Telesailak

Ur eta hareazko zurrunbiloa

'The Third Day' telesailarekin itzuli da 'Utopia' arrakastatsua osatu zuen Dennis Kelly

Jude Law eta Naomi Harris aktoreek parte hartzen dute telesailean. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Utopia telesailak sekulako ikusmina sortu zuen 2013an. Plazaratu eta berehala bilakatu zen kultuko, Dennis Kelly sortzaile britainiarraren estilo ezin pertsonalagoa dela medio. Zinemagintza ausartenetik edan, eta koktel gozagarri batean irabiatu zituen Kellyk thrillerraren espiritu klasikoa, argazkigintza ikusgarria, musikagintza atmosferikoa eta kolorearen erabilera abangoardista. Labirinto batean gora eta behera gidatu zuen ikuslea, eta bide beretik itzuli da sei urte geroago, The Third Day telesailarekin.

Marc Munden zuzendaria eta gainerako lantaldea bere alboan mantenduta, Kellyk pauso bat gehiago eman du oraingoan. Izan ere, Erresuma Batuaren eta AEBen arteko koprodukzioa da estreinatu berri duena. HBOk bultzatu du telesaila, baina sustraiak britainiar uharteetan mantendu ditu. Jude Law aktore entzutetsua da protagonista, eta lehen mailako antzezleekin aritu da, Emily Watson eta Naomi Harris, besteak beste.

Irla arrotz eta misteriotsu batera helduko da Law, eta dena irudituko zaio arraro, susmagarri. Bere pausoei segika ezagutuko ditu ikusleak bertako biztanleak eta haien jokamoldea, aparteko azalpenik gabe. Edonoiz irits daiteke tragedia, eta Kellyk propio areagotu ditu tentsioa eta itolarria, giro hori azpimarratzeko.

Londresko sortzaileak maisutasunez uztartu ditu sentipen kontrajarriak azpimarratzen dituzten pasarteak, eta frogatu du badela publiko zabala erakartzeko modurik, Hollywooden eredutik harago. Gai da autoaren atzerako ispilua erabilita istorioko gertakari giltzarri bat kontatzeko eta, aldi berean, baita elipsi erraldoiak egiteko ere. Hein batean, Christopher Nolanen Memento film klasikoa ekar dezake gogora.

Asmo handikoa da Kellyren proiektu berria, eta horixe bihur liteke haren ahulgune. Askotariko kodeekin esperimentatu nahian, jauzi erraldoiak egiten ditu dramaren, thrillerraren eta pasarte onirikoen artean. Ekilibrista lanetan aritu da artista britainiarra, ia oreka galtzeraino.

Dena den, lurreratu bezain laster, erraztasun osoz mugitu da txoko batetik bestera. Kosta britainiarra ondo baino hobeto ezagutzen du Kellyk, eta hango herri txikien giroa ederki eraman du pantailara. Erlijio eta kultura erreferentziak ere tartekatu ditu, kristauak eta zeltak, kasu.

Alde horretatik, esanguratsua da telesailaren sortzaileek kontakizuna banatzeko garaian egin duten hautu kontzeptuala. Urtaroka banatu dituzte atalak: udari dagozkio lehen hiruak, udazkenari beste bat, eta neguari azken hirurak. Zazpi pieza dira guztira.

Sei urte igaro dira Channel 4 kateak Utopia bertan behera utzi zuenetik, eta ez da kasualitatea Dennis Kellyren The Third Day nobedadea garai jakin honetan heldu izana. Izan ere, aste honetan bertan plazaratu du Amazon Prime Video plataformak Utopia-ren moldaketa estatubatuarra. Itxura guztien arabera, Kellyren lan arrakastatsua fideltasunez errespetatu dute egokitzapen honetan. Aldiz, bien bitartean, sortzaile britainiarrak bere autorezko bideari jarraitu dio. Proposamen berriak plazaratu ditu iraganeko arrakastari tiraka segitu ordez, eta The Third Day da horren adierazlerik argiena.

'THE THIRD DAY'
Sortzaileak: Dennis Kelly, Felix Barrett.
Aktoreak: Jude Law, Emily Watson, Katherine Waterson, Naomi Harris, John Dagleish.
Herrialdeak: Erresuma Batua- AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.