KRITIKA. Antzerkia

Lumumba vs. Dutroux

Agus Perez.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun

'Five easy Pieces'

Kontzeptua, testua eta zuzendaritza: Milo Rau. Umeen ardura eta ekoizpen laguntzailea: Ted Oonk. Eszenografia eta jantziak: Anton Lukas. Ikerketa: Mirjam Knapp, Dries Douibi. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 11.

Patrice Lumumba Kongoko Errepublika Demokratikoko lehen presidente bihurtu zen Afrikako erraldoia Belgikatik askatu orduko, baina laster hasi zen Katangako gerra, Belgikako interesak eta mineral estrategikoak tarteko. Lumumbak Sobietar Batasunari laguntza eskatu ostean, CIAk antolatu zuen lider deserosoaren atxiloketa, eta Katangan hil zuten, Belgikako zein AEBetako agenteak bertan zeudela.

Marc Dutroux Belgikan jaio zen, baina aita orduko Kongo belgikarrean zegoen —lanean demagun— eta ama erditu ostean hirurak elkartu ziren Afrikan, independentziaren ondorioz Europara itzuli aurretik. Orain dela hogei bat urte ezaguna egin zen Dutroux, zortzi-hamar urteko neskatoak bahitu, bortxatu, torturatu eta hiltzeagatik. Haietariko batzuk bizirik lurperatu omen zituen.

Lumubak bizitzarekin ordaindu zituen duintasuna eta bere herriarekiko maitasuna. Duintasunik eta maitasunik gabeko Dutrouxek umetxoen bizitzak eraman zituen heriotzara.

Milo Rau suitzar zuzendariaren Five easy Pieces-en horren guztiaren berri eman digute, oso era berezian gainera, emankizuneko protagonistak Flandriako hamar eta hamahiru urte bitarteko umeak izan direlako. Haien alboan Ted Oonk heldua egon da une oro, sendo eta hurbil haien laguntzaile eta gidari gisa, eta ikusleak eszenatokian bertan egon gara.

Emanaldia hasi aurretik beren artean hizketan ibili dira umeak, bakoitzari zegokion posizioa utzi gabe. Behin emanaldia hasita, Oonk hasi da casting moduko bat egiten, eta horren bidez eduki dugu artista txiki bakoitzaren asmoen eta gaitasunen berri: batek pianoa jotzen du, beste batek akordeoia, mutiko bati dantza klasikoa gustatzen zaio, beste batek izen-abizen espainolak ditu baina nederlanderaz hitz egiten du beste guztiek bezala, eta Indonesia aldeko neskatoak abesten daki. Guztien artean osatu dute Lumumbaren garaietan hasi eta Dutrouxen zuloan amaitu zen denbora, ganora osoz antzeztu ere, eszenografia irudimentsuak eta atzeko pantailan proiektatu diren irudiek lagunduta.

Irudi batzuk umeen antzezpenen zuri-beltzeko grabazio zuzenak izan dira —Dutrouxen aitari egindako elkarrizketa edota neskato batek bere ziega miserabletik gurasoei idatzitako gutun erdiragarria— eta beste batzuetan—Kongoren independentzia eta neskato baten hileta, adibidez— antzezle helduak agertu dira pantailan, hango zein eszenako keinu eta jarrerak paraleloan zihoazela. Emaitzak zirrara sakona eragin du gu guztiongan, zelan ez, baina niri behintzat zalantza moral bat geratu zait horren guztiaren ostean: noraino da zilegi eszenako umeei beren adinetako beste batzuek sufritu zuten infernu itzel hura buruz ikastera eta antzeztera bultzatzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.