Nekazaritza Politika Bateratuaren errerforma

«Lantzeko lurrik gabe geratzen ari gara Nafarroan»

Fermin Gorraiz. Europako diru laguntza gehienak lur jabe handienen esku geratzen direla salatu du Gorraizek, eta horrek oztopatzen duela eskuz aldatzea eta erreleboa.

Behiekin eta zerealarekin lan egiten du Fermin Gorraizek, Agoitz inguruko lurretan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jokin sagarzazu
<i>Agoitz</i>
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Okelarako behiekin (170 buru eme) eta zerealarekin (50 hektarea) lan egiten du Fermin Gorraizek, Agoitzen (Nafarroa). Beste produktore batzuentzat ere aritzen da, anaiarekin batera, lurrak lantzen eta kamioiarekin lastoa-eta garraiatzen. Aitortu du NPBren laguntzarik gabe ezingo liratekeela bizi: «Negozio hau, NPBa kenduz gero, ez litzateke errentagarria izango». Diru sarrera guztien %30 inguru jasotzen dute hortik, eta bereziki behiengatik. «Zerealagatik oso eskasa da laguntza, gure kasuan errentan hartua baitugu lurra».

Gorraizen arabera, eztabaida ez da diru gehiago ala gutxiago jaso beharko luketen. «Gakoa banaketa da: hobeto banatu beharko litzateke». NPB berrian muga batzuk jarri nahi dituzte esplotazioen tamainen arabera, eta hori zehazteko ardura Espainiako Gobernuak izango du. Gorraizek gogoratu du abeltzain eta nekazari askok Nafarroako Gobernuari galdegin diotela mugak jaisteko. Azkenean, enpresa bakoitzeko urtean 60.000 euro jasotzeko muga proposatuko du Madrilen—100.000, beste aldagai batzuk gehituta—. «Ea zertan geratzen den. Dena den, guk eskatu genuena baino nabarmen gehiago da».

Horrek ekarriko du, Gorraizen ustez, «orain arte bezala» Nafarroako lur jabe handienen eskuetan geratzea lurraldera iritsiko diren laguntzen zati handiena. Haren kalkuluen arabera, 200 lur jabe inguruk ez dute ezer jasoko. Eta «are okerragoa» da lurrak errentan hartuak dituztenen egoera. «Guk ez dugu deus jasotzen, gure irabazi guztiak lurraren jabearentzat doaz. NPBaren laguntzak hari ematen zaizkiolako, eta ez zuzenean lurrak lantzen dituenari».

Laguntzen mugen auziari gehitu dio horri estuki lotuta dagoen beste bat: eskubide historikoena. Lurrak landu gabe ere jabe batzuek diru laguntza handiak jasotzen dituzte, baita erretiroa hartzen dutenean ere. «Bi faktore horiek kontuan hartuta, lantzeko lurrik gabe geratzen ari gara Nafarroan, eta Araban gauza bera. Lursail handiak daude ez direnak lantzen eta ez direnak eskuz aldatzen, jabeek diru laguntza izugarriak jasotzen dituztelako».

«Tradizionalaren» alde

NPB berriaren oinarri izango diren politika berdeei buruz, Gorraizek uste du ez dietela «zailtasun handirik» ekarriko Euskal Herriko abeltzain eta nekazari gehienei. «Hemen egiten duguna oro har estentsiboa da, eta neurri horiek intentsiboa dute jo mugan». Zerealaren alorrean, «muga» gehiago aurreikusten ditu produktu fitosanitario edo pestizida jakin batzuk erabiltzeko orduan. «Azken urteetan lan handia egin dugu muga horietara egokitzen, eta orokorrean esan daiteke erraz moldatu garela. Gainera, azpimarratu nahi dut horiek gabe ere nekazaritza tradizionala egiten jarrai dezakegula, eta hori da hemen gehien-gehienok egiten duguna».

COVID-19a dela eta, Gorraizek kezka agertu du behien eta ardien haragiaren sektoreak duen egoerarekin: «Oso konplikatua da. Prezioak behera doaz, eta merkatua izorratuta dago. Beste kontu bat da oilaskoarena, txerriarena, untxiarena... Horien produkzio kostua askoz ere txikiagoa delako». NPBa horretan ere zentratu beharko litzatekeela uste du. «Aurrenekoak, bereziki, abeltzaintza estentsibokoak dira, eta bigarrenak, intentsibokoak edo industrialekoak: horiek ez dute deus egiten ingurumenaren zaintzan.NBPak gehiago lehenetsi beharko luke estentsiboa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.