maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Aliantzak

2017ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Duela pare bat aste Baionan izan ginen Médine rap abeslari frantses ezagunaren kontzertuan. Zizpa gaztetxeko kideek ekarria zuten, polizia indarkeriari buruz antolaturiko astean —beste hitzaldi interesgarri ugari ere bazituzten programatuak, tartean, polizia-etxean hildako Adama Traoré-ri buruzkoa—.

Ez genuen bereziki ezagutzen rap abeslaria, baina behin Euskal Herrira etorrita, eta gaztetxera gainera, ezin genuen galdu okasioa: kuriositatez hurbildu behar genuen behintzat.

Musikalki gozatu genuen topaketa, baina beste gauza batek deitu zigun gehiago atentzioa. Bitxia egin baitzitzaigun hara hurbiltzerakoan topatu genuen jende nahasketa. Alde batetik gaztetxeko eta oro har mugimendu euskaldun eta abertzalearen inguruan ibili ohi den jende gazte andana bazen, Lapurdi eta Baxenabarretik hurbildutakoa. Baina bestalde —eta horrek deitu zuen gure begirada—, San Izpiritu eta ZUP auzoetako ohiko biztanleria ere presente zegoen, rap abeslariak agian gu baino gehiago deitua. Eta gure begietarako gaztetxe batean hain ohikoa ez den azal kolore eta janzkeraduna.

Bitxia egin zitzaigun, bai, baina ederra, halako jende bat ustez gurea den espazio batean ikustea. Eta denak elkarrekin egotea, helburu bera eta bakarrarekin: kontzertuaz gozatzea. Eta ederra bakarrik ez; pixka bat pedante jarrita, estrategikoa ere iruditu zitzaigun, maiz erran baina gutxitan egiten duguna lortu baitzuten Baionako gaztetxeko kideek: aliantzak sortzen laguntzea gutxiagotuak garen eta puntu komunak ditugun kolektiboen artean.

Txalogarria eta errepikagarria gazteek egindakoa, nahiz agian natural atera (hala bada hobe), Baiona frantses batean norbaitekin elkartzekotan, agian, eta tartean, jende multzo horrekin izanen baita. Damu ala zalantza bakarra dut: aliantza horiek estrategikotzat jotzen ditugunok egiten ote ditugun halako ahaleginak kontrako norabidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.