela Familia eta Haurren Zuzendaritza bat sortzea, eta jaiotzetarako diru laguntzak handitzea. Horrekin batera, familiei laguntzak emateko «sistema integrala» osatu nahi duela esan du, haurrak «zaintzen» eta «hezten» laguntzeko.

Amatasun eta aitatasun baimenak hobetzeko konpromisoa ere hartu du EAJko lehendakarigaiak.Urkulluk iragarritakoaren arabera, lehendakari aukeratzen badute lanaren eta familiaren arteko kontziliazioa errazteko neurriak martxan jarriko ditu, etahaur baten bi gurasoek baimen parekide eta besterenezina izatea bultzatuko du, sektore publikoan zein pribatuan.

Haur txikien arreta indartzeko asmoa ere badu EAJko lehendakarigaiak, eta helburuen artean ezarri du bermatzea 0 eta 3 urte bitarteko haur guztiek arreta zerbitzua jasotzen dutela haur eskoletan.

Gazteen emantzipazioa

Urkulluk haur eta familientzako plana aurkeztu aurretik, Jone Berriozabal EAJko Arabako zerrendaburuak hartu du hitza. Berriozabalek azpimarratu du Europako herrialde gehienetan bezala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere «erronka» nagusietakoadela eraldaketa demografiko eta soziala. Haren esanetan, jaiotze tasaren beherakadak, ama izan nahi dutenen batez besteko adina atzeratzeak eta bizi itxaropena luzatzeak «eraldatu» egin du gizartea, eta berebiziko garrantzia du neurriak hartzeak.

Horiek horrela, funtsezkotzat jo du gazteei «emantzipazio prozesua erraztea» eta modua ematea «bizitza autonomo bat» abian jartzeko. Bide horretan, Berriozabalek nabarmendu du EAJren konpromisoa dela behar diren neurriak martxan jartzea gazteek etxebizitza izan dezaten eta, nahi izanez gero, familia osatu dezaten.

Gazteen bizi proiektuak babesteaz gain seme-alabak dituzten familiei ere lagundu behar zaiela erantsi du Arabako zerrendaburuak. Lana eta familia uztartzeko arazoak gogoan hartu ditu Berriozabalek: «Konplexua da seme-alabak ditugun familion eguneroko errealitatea, besteak beste, lana eta familia uztartzeko». Egoera zaurgarrian dauden familiek, guraso bakarra dutenek edo COVID-19ak eragindako krisialdiak bereziki jotakoek are egoera zailagoa dutela gaineratu du.

Egoera horiek kontuan hartuta, familiei babes ekonomikoa ematea beharrezkoa dela uste du Berriozabalek: «Familiek egiten dituzten hezkuntza eta zaintza eginkizunak aitortu eta babestu behar ditugu laguntza edo prestazio ekonomikoen eta zerbitzuen bidez». Horretarako, arlo publikoaren, erakundeen eta familiaren arteko erantzukizunaren artean «oreka» bilatzearen alde egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.