maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Komunikazio kanpainak

2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Komunikazio kanpainetan fin dabilela iruditu zait azkenaldian, eta urrats bat aitzina egiteko izen aldaketa egin nahi du orain Frantziako Fronte Nazionalak. Igandean proposatu zuen Marine Le Pen liderrak, Lillen egindako kongresuan. Azken hauteskundeetan izandako porrotari buelta eman eta guda politikoari indarrez heldu nahi dio izena aldatuta. Eta zaharra atzean uztearen argudio nagusia: fronte hitzak konfrontazioa erakusten duela, eta orain arte horretan aritu diren arren, orain front ordez pour egin nahi dutela; alegia, Frantziaren alde. Frantzia irabazteko.

Nazional hitza ez dio kendu nahi izan izenburutik, ordea. Eskuin muturrekoa ez ezik, Fronte Nazionala zerbait bada, frantses nazionalista sutsua baita. Eta front-en ordez rassemblement jarri nahi diote aurrizki, alderdiko kideen babesa jaso eta proposamenak aitzina egiten badu, behintzat: Rassemblement National, edota elkarretaratze nazionala. Frantzia guzia batzeko.

Jean-Marie Le Pen alderdiko lider ohia ez da ados agertu izen aldaketarekin: «erailketa politikoa» litzateke kanbiamendua, aho-handiaren erranetan. Marine Le Peni guti asko inportako zaio, ordea, aita gainetik kentzea, izenaren berritzearekin horixe baita bilatzen duena, hain justu: aitak alderdiari ematen zion kutsu muturrekoa kendu, eta itxura berri bat ematea. Edukiari eutsiz, baina aurpegia aldatuta.

«Erabaki sinboliko eta politikoa» deritzo Le Monde egunkariak Marine Le Penek proposaturikoari. Eta ez da gezurra. FNk gorroto automatiko bat baitzekarren ezkertiarren eta ustezko ez hain eskuindarren artean: arbuio bat, bazterketa bat, beto bat. Hain erraz ukatuko ote diote sarbidea RN berriari? Emaitza elektoraletan irabaziko duten ez dakit, baina aurpegia are gehiago zuritzeko balioko die, seguru. Baita, bertze behin ere, gu haietaz hizketan aritzeko, nahi gabeko komunikazio kanpaina gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.