Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Arrakala

2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Afrika erdibitzen ari da. Kenyaren hegoaldean kilometroetako arrakala sortu da. Bertakoak estutu egin dira: oinpean duten lurra ireki egin zaie. Geologoek lasaitasuna zabaldu nahi izan dute: argi ei dago Afrika zatitu egingo dela, baina ezin omen da zehatz esan noiz. Dirudienez, lau milioi urte inguruko prozesua izan daiteke osorik erdibitu artekoa. Hori bai, hemendik lau milioi urtera, Kenya inguruko lakurik garrantzitsuenak, sumendiak... Beste kontinente batean egotea lez egongo dira. Ordura arte, baina, lasai egon behar dugu. Lurra bizirik dago, baina astiro egiten ditu aldaketa sakonak.

Gizakiak ostera, ri-ra eraiki eta deseraikitzen ditu arrakalak. Afrika bera, esate baterako, lau milioi urteri usainik ere hartu gabe banatu zuten. Eskuadra eta kartaboiarekin banatutako mapa bat ikasi genuen eskolan. Munduan denik eta maparik absurdoena. Imajina nitzake Belgika, Frantzia, Holanda, Ingalaterra, Espainia zein Portugalgo agintariak mahai baten inguruan: hemendik hona neuretzat, hori beste bazter hori hartu zeuk, hemen petrolioa dago eta neu iritsi nintzen lehenengo... Eta orain Afrika erdibitu egingo dela dioten honetan, pentsatzekoa da, ezinezkoa dela lehen mila zatitan apurtutakoa orain erditik bi egitea.

Eta lau milioi urte biziko ote garen pentsatzen hasi gabe eraiki ditugu arrakalak. Baina lurrean behera zuloak eta zangak egin ordez, lurretik zerura. Belfasteko kaleak horma batek zeharkatzen ditu, palestinarrak hormarekin isolatu eta ito dituzte israeldarrek, mexikarrak hormaren bestaldean nahi ditu Trumpek, Berlin erditik bi eginda munduari potentzia biren menpean eustea nahi izan zuten duela ez hainbeste urtera arte.

Lau milioi. Lau milioi urte behar ditu naturak bereizketa bat egiteko, eta guk ez dakigu besterik sortzen arrakalak baino: gizon eta emakumeen artean, aberats eta pobreen artean, zuri eta beltzen artean, lodi eta argalen artean... baina milaka urte daramatzagu arrakalaz betetako mundua osatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.