Mikele Landa.
LARREPETIT

Aguirre, Bejart eta Beethoven

2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Entzuteko ahalmenaren galera ezingo zuela ekidin konturatu zenean amore ematekotan izan zen Beethoven, dohainik preziatuena baliatu ezingo zuela pentsatze hutsak buruaz beste egitera bultzatu zuen ia. Baina sortzen eta bizitzen jarraitu zuen. Entzun beharrean, musika ikusteko gaitasuna garatu baitzuen; bere partituren bitartez doinuen forma begi-bistan paratuta. 1824. urtean Bederatzigarren Sinfonia estreinatu zuenerako jada guztiz gortuta zegoen.

Musika norbereganatzeko zentzumenen truke horretaz mintzo da Arantxa Aguirre, Goya sarietara nominaturiko Dancing Beethoven dokumentalean. Filmak Laussaneko Bejart Balleta, dantzaren bitartez Bederatzigarren sinfonia oholtzaratzeko prozesuan irudikatzen du. Aguirrek Ballet bati beste erpin batetik so egiteko aukera luzatzen dio ikusleari. Osagaiak aurkezten dizkigu: Koreografia, koreografoa, dantzariak, musikariak... eta bakoitzari leihotxo bana zabaltzen die, elementu hutsetik haratago izaki direla ulertarazteko. Elkarrizketetatik erretratuak eskuratzen ditu, baita 2007an zendu zen Maurice Bejart koreografoarena ere. Gainontzekoen hitzen eta gorputzen bitartez bada ere ezagutzera irits gaitezkeena.

Bejartek Beethovenen musika ikusteko gaitasuna bere esparrura eraman eta partiturak guztiontzako ikusgarri bilakatu zituen sortutako mugimenduen konposizioari, koreografiari esker. Arantxa Aguirrek Bejarten ahalmena bereganatu eta berezko duen ikus-entzunezkoen lengoaiara eramatea izan du helburu, bere hitzetan azaldu duenez: «Bejarten antzera, nahiko nuke nire lana ere edertasunez beteta egotea eta mundu osora heltzea. Euskal Herrian ere izan zen Laussaneko Balleta 2010ean, Viktoria Eugenian Berak ez zuen baletomanoentzako soilik lan egin; dantza demokratizatu zuen, eta ikuslego zabala erakartzea lortu zuen. Guaza bera lortu nahi dut dokumental honekin». Espainiako Estatuko aretoetan lau astez egon zen ikusgai, eta, Alemania, Austria, Suitza eta Japoniako arrakasten ostean, otsailean Frantziako Estatuan estreinatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.