Mikele Landa.
LARREPETIT

Gelen bilduma

2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Te katilua hartu, nire atzean utzitako atea itxi eta orri zuriaren aurrean paratu naiz. Zer idatzi jakin ezinda, ordenagailuari so, begiak arinago zeinek kliskatuko, duelu absurdo batean ikusi dut neure burua eta ezin izan diot desafioari eutsi. Ni izan naiz begirada desbideratzen lehena; gela hutsean zehar barreiatu dut, eta duela gutxi irakurritako Wislawa Szymborskaren poema bat etorri zait burura. Hasierak horrela dio: «Zuen ustez gela hutsik zegoen./ Eta baziren han hiru aulki bizkarralde sendoz hornituak./ Lanpara bat ilunpeen aurkako, borroka etengabean». Bere buruaz beste egin berri duen pertsona baten gela deskribatzen du testuak, eta esaldiek Karlstadera eraman naute. Han baitzegoen Ritaren gela. Uxue Alberdik argitaratu zuen lehen ipuin liburuko pertsonaia baten bizitoki tenporala. Ritak zozketa bidez erabakitzen zuen astero-astero bere gelako altzairuen kokapena zein izango zen. Oreka apurtzen zuen horrela, espazioa irabiatuta. Chantal Akermanek egin zuen legez La Chambre (gela) bideolanean. Ohean zetzala sagar bat jaten, kamera bat biraka jarri zuen logelaren erdi-erdian. Szymborskak, Alberdik eta Akermanek lan hauek egin zituztenean, inkontzienteki bada ere, Virginia Woolf gogoan izan zutela bururatu zait. Lau emakumeak irudika ditzaket itxuraz hutsik leudekeen beraien gela propioetan; begirada inguruan zehar barreiatuz eta buruak martxan, espazioari eskainiz irudimena.

Ostiralean, bere amaren gaztetako ohiturari jarraikiz, pegatinen bilduma egiten duen mutil bat ezagutu nuen. Azaldu zidan jendeak munduko txoko guztietatik ekartzen dizkiola eranskailuak, baten bat ikustean berarekin oroitzen direlako. Nire gela propioan nagoela, otu zait zuei fabore bat eskatzea, beraien gela oinarritzat duten emakume artisten sormen piezaren batekin topo eginez gero niri helaraztea, hasi berri dudan bilduma hau osatzeko. Lagunduko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.