Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Gu

2018ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Hormaren ondoan lo egiten dute euren aukeraren zain. Beti ez dira hormak izaten, batzuetan sareak eta hesiak ere jartzen dizkiete. Eta polizia: polizia armatua. Europara bizirik heldu nahian abiatzen dira euren herritik, baina Europak ez ditu bizirik nahi. Edo bai; baina ahal denik eta urrunen. Orduan, etengabe mugak zeharkatzean datzan odisea hasten dute. Zapaltzen duten herrialde bakoitzeko, helmugatik hurbilago sentitzen diren bakoitzeko, garaipen txiki bat sentituko dutela pentsatzen dut, baina bide saria garestiegi ordaintzen dute.

Melillako hesiaren aurrean egiten dute lehen geldialdia batzuk, Europa Ekialdeko burdin sareetan beste batzuk eta Bilboko portuan askok eta askok. Bai, Bilboko portuan.

Ez dugu ikusi nahi, baina horma eraiki dute Bilboko portuan. Eta ez pentsa inor sar ez dakigun egin dutenik; ez. Hormaren helburua inor ez ateratzea ei da. Bueno, inor baino, jende pobrea ez ateratzea. Ekialde hurbiletik zein Afrika urrunetik edo Amerika galdutik etorri, eta paperik gabe Erresuma Batura iritsi nahi dutenak Bilbotik euren herrialdeetara bidaltzea da kontua. Edo horrelako zerbait. Behintzat, handik beste inora joateko bidea itxi egin zaie.

Gure herrian esaten den moduan, astoa bere buztanari haginka dabilenean bezala gabiltza, buelta-bueltaka: guk armak bidaltzen ditugu Bilboko Portutik hara urrunera. Han urrunekoek herriak kiskaltzen dituzte gure portutik ateratako armekin. Bonba horietatik ihesi datorren jendea Bilboko portura iristen da mila buelta eman ondoren, eta han, gure portuan, euren herriak suntsitzeko armak kargatzen diren lekuan, bidea moztu egiten diegu.

Guk, Mendebaldeko pobreok, badaukagu Easyjet. Guk ezin dugu ezer egin arma bidalketak saihesteko. Guk ezin dugu horma hori bota. Guk telebistaren aurrean munduko agintari guztien kontrako maldizioak esaten ditugu, baina gero, errealitatea pantailarik gabe ikusten dugunean, ez dugu hura aldatzeko ezer egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.