David Aragones. Adicae-ko kidea

«Orokorrean motz gelditu da legea bezeroa babesteko»

Aukera sortu zenetik alegazioak jarri dizkio Adicae elkarteak Hipoteka Legeari. Aurrerapenak igarri dituzte araudian, baina baita puntu asko itxi gabe utzi direla ere.

2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Hipoteken eztabaida mahai gainean Europak jarri zuenetik zer esan ugari izan du Adicae (Bankuen, Kutxen eta Seguruen erabiltzaileen) elkarteak. Alegazio asko jarri dituzte, eta zenbait aseta daude lege berrian. Hala ere, bezeroa hobeto babesteko gardentasunean hobetu behar dela nabarmendu du David Aragones elkarteko bozeramaileak.

Orokorrean hitz eginda, lege berri honek aldatuko al du hipoteken merkatua?

Gaur egun dagoenarekin alderatuta, bai, hobera. Kontsumitzailea pixka bat gehiago babesten du lege berriak. Guretzat, dena den, ez da nahikoa. Korrika eta presaka prestatu eta onartu dute legea. Helburua Europako isuna ez jasotzea izan da, ez XXI. mendeko lege bat sortzea.

Berandu, baina onartu dute aldaketa. Bezeroak igarriko dio bere poltsikoan?

Orokorrean proiektuak hobera egin du: zoru klausula kenduko dute, hipotekaren gastuak banatuko dira, eta gehienak bankuak berak oraindu beharko ditu, eta komisio batzuk murriztuko dira. Bezeroak igarriko dio bere poltsikoan.

Zer aldatuko zenukete lege honetatik?

Legeak ez ditu moztu bankuen zenbait gehiegizko praktika. Muga jarri die zoru klausulari eta hipoteken gastuei. Baina irekiera komisioari, esaterako, ez zaio mugarik jarri, ez dauka goirik. Berdin egin dute hipotekari lotutako produktuekin. Legeak dio orokorrean debekatuta daudela, ohiz kanpoko egoeretan izanezik. Ohiz kanpoko egoera mordoa daude. Horrek legitimatu egiten du erabiltzea. Bi puntu horietan aurki ditzake bankuak abusuak egiteko aukera berriak.

Etxegabetzeetan kontsumitzailea babesik gabe dagoela esan izan duzue. Zergatik?

Oso kritikoak gara hipoteka exekutatzeko klausulan. Guk ez genuen proposatu ordaindu gabeko kuota kopuru bat. Guk kredituaren kopuru bat jarri genuen, %10. Esaterako, 200.000 euroko mailegua bada, ordaindu gabekoa 20.000 eurora iristean jarri ahalko luke bankuak martxan etxe gabetzea. Alemanian %10 da, Italian %12,5 eta Frantzian ia %20. Oso urria iruditu zaigu igoera.

Legeak gehiago babestu beharko luke bezeroa?

Orokorrean motz gelditzen da bezeroa babestu ahal izateko. Asmo ona igartzen zaio legeari baina praktikan ez ditu zuzentzen edo galarazten abusuak. Adibidez, ez dio ezer espekulazioari buruz, ezta atarikoan ere.

Merkatuan eraginik izango al du legea abian jartzeak?

Merkatua interes finko hipoteketara bideratzen ari dira. Hipoteka on bat eskaintzen badizute interes finko batekin mundu guztiak lotu nahi du. Finean, mailegu osoan zer ordainduko duen jakingo du bezeroak. Baina gehiago kezkatzen gaitu interes mota mistora ere bideratzen dabiltzala.

Zer da interes mistoko kreditua?

Banku askok eskaintzen dituzte kredituak lehenengo bost edo hamar urtetan interes finkoarekin eta hortik aurrera interes aldagarriarekin. Orain, Euriborra negatiboan dago, hemendik 5-10 urtera igota egotea espero dute.

Notarioaren figura sartu du legeak mailegu eskatzailea informa dezan. Ez da nahikoa?

Ez du gardentasuna hobetzen. Notarioak aholku juridikoa emango dio bezeroari, baina beste puntu asko daude, hala nola euriborra edo merkatua ulertzea. Gardentasuna beharrezkoa da. Zoru klausulak baliogabekoak eta gehiegizkoak deklaratu ziren gardentasun faltagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.