Mikele Landa.
LARREPETIT

Isiltasuna kutsatzen

2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Sexuari buruz hitz egin behar da. Kondoiez hitz egin behar da. Sexu-transmisiozko gaixotasunez hitz egin behar da. Hitz egin behar da. «Isiltasunak erail egiten duelako eta ezagutza delako horren aurkako arma bakarra».

Eslogan hori ACT UPParis taldeko ekintzaileek 90eko hamarkadan baliatu omen zuten, «120 taupada minutuko» (120 Battements par minute) filmaren arabera. Egunotan zinemaldian ikus daitekeen Robin Campillo zuzendariaren lanak hiesak mundua gogor jo zuen garaia dakar gogora. Orduan, instituzio eta farmazeutiken ahalegin urriak nahikoa ez zirela ikusita, gay eta lesbiana kolektiboko zenbait gaztek antolatzea erabaki zuten.

Lobby bidezko presioa baliatu zuten sendagaien ikerketa bizkorrarazteko. Gaixotasunak kideak hiltzen zizkien bitartean, hiesa pairatzen zuten minoriei ahotsa eman zieten: droga-menpekotasundun pertsonei, presoei... Baina beraien mobilizazioen jomuga kontzientziazioa izan zen bereziki. Pairatzen ari ziren gaixotasunari buruzko informazioa izan zen beraien arma.

Aurten argitaratu dituzten azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan gora egin dute sexu harreman heterosexual bidezko hiesa kutsaketek. Aluko ile guztiak depilatzea, bekainak margoztatzea eta bizarra edukitzea ez bezala, kondoia erabiltzea ez omen dago modan. 1829 urte bitarteko gazteekin egindako inkesta baten emaitzek hala diote: estatuko gazteen %45ek ez dute beti kondoia erabiltzen. Sexu harreman heterosexualak izateak ekar dezakeen arrisku handiena haurdun geratzea dela sinistuta, pastilla antisorgailuekin nahikoa dela uste dute gero eta gazte gehiagok. Hiesa aspaldiko mamu bat omen da. Gonorrea, norberari ez omen zaio inoiz tokatuko. Klamidia, sifilisa, hepatitisa... Egia da 90eko hamarkadatik hona medikuntzak gaixotasunoi gero eta traba gehiago ipini dizkiola. Baina, isiltasunak ezjakin bilakatzen bagaitu, trabek gutxirako balioko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.