Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Ezpainlapitzetan su

2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Katixa Dolhare-Zaldunbide adiskideak bere amatxiren gainbehera ekarri zuen hizpidera azken zutabean, alargundu ondoko etsipenaren ilunpetan ihartua eta zimeldua, nola utzi zituen bazterrean pianoa eta literatura. Harik eta, ustekabean, zahar etxera joan, eta laurogeita hamar urterekin berriro ere irria eta bizitzeko grina berreskuratu dituen arte, ostera ere musika eta literatura.

Bitxiak dira buruaren mekanismoak, ideia eta oroitzapenen konbinaketak, izan ere gertakari horrek oso atzera eraman bainau, hain zuzen ere 1945era, Bergen-Belseneko kontzentrazio zelaira. Hura askatzen lagundu zuen Mervin Willett Gonin teniente koronelak honela idatzi zuen bere egunerokoan: «Gurutze Gorri Britainiarra heldu, eta handik gutxira, ez jakin nondik nora, hara non ezpainlapitz pila iritsi zen. Ez genuen halakorik nahi, bestelako gauza mordoa eskatzen ari ginen; baina bakarren batek ezpainetako barrak eskatu zituen: ezpainetako barrak! Eta nik jakin egin nahi, zeren ekintza hura jeinu batena bezalakoxea izan baitzen, eta ezin bikainagoa. Ziur nago presoei ezerk ezin ziela hobeki lagundu. Emakumeak izara gabeko oheetan etzanak ageri ziren, kamisoirik gabeko hilduran, baina ezpainak bizi-bizi gorriztatuak; edo hara-honaka ikusten genituen, noraezean, agian tapaki bat sorbaldan, baina ezpain gorriminekin. Mahai post mortem batean, emakume bat hilik zetzan, baina artean ezpainetako zatiño bati eusten zion. Azken batean, ez jakin nondik nora, bakarren batek berriro itzulia zien pertsonen duintasuna, nor izatera iritsiak ziren, atzera, besoan tatuatua zeramaten zenbaki hutsaren ordez. Akaberan, berriro hasiak ziren itxuraz arduratzen. Ezpainlapitz haiek gizatasuna itzultzen lagundu zieten».

Katixaren amatxiri ere antzera gertatu zitzaion eta «pianoa eta literaturari esker, berriz prezia ditzake hausnartzeko, ikasteko, irudikatzeko eta amesteko plazerak, hots, bere burua bizirik eta gazte sentitzeko gozamen eta loria». Udak ere badu dohain hori eta aukerak eskaintzen dizkigu esku beteka, nork bere ezpainlapitza aurki dezan. Argia iluntasunari nagusitu zaion tenore honetan, agian on egin diezaguke Amin Maalufen Argiaren lorategiak nobelako pasarte honek: «Nola izaki guztietan hala gauza orotan ere Argia eta Ilunbeak nahasi egiten dira. Datil bat jaten duzuelarik, mamiak janaritu egiten du zuen gorputza; haren gozagarriak, haren lurrinak eta koloreak, ostera, zuen espiritua elikatzen dute. Zuengan dagoen Argia edertasun eta ezagueraz elikatzen da, etengabe janaritu beharra daukazue, ez baita aski zuen gorputza leporaino betetzearekin. Zuen zentzumenak edertasunari erreparatzeko sortuak dira, hura ikusteko, arnasteko, ahogozatzeko, aditzeko, miresteko. Eskaini lurrinak, musikak, koloreak. Ekidin kiratsa, oihu lakarrak eta zikinkeria».

Laura Esquivelek Como agua para chocolate nobelan dio pertsona bakoitzak pospolo kaxa bat daramala bere barnean, eta pospolo horiek piztuko badira, nahikoa dela konpainia atsegin bat, afari goxo bat, laztan bat, kantu bat, liburu bat... Pospolo horientzako txinparta pizgarria, baina, aldatu egiten da pertsonatik pertsonara, eta bakoitzak aztertu beharra dauka nola pizten duen bere baitako sua. «Halako emozio sutsu batek hartuko gaitu. Geure baitan halako berotasun eztia sortuko da, zeina denboraren poderioz desagertu egingo baita, harik eta beste leherketa batek berriro ere eragiten duen arte. Bizi ahal izateko, pertsona bakoitzak deskubritu egin behar du zerk pizten dizkion barne pospoloak, izan ere sortzen den su horrek arima janaritzeko balio dio. Arriskutsua izan daiteke norberak bere txinparta horiek garaiz ez deskubritzea, izan ere pospoloak umeldu eta berriro sekula ez pizteko gisan gera baitaitezke...».

Alabaina, Txema Arinas adiskideak bestelako egarri bat erakutsi zuen azken zutabean. Gure literaturan autokritika, konplazentziarik gabeko testu gordinak, ikuspuntu etiko zorrotza aldarrikatzera etorri zitzaigun Sergei Dovlatoven Maleta ipuin liburuaren bitartez. Beharrizan edo pospolo horiexek nabarmendu zituen gure literaturaren —eta bizikidetzaren— osasunerako. Edonola ere, literatura arestiko ezpainlapitzaren oso antzekoa da, haren iraupena su lama bezain hutsala eta llaburra izan daiteke, udarena bezalakoxea... Gorputz baten egunerokoa nobelan, Daniel Pennac-ek udako amodioak ekarri zituen hizpidera, eta gazte maiteminduak, oporraldia amaiturik eta harropuzten duen gerra zauri sekretu baten gisara, gorputzean tatuatua daraman karminaren gorria; inondik ere ez du ezabatzea nahi, inondik inora han-hemenka gordea atxiki nahi luke, pasioaren oroigarri; baina bere senak diotso, karmina desagertzearekin batera, oroitzeari utzi, oroitzapenen poderioz iraunbizitzeari utzi, eta berriro hasi beharko duela bizitzen, berriro bizitzen hasi. Horixe gertatuko zaigu guri ere uda ostean, baina bitartean urtaro honek dohainak eta aukerak esku beteka eskaintzen jarraitzen du...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.