Bixente Martinez. Musikaria

«Lekuak eramaten zaitu beste nonbaitera, markatzen zaitu»

Urmugako emanaldietan parte hartzen ari da. Aizpearron joko du bihar, Aralarren, eta Baigorrin igandean, Etxauzia jauregian, Donostiako Orfeoiarekin. Sortzen den giroa nabarmendu du.

«Lekuak eramaten zaitu beste nonbaitera, markatzen zaitu».
jakes goikoetxea
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bixente Martinez musikariaren (Eibar, Gipuzkoa, 1954) astea izan daiteke hau Urmugan: Otxandion (Bizkaia) jo zuen aurreko ostiralean, Otzaurten atzo (Zegama, Gipuzkoa), Aizpearron joko du bihar (Nafarroa) eta Baigorrin (Nafarroa Beherea) igandean. Emanaldi mota ezberdinak dira guztiak, gainera. Eskarmentu handiko musikaria da eta ibilbide luzea du, baina Urmugako emanaldi bereziek hunkitzen dute.

Noiztik duzu harremana Urmugarekin?

Hasiera-hasieratik ezagutzen dut. Aspalditik ezagutzen dut Migel Zeberio, Et Incarnatus orkestraren sortzaile eta zuzendaria, eta Urmugaren sortzaileetako bat. Migelen anaia, Xabier, duela hogei urte baino gehiago sartu zen Oskorrin, eta harremana dugu.

Proiektuaren hasieratik jo duzu Urmugako emanaldietan?

Hasieratik ez, neuk ere bestelako proiektuak izan ditudalako. Kontuan da aurten nire ibilbidearen barruan momentu egokian harrapatu nauela haiekin zerbait egiteko, eta haiek aintzat hartu nautela. Dena den, zuzenean jotzen parte hartu ez badut ere, hasiera-hasieratik ibili naiz ikusle eta jarraitzaile gisa Urmugan.

Aurtengo egitaraua ikusita, askotan agertzen da Bixente Martinez.

Hala suertatu da.

Zer da musikari batentzat mendian, naturan jotzea, ohiko oholtzetatik kanpo?

Izugarri polita da. Ohiko lekuetatik kanpo, horrelako leku natural izugarrietan jotzea... ederra da.

Lekuak eragiten du?

Bai, lekuak eramaten zaitu beste nonbaitera. Lekuak berak markatzen zaitu. Adibidez, Aizpearroko kontzertua. Ez naiz inoiz egon, baina uste dut anfiteatro izugarri polita dela.

Gainera, esan behar da aretoetan eta plazetan sekulako ekipoak eraman behar izaten direla; kasu honetan, ordea, azpiegitura teknikoa oso xumea da, eta garrantzitsuena, benetan axola duena, lekua, musika eta sortzen den giroa dira.

Jolasteko aukera gehiago sortzen dira?

Bai, gauzak naturalagoak eta erlaxatuagoak dira, eta giro berezia sortzen da, bai publikoaren eta musikarien artean, bai musikarion artean. Elkar ezagutzen dugu, baina oso gutxitan elkartzen gara horrelako egoera berezietan.

Aizpearron izango dira Eñaut Elorrieta, Alex Sardui, Olaia Inziarte, Alaitz eta Maider, Mikel Urdangarin... Horrek bereziago bihurtzen du emanaldia?

Esan beharra dago musikari asko elkartuko garela, estilo desberdinetakoak, baina denak euskal musikaren barrukoak, eta Et Incarnatus orkestrarekin batera. Beraz, musikalki ez da ohikoa Et Incarnatus orkestrarekin batera jotzea. Lotura nagusia Et Incarnatus orkestra da. Denok jotzen ditugu egun horretarako propio egindako moldaketak, orkestra batek jotzeko modukoak.

Zer joko duzu? Txoria buruan eta ibili munduan diskorako egindako moldaketak?

Disko horretako hiru kantari moldaketa bereziak egin dizkiet orkestrak eta neuk elkarrekin jotzeko.

Musikarien zerrenda ikusita, zaila izango da bakoitzak bere kantak bakarrik jotzea.

Zer gertatzen da gero? Denok elkar ezagutzen dugula eta berezia dela egun berean guztiok elkartzea. Momentuko inprobisazioa oso polita da, eta horrelako egoera batek hori ahalbidetzen du. Gauza bereziak gerta daitezke.

Igandean, Baigorrin, Donostiako Orfeoiarekin joko duzu. Beste era bateko emanaldia izango da?

Hori guztiz desberdina izango da. Han orkestrako partaide gisa egongo naiz, ez nire musika jotzeko. Eltzegor taldeak sortu zuen Sasitik sasira kantataren bertsio sinfonikoa eta korala egingo dugu, eta niri egokitu zait gitarra jotzea. Ziur oso polita izango dela:Et Incarnatus, Donostiako Orfeoia, gainerako gonbidatuak...

Urmugako emanaldiez gain, zer moduz doa uda?

Aurten nahiko lasai nabil, baina uda ostean pare bat gauza abian jartzeko lanean ari naiz. Badakizu, gure lanean oso erraza da lan egitea; gero zailagoa izaten da hori kalera ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.