Futbola. Espainiako Kopako finala. Gonzalo Arkonada. Realeko entrenatzailea

«Irabazteko, ausartak izan behar dugu»

Izaera lasaia du Arkonadak, eta azken egunetan patxada hori bere jokalariengana zabaltzen ahalegintzen ari da. Haren ustez, hor egon daiteke larunbateko finaleko gakoetako bat. Sasoi honetan taldeak lortu duen «heldutasuna» goraipatu du.

GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Partidetako xehetasunik txikiena ere prestatzea gustatzen zaio Gonzalo Arkonada Realeko entrenatzaileari (Donostia, 1961). Bere lantaldearekin batera mimoz prestatzen ari da larunbaterako Atletico Madrilen kontrako Espainiako Kopako finala.

Igandean Atletico Madrilen aurka jokatu zenuten Ligako azken partida. Zer aho zapore geratu zitzaizun?

Galdu arren, ona. Partidaren dinamika kontuan hartuta, pozik nago taldeak erakutsitako jarrerarekin, bigarren zatian ni neu ere finalean pentsatzen hasi nintzelako. Jokalariren batek zertxobait lotuta jokatu arren, taldea bikain lehiatu zen oro har. Horrekin geratzen naiz. Amaieran, ondo ikusi nituen jokalariak, ongi sentitzen ziren, eta hori da inportanteena.

Norgehiagoka nola joan zen ikusita, finalerako buruan zenuen planteamendua asko aldatuko al da? Haiena alda daitekeela uste duzu?

Gure kasuan, ez. Buruz buruko lehiak kontuan hartuta, aldaketa txikiren bat egin dezakegu, baina oro har ez. Haien kasuan, aldaketaren bat izan dezakete, Jennifer Hermoso hasieratik jokatzeko moduan badago.

Partidako berririk txarrena Itxaso Uriarteren lesioa izan zen. Nola dago?

Minez dago, horregatik eskatu zuen aldaketa. Pazientzia izan behar dugu, eta astea nola doan ikusi. Bere aldetik dena emango du finalean egoteko. Partida amaitzean argi esan zidan ez zuela finala galdu nahi.

Eta gainontzean, nola helduko dio taldeak larunbateko finalari?

Ilusioarekin eta aurrean duen erronkak dakartzan ardurak hartzeko gogoz.

Taldeak bi partida baino ez ditu galdu abendutik: Bartzelonaren eta Atletico Madrilen kontra. Kontuan hartzeko moduko datua da, ezta?

Hala da, eta horrek lehiatzeko orduan taldeak lortu duen heldutasuna erakusten du, batez ere bigarren itzulian. Izan ere, lehen itzulian baino 11 puntu gehiago lortu ditugu, bost gol gehiago sartu, eta 11 gutxiago jaso. Oreka eta egonkortasuna lortu ditugu erasoko eta defentsako jokoaren artean, eta hori funtsezkoa da. Bigarren itzulian taldea sendoagoa izan da defentsan. Horrek ahalbidetu digu puntu gehiago batzea, erasoan bikain aritu baikara sasoi osoan. Gol gehien sartu dituztenen taldeetan laugarrena gara, eta hor ondo egon gara sasoi osoan.

Nolako finala espero duzu?

Zaila eta gogorra, Atletico Madril oso talde indartsua delako. Bainaguk ilusio handienarekin helduko diogu neurketari. Partida batera edozer gerta daiteke, ñabardura eta gertaera txiki askok baldintza dezakete finala. Gu saiatuko gara ondo lehiatzen, eta gauzak oso zail jartzen. Betiere, jakinda haiek direla faborito argiak.

Hasieratik estu hartzen ahaleginduko zarete?

Ardura handien dutenak haiek izango dira, faboritoak direlako, daramaten ibilbideagatik eta bikain jokatzen aritzeagatik. Baina guk gure partida egitera joan behar dugu. Denboraldi osoan zehar erakutsi dugun ausardiarekin eta heldutasunarekin jarraitu behar dugu. Horrek ahalbidetu digu goiko taldeekin nor baino nor gehiago lehiatzea. Taldera iritsi nintzenetik jokalariei argi esan nien garrantzitsuena hori zela, eta ez edukitzeko beldurrikhuts egiteari. Denboraldi honetan, oso ondo barneratu dute mezu hori.

Final batek eragiten duen zirrarakontuan hartuta, zailagoa da taldeak ezaugarri horiek erakustea? Lan bereziren bat egingo duzue horretarako?

Horretan ari gara lanean. Motibazioa badute, eta emozio aldetik lasai eta patxadaz egotea lortu behar dugu. Hala, finalari diren moduan heltzeko, urduritasunak eta beldurrak gain hartu gabe. Hori lortzeko, egunerokotasunari eusten saiatzen ari gara, batez ere entrenamenduetan. Horrekin batera, psikologoarekin lanean ari gara haien konfiantza eta autoestimua indartzeko, finalari naturaltasunez heltzeko. Atletico Madril ohituago dago halako norgehiagokak jokatzera, baina guk ere baditugu nazioarte mailako partidak jokatu dituzten jokalariak: Nahikari, Mariasun, Nerea, Chini, Carla, Nuria, Paola, Leire… Jokalari horien ekarpena funtsezkoa da, elkarren artean laguntzeko eta babesteko. Final batek eskatzen duen tentsioarekin eta intentsitatearekin jokatu behar dugu, hori beharrezkoa baita lehiatzeko; baina inolaz ere ez lotuta.

Taldeak lortu duen heldutasuna aipatu duzu, baina nahikoa al da final bati heltzeko?

Heldutasuna ez da sekula nahikoa izaten, beti jarraitzen baita eskuratzen. Baina denboraldi honetan lortu dugun heldutasuna funtsezkoa izan da finalera iristeko, eta, aipatu bezala, gu baino gorago zeuden taldeekin nor baino nor gehiago lehiatzeko. Lehen partida horiek ihes egiten ziguten, galdu egiten genituen. Orain, ordea, zailagoa da gu mendean hartzea. Atletico Madrilen eta Bartzelonaren aurka urrats hori egitea falta zaigu, koska bat gorago daudelako. Baina haien aurka jokatzen dugun partida bakoitza beste ikasgai eta aurrerapauso bat da, haiek ere mendean hartzeko.

Nola atera diezaiokezue etekina haiek faboritoak izateagatik izan dezaketen presioari?

Gu geu izanda, eta ausarta jokatuta. Finala irabazteko ausartak izan behar dugu, eta gure ahalmenen gainetik jokatu.

Zer nabarmenduko zenuke haien jokoaz?

Talde oso lehiakorra da, eta taktikoki eta estrategikoki oso ondo prestatua dago. Partidetan nabaritzen da. Arlo horretan ligako entrenatzailerik onenetakoa dute: Jose Luis Sanchez Vera. Atletico Madrilek asmatu egin zuen hura fitxatuta. Gainera, aurrealdean bi jokalari erabakigarri ditu: Ludmila eta Jennifer Hermoso. Talde lan on bat egin beharko dugu haiek geratzeko, baina horren gainetik Atletico Madril talde jokoagatik nabarmendu behar da. Buruz buruko jokaldietan, ziurrenik, Bartzelona hobea da. Baina talde gisa Atletico Madrilek denboraldi osoan zehar erakutsi du sendoena eta erregularrena dela.

Haien defentsako jokoaz zer iritzi duzu?

Egiten duten presioa azpimarratuko nuke, bai defentsako lanean ari direnean, bai eta baloia galdu bezain laster egiten dutena ere. Horrek baloia erraz samar berreskuratzea ahalbidetzen die, eta zelai erditik aurrera duten jokalarien abiadura baliatzea.

Nola bizi duzu zuk finala?

Orain arte nahiko lasai nagoela uste dut. Hori da gure egitekoa, esperientziatik eta lasaitasunetik partida ondo prestatzea. Egunerokoari eusteak lasaitasuna ematen dit, nahiz eta ez den erraza, partida berezia delako, eta ikusmin handia dagoelako. Nire arnasbidea familiarekin egotea da, batez ere bilobekin.

Zure anaiak, Luisek, Espainiako Kopako bi final jokatu zituen, eta 1987an txapeldun izan zen.Hitz egin duzu harekin halako final bat jokatzeak zer esan nahi duen?

Egun hauetan ez, baina behin baino gehiagotan izan dugu hizpide gai hori. Berak beti aipatu dit finaletan erabakigarriena emozioak kontrolatzea dela. Oreka bat lortzea. Ez da erraza izango, baina hori lortzen saiatuko gara. Oroitzapen asko datozkit final haietaz, beste zale baten moduanbizi izan nituelako. Baina, batez ere, Zaragozan egiten zuen beroaz akordatzen naiz, eta, noski, titulua irabazi genuela.

Realaren historiako denboraldirik onena da hau?

Nik ezin dut halako balorazio bat egin. Errespetu falta bat izango litzateke. Baina oso ongi altu bat jarriko nioke sasoiari. Denboraldi hasierako gure errendimendua eta oraingoa aztertuta, alde handia dago. Oso gainetik gaude. Gainera, onena da taldea oso gaztea dela, eta hazten, ikasten eta hobetzen segitzeko tarte handia daukala. Kluba hasi da kontratu luzatzeen berri ematen, gure apustua jarraitutasunaren aldekoa baita. Aurrena etxekoena, eta, horrekin batera, kanpotik etorri baina taldearentzat garrantzitsuenak direna jokalariena. Hortik aurrera, ikusiko dugun zein jokalari fitxatu.

Denboraldiko lehen entrenamenduan espero zenuen halako salto bat ematea?

Ilusio hori genuen, baina ziurtasunik ez. Horretan, asko lagundu digu entrenatzaile talde osoa profesionala izateak. Izan ere, orain arte, batzuek beste lan batzuekin partekatzen zuten hemengo jarduna. Hala, orain, arreta osoa hemen jarri dute. Lan hori ez da ikusten, baina funtsezkoa da, bai teknikoki eta bai fisikoki. Adibidez, denboraldi guztian zehar izandako lesio kopurua oso txikia izan da. Zaila da hortik behera egotea. Denen artean landu ditugu entrenatzeko eta lan egiteko irizpideak. Ziurrenik, hobeto egin zitekeen, baina egin duguna ondo egin da. Jokalariek ziurtasun handiagoa dute beren buruan, ahalduntze bat izan dute.

Hazkunde horretan zein urrats egin nahiko zenuke datorren denboraldian?

Ligan gorago egotea nahiko nuke. Gertu izan dugu lehen lauren artean egoteko sailkatzeko aukera. Pena izan zen Espanyolen eta Huelvaren aurka berdindu izana. Hor egin zigun ihes aukera horrek. Aurreko sasoian urrutiago geunden postu horietatik, eta posible den hurrengoan urrats hori egitea.

Eta eguneroko lan eta baliabideetan?

Uste dut sasoi honetan pauso garrantzitsuak eman ditugula horretan ere. Adibidez, ia egunero zelai oso bat dugu entrenatzeko guretzat. Lehen, hori ez zen posible. Bestalde, asteazkenetan ere goizez entrenatzen hasi gara, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu. Izan ere, talde gaztea gara, eta ez dugu nahi jokalariek ikasketak uztea. Goizez entrenatzea ez zaitu profesionalago egiten, baizik eta lan saio horien kalitateak. Alde horretatik, datorren sasoiari begira, gure erronka da entrenamendu orduren bat gehiago egitea.

Nola ikusten duzu liga eredu berria?

Kezkaz, ez dakigulako zer pasatuko den. Botere borroka bat dago Futbol Liga Profesionalaren eta Espainiako Federazioaren artean telebista eskubideen inguruan, eta penagarria izango litzateke horrek emakumezkoen futbolean eragina izatea. Are gehiago, hazten ari den momentu honetan. Nik ez nuke nahi Bigarren B mailak bezala amaitzea, klub gehienen egoera ekonomikoa oso txarra baita, eta azkenerako desagertu egiten baitira. Hori saihestu behar dugu, eta akordiotik abiatuta elkar ulertu.

Mezuren bat emango zenieke zaleei?

Mezu bat baino, eskerrak emango nizkieke, denboraldi osoan zehar eman diguten babesarengatik. Anoetako bizi izan zena, batez ere Sevillaren aurkako finalerdian, jokalariek ez dute sekula ahaztuko. Athleticen aurkako derbia ere mugarria izan zela uste dut, denboraldia amaitu dugun bezala amaitzeko. Konfiantza handia eman zigun partida hark. Oso eskertuta gaude, Zubietara ere zale dezente etorri direlako, eta denboraldiko unerik zailenetan asko lagunduko digutelako. Granadan ere han izango dira laguntzen. Finala Reala zer den erakusteko beste aukera bat da: guretzat, klubarentzat, zaleentzat... Egin duen denboraldia kontuan hartuta, talde honek merezi du titulua irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.