KRITIKA. Zinema

Gerrako haurren ibilbidea

Un sac de billes filmeko irudi bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun

'Un sac de billes'





Zuzendaria: Christian Duguay. Herrialdea: Frantzia.Iraupena: 110 minutu.

Aldi berean bidegabea eta ezinbestekoa da. Un sac de billes hona hurbiltzean 1980ko hamarkadaren amaieran Louis Mallek ondu zuen maisulanera joan zitzaigun gogoa. Au revoir les enfants hark Bigarren Mundu Gerraren ondorioak haurren begiradatik eman zigun, era eder eta gordin batez bonbetatik urrun izan ziren miseriak begi aurrean jarriz.

Nolanahi ere, oso bestelakoa da Christian Duguayk film honetan egiten duen proposamena. Haurren bizipenak hor dira, eta okupazioan eta kolaborazionismoan murgilduta zegoen Frantzia da istorioaren agertokia. Hortik abiatuta, arruntagoa da Un sac de billes-ek eskaintzen duen narrazioa. Alde horretatik, ezin esan filmak elementu original asko dituenik, molde diferenteetan hamaika aldiz kontatu zaigun istorioa baita, latza baina ezaguna.

Gaiari hurbiltzeko moduan nabarmena da telebistaren baliabideen eragina. Un village français telesail ezagunaren lehengusu txikia balitz bezala, A Sac of Billes atalka dago egituratuta, molde nahiko zurrunean. Dena den, horrek ere aukera emanen dio planoen konposizioa eta lokalizazioak modu libreagoan maneiatzeko, film argitsua eta espazio zabalekoa lortuz.

Era berean, Duguayk jakin badaki haurren ikuspegitik kontatutako istorioa izateak aukera erraza zabaltzen diola ikuslearen emozioengana iristeko, eta abantaila hori garapenean zein pertsonaien eraikuntzan baliatuko du, ñabarduretarako ia tarterik utzi gabe.

Hutsuneak hutsune, A Sac of Billes-i meritua aitortu beharko zaio: istorioak dituen ezaugarriengatik ia denbora osoan amildegiaren ertzetik ibiliko bada ere, ez da inoiz guztiz eroriko, eta, estropezu eginen duenean ere, altxatzen eta aurrera segitzen jakinen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.