Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Politika

2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Ustez ezkerrekoa den politikari baten ezkerrekotasuna haren txaletaren salneurriaren arabera neurtzen da. Baina kontua da eskuinekoaren apartamentu berriaren salneurria izan dela haren bizimodua kastadunenaren modukoa dela pentsatzera eraman gaituena ere. Edonor sar daiteke kultura eta kirol ministerioan, baldin eta ogasunarekin zorrik ez badu izan inoiz. Berdin dio kulturari buruz duen ikuspegiak, sekula kirolarekin loturarik izan ezak, bizitza kudeatuko dien zenbait jenderi buruz duen iritziak. Horrek guztiak bost axola: titular batean jartzeko moduko akats larririk ez baduzu, balio duzu. Euroak eta euroak eta milioika euro ostu ditzakezu, obren adjudikazioetan tranpa egin dezakezu diru truke, baina, kontuz, aurpegirako krema bi osten badituzu, dimititu egin beharko duzu. Eta horrela berdintzen dira bizitzan egindako gauza desegokiak eta herriari ostutakoa.

Eztabaida politikoa aldatu egin da. Desbideratu. Elkarren zikinak ateratzea da orain jokoa. Berdin dio ideologiak. Alderdi popularrari aurpegira botatzeko dugun bakarra ustelkeria dela dirudi. Noiz, eta lan erreforma, hamasei urterekin abortatzeko gurasoen baimena, hezkuntza legea, kode penalaren erreforma... eta beste hainbat neurri ezarri dizkigunean. Eta hizketan entzun izan dudanean, pentsatu izan dut alderdi sozialistak ipinitako Kultura ministroaren gaitzik txikiena dela ogasunari iruzur egitea. Zer esanik ez, ezkerra eta eskuina ez aipatzearren, goia eta behea, edo kasta edo bestelako eufemismoak erabiltzea oso arriskutsua iruditzen zait. Izan ere, goian eta behean dago jendea prest Espainiaren apurtezintasuna edozelan defendatzeko.

Eta ahaztu egiten zaigu arazo politikoaren muinean dagoena dela gaur eta hemen sistema politikoa erabat ustelduta dagoela. Baina alternatibarik ez dago: politika egiteko nahikoa da Twitter kontu bat izatea edo liburu bat idaztea edo familiaz alderdi konkretu bateko partaidetza jaso izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.