Koronabirusa

Arau eta fase arteko zalantzak

Hego Euskal Herria lehen fasera igaro den egunean, nahasmena eta dudak izan dira nagusi. Jaurlaritzak azken orduan argitaratu du buletina, eta Segurtasun Sailak han jasotzen ez ziren zenbait puntu zehaztu ditu

Emakume bat Urkulluren aurrean protestan, Bilboko Gurutzetako ospitalean, atzo. LAB.
Irati Urdalleta Lete - Jon O. Urain
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Baimenduta al dago senideak ikusteko beste herri batera joatea? Haurrekin terraza batean egon daiteke? Eta lagunekin zein ordutan elkartu daiteke kalean? Zalantza ugari sortu ditu azken egunetako neurri zaparradak.

Hego Euskal Herria lehen fasera igarota, bazirudien herritarrek hainbat baimen izango zituztela atzotik aurrera, baina EAEko buletin ofiziala argitaratzearekin batera, murriztu egin dira zenbaitentzat. Mugitzeko baimena da esanguratsuenetako bat. Espainiako Gobernuak probintzia barruko mugimenduak baimendu arren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «ohiko mugimenduak egiten diren udalerri mugakideen arteko joan-etorriak» baimendu dituzte, jarduera sozioekonomikoak egiteko. Halere, herritarrek euren udalerriekin muga egiten duten herrietara joateko aukera izango dute, lasterka, bizikletan edo menditik oinez, betiere bidea euren udalerrian hasten badute.

Etxean elkartzeko aukerak ere zalantzak sortu ditu. Ertzaintzak hitz bakarra jaso du puntu horretan: ez. Radio Euskadin, Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak berretsi du ezin dela «hamar laguneko talderik» elkartu etxe batean, festa bat egiteko bada: «Ezin da, eta ez da komeni». Hala ere, etxean «talde txikietan» jendea batu daitekeela esan du.

Foruzaingoak, ordea, bestelako irakurketa egin du. Nafarroako Gobernuak Foruzaingoari emandako irizpideen artean jasotzen dira, hitzez hitz, Espainiako Gobernuak Aldizkari Ofizialean jasotakoak; hamar lagun arteko bilkurak onartuta daudela, zehaztu gabe horiek kalean edo etxean izan behar duten. BERRIAk galdetuta, Foruzaingoak azaldu du, debeku zehatzik ezean, baimendutzat ematen dituztela etxeko bilkurak ere.

Eta ezinegonaren erakusle izan dira Gurutzetako ospitaleko langileen protestak. Atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Nekane Murga Osasun sailburuak bisita egin zuten, eta oihuka hartu zituzten langileek. LABek azaldu zuenez, osasun arloko langileek bizi duten egoera salatzeko egin zuten protesta, eta agerian utzi nahi izan zuten «gobernuak zein osasun arloak» egin duten kudeaketa «kaskarra eta propagandistikoa». ELAk adierazi zuenez, koronabirusaren krisiaren kudeaketan izan dituzten baldintza «prekarioak» salatzeko egin zuten elkarretaratzea.

Kalean ibil al daiteke?

Bai, elikagaiak, botikak eta 0 eta 1 faseetan onartutako produktu edo zerbitzuak erosteko edo kontsumitzeko bada; baita osasun zentroetara, lantokira eta handik etxera, eta adinekoak, adingabeak, menpekotasunen bat dutenak eta pertsona zaurgarriak zaintzera joateko bada ere; edota banketxera, notarioarengana, abokatuarenera edota kudeatze agentziara joateko bada.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango da egoera hauetan: osasun, lan, lanbide edo enpresa arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza eta prestakuntza arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere. 14 urtetik beherakoak heldu batekin joan daitezke, baimendutako jardueraren batera baldin badoaz.

Erkidego osoan mugitzea baimenduta dago umeak edo bilobak zaintzeko.

Zein saltoki daude irekita?

Batetik, orain arte zabalik zeudenak; elikagaiak saltzen dituztenak, farmaziak, osasun zerbitzuak ematen dituztenak, optikak, prentsa, gasolindegiak, gailu teknologikoak saltzen dituztenak, tindategiak... Bestetik, gainerako saltoki minorista guztiak, 400 metro koadroko azalera baino gutxiago badute. Saltoki horietan, %30era murriztu beharko dute edukiera, eta gutxienez bi metroko tartÞea bermatu behar dute bezeroen artean; ezin bada, bezero bakarra sartu ahal izango da dendan. Gainera, lehentasunezko ordutegi bat ezarri beharko dute 65 urtetik gorakoentzat.

Azokak egin daitezke?

Bai, osasun neurri batzuk hartuta. Udalek distantzia irizpide batzuk ezarri beharko dituzte, eta ohiko postuen %25 baino ezingo dira jarri. Jai azokak, ordea, debekatuta daude, oraingoz. Auto bidezko salmentak onartu dituzte, udalaren baimena badute eta salgaiak premiazko produktuak badira. Horiei ordutegi bat ezarri diete: 08:00etatik 15:00etara.

Ibilgailuak konpontzeko tailerrak?

Ireki ahalko dira, autoak konpontzeko eta piezak saltzeko.

Kontzesionarioaketa IATa?

Ateak zabal ditzakete, baina aurrez txanda hartuta joan daitezke bezeroak.

Beilak, hileta zeremonia zibilak eta erlijiosoak?

Baimenduta daude; hamabost lagun elkartu daitezke gehienez leku irekietan, eta hamar, itxietan. Edonola ere, osasun neurriak eta bi metroko tartea errespetatu beharko dira. Gurtza zentroetara joan ahalko da, baina edukiera %30era murriztuko da.

Ostalaritzako terrazak zabaldu daitezke?

Bai, %50 murriztuta. Bi metroko tartea utzi beharko da mahaien artean, baina udalerriek baimena eman dezakete mahai kopurua eta horiek kokatzeko eremua handitzeko. Gehienez hamar lagun elkartu daitezke mahai bakoitzean, eta ordutegi muga bakarra itxierakoa da; 23:00. Elkarte gastronomikoek itxita jarraitu beharko dute.

Agiria behar da lanera zoazela ziurtatzeko?

Ez da derrigorrezkoa, baina gomendagarritzat jo du Ertzaintzak.

Zein baldintza daude jarduera fisikorako?

14 urtetik gora edukitzea, bakarka egitea, egunean behin, denbora mugarik gabe, baina ezarritako ordutegien barruan.

Eremu publiko orotan egin daiteke; baita ingurune natural edo berdeetan ere, udalerri barruan edo ondokoan —Nafarroan, soilik udalerri barruan—. Ezin da kirolik egin leku itxietan.

Paseoak, nola?

Bakarka edo etxekoekin, ezarritako orduetan. Jaurlaritzaren kasuan, udalerrian bertan edo ondokoan. Nafarroako Gobernuaren arabera, berriz, bizilekutik kilometro batera gehienez.

Mendekotasunen bat duten senideekin zer?

Baimenduta dago bisita egitera edo zaintzera joatea.

Zeintzuk dira autoan joateko baldintzak?

Bederatzi lekurainoko auto pribatuetan, ilara bakoitzeko pertsona bakarra joan daiteke, diagonalean eta maskara jarrita. Elkarrekin bizi direnak auto berean joan daitezke, maskara eraman beharrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.