maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Zorionak

2017ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Mikel Rodriguezen txio katea irakurri bazenuten, gaurgero jakinen duzue Olentzero eguna zein garrantzitsua den Lesakako herritarrentzat. Olentzero ez baita opariak ekartzen dituen pertsonaia hori bakarrik, baizik eta abenduaren 24an eta aurreko egunetatik herrian protagonismoa hartzen duen ohitura indartsu bat.

Hilabeteak lehenago hasten dira herriko kuadrillak egurrezko plataformen gainean Olentzero apaintzen. Ez, ordea, nolanahi: urtero gai baten bueltan, mimo handiz egiten dituzte etxolak eta iturriak, lortzen lantresnak, animaliak... Eta berdin ikus daiteke Olentzero ardiei ilea mozten, amuarrainak garbitzen edo teilak egiten labe eta guzti. Aurrez entseatuta eta bi ahotsetan kantatzen diote gazteek Olentzerori eguerdian egiten den lehiaketan, eta irabazten duenak arratsaldean herriari buelta emateko ohorea eskuratzen du.

Ni ere erdi-lesakarra izanik, urtero bizi dut emozio handiz eguna, eta zer erranik ez aurtengoa. Lehen aldiz neskek bakarrik osatutako Olentzero batek irabazi baitu lehiaketa, eta lehen aldiz eman baitio buelta neska kuadrilla batek herriari bandaren laguntzaz, ohiko zakarkeria eta guzti. Sariaren ondorioz sorturiko zurrumurruei kasurik ez egin eta malko txiki bat atera zitzaidan bukaera-bukaeran herriko plazan azken aldiz kantatu zutenean Horra-horra. Gogora ekarri nituen, bertzeak bertze, neskaz bakarrik osatutako lehen Olentzero egin genuenekoa (azkenak gelditu ginen orduko hartan, baina kritikei aurre eginez ateratzea bera izan zen nahikoa lorpen); edota neskei kantatzen uzten ez zieten kuadrilla batean, irabazten zutenean nola ateratzen ziren neskak mutilen arrimura.

Ezinegona ere sortu dit ikusteak ze min ematen dieten batzuei halako gertaerek; ohartzeak zein zailtasun daukaten batzuek bigarren lerrora pasatzeko. Historia, ordea, horrelako keinu txikietan ere idazten da. Zorionak, neskak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.