Pastor
DARWIN ETA GU

Espainiarrei potroak ukitu

2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Edo obarioak. Herri hizkera zakar bezain argian adierazi du Clara Ponsatik katalanek burujabetza eskuratu bitartean zer bide duten: «Tocar els collons als espanyols», hau da, «espainiarrei potroak ukitzea». Politikariak Molts i ningúAsko eta inor ez— liburua kaleratu du. Testu horretan egin du adierazpena. Lanean hausnarketa kritikoak bildu ditu proces-ari buruz. Borrokan segitu beharra aipatu du egileak: «Larrua arriskatzen dugun bitartean segituko dugu katalanak izaten».

Espainiarrei potroak ukitzea beste biderik ez dagoela azaldu du Clara Ponsatik. Ikuspegi horretatik baizik ez dut ulertzen Espainiako Kongresuan espainiera ez diren penintsulako beste hizkuntzak erabili ahal izateko alderdi nazionalista eta independentistek aste honetan egin duten eskaera. Txalogarria da ekimena, bai; oso ondo dago... espainiarrei potroak ukitzeko den neurrian. Hala eta guztiz ere, funtsean egoerak bere horretan segituko du. Beste alde batetik, proposamena onesteak Espainiaren jarrera zurituko luke. Baina halakorik onartuko dutela pentsatzea ere...

Ez dut uste gure lehentasuna Espainiako Kongresuan euskara, katalana eta galiziera arlo guztietan entzun eta ikusaraztea denik. Hori lortzea zertxobait izango litzateke, aletxo bat, baina zertarako balio du etxean bertan biltegia erdi hutsik badugu? Espainiarren kontraesanak azaleratzeko, besterako ez. Libreak gara euskarak Kongresuan, ahozko zein idatzizko komunikazioaren eremuan, espainierak dituen ezagutza, onarpen eta aitortza guztiak izango dituela pentsatzeko, baina ez ahaztu: Espainia ez da Suitza, ez da Belgika.

Egia esan, Espainiako Kongresuan espainiarra ez den hizkuntza batean mintzatzea —edo espainiarra bezain frantsesa izan litekeen hizkuntza batean, euskararen kasuan— zilegi izatea nire azken kezka da egun. Eskaera espainiarrei potroak ukitzeko bada, aurrera. Horretaz ari naizela: ez pentsa espainiar guztiak zaku berean sartzen ditudanik. Ez. Salbuespenak, egon badaude espainiarren artean. Pertsona horiek errespetu osoa merezi dute. Guztira zenbat izango dira, baina? Zoritxarrez, ez dira ugari. Aste honetako ekimenaren kontrakoak ditugu gehienak. Horietako asko eta asko eskuinean daude. Ezkerrean ez dira gutxi. Eta badakigu.

Bizirik segitu nahi dugu herri moduan. Badirudi espainiera han eta hemen inposatu dutenek ez dutela hori ulertzen. Supremazistak deitzen digute. Haiek guri! Biel Duran aktore katalanak erretolika hori salatu du: «Tranpa hau jarri digute. Badirudi herri baten existentzia defendatzea supremazista izatea dela. Ez. Supremazista herri bati existentzia ukatzea da. Ez dugu desagertu nahi. Horixe da esaten ari garen gauza bakarra. Eta hori ez da supremazismoa. Supremazismoa bestea desagertzea nahi izatea da».

Zertarako nahi dugu geure politikariek Madrilen euskaraz jardutea, Euskal Herrian bertan «egun on» esan eta hizkuntzaren inguruko ezezagutza eta axolagabekeria sumatzen baditugu edo, okerrago, zenbaitetan, oraindik ere, mespretxuzko erantzunak jasotzen baditugu? Potroak ukitzeko, baina ez oso modu lazgarrian. Bai, zeren eta hemen, potroak benetan ukitzen dituztenak —Marilyn Mansonen atzazalekin, gainera— beste batzuk baitira: euskararen normalizazioari fedez eta legez etengabe oztopoak jarri eta jarri ari direnak. Madrilgo botere nagusitik edo hemengo alderdi sukurtsalisten aldetik. Egunero ikusten ari gara. Zertarako balio digu Kongresuan euskaraz egiteko aukera lortzeak berton euskaraz bizitzeko eskubidea bermatua ez badugu? Zer espero dezakegu eskuin muturretik eta PPtik, sustraietan frankismoa duen taldetik? Eta Euskal Herriko lurralde batean alemanari euskarari baino garrantzi handiagoa ematen dion alderdi espainiarretik?

Geure bidea egin behar dugu. Ez da erraza —nork esan du Euskal Herrian, ez soilik Madrilen, euskalduna izatea errazadenik?—. Nola? Ezina ekinaren ekinez posible eginez. Eta aukera dugun bakoitzean espainiarrei potroetako mina eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.