Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Argazki bat Milanen

2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Tifoi bat zen Italia iparraldea hirurogeiko hamarkadan. Esaera bat bazen zioena Siemens transnazionalak proportzio berean sortzen zituela telefonoak eta brigadistak. Sindikatu ohikoak langileen babesa galtzen ari ziren. Patronalarekin onberak zirela eta langile gero eta gehiagok ez zuen bere burua ordezkatua ikusten Bigarren Mundu Gerraren osteak utzi zituen hitzarmenetan. Erakunde haiek galdutako eremua bereganatzen zuten Oinarriko Batzorde Unitarioek: konfrontazioaren bidez hobetzen zituzten baldintzak negoziazioaren bidez beharrean. Mario Moretti batzordeotan zebilen eta Collettivo Politico Metropolitano taldean. Han ezagutu zuen Margherita Cagol: Mara. CPMak IBM, Pirelli eta Siemenseko langileekin koordinatuta lan egiten zuen. 1969ko udazkenean CPMak bilera egin zuen zenbait lantegitako langileekin. Borroka armatura jauzi egitea zen eztabaidagaia. Ez zen adostasunik egon. Bilerako zenbait mahaitik altxa eta fabriketan borrokatzera itzuli ziren, autonomoki. Corrado Simonik propaganda ekintza armatuen bidez egin nahi zuen eta bere kideak atzean utzi eta Superclan erakunde armatua sortu zuen aurtengo urrian 20 urte beteko ditu bere heriotzak.

Bitartean lantegietako batzordeetan lehenengo Brigada Gorriak antolatu zituzten. Lehenengo ekintza Sit-Siemens eta Pirelliko zuzendaritzako kideen kotxeak masiboki erretzea izan zen. Urte hartako eta hurrengoko ekintzak sabotaiak eta bankuen lapurretak izan ziren. 1972an egin zuten lehenengo bahiketa. Ordubetez Idalgo Macchiarini atxilotu zuten. Sit-Siemensen arduraduna. Ordubetez furgoneta baten barruan izan zuten eta Milanen ibili ziren batetik bestera. Borroka armatuaren eta situazionismoaren artean Brigadek lortu zuten helburua: Idalgo Macciariniren argazki bat egin zioten aurrean afixa bat zuela. Eta burua seinalatzen pistola bat, Franceschini brigadistari bere aitona partisanoak oparitu ziona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.