Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Ezetza

2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ezetz esatea zenbat kostatzen zaion azaldu berri du lagun bertsolari batek. Artikulua osorik sinatuko nioke, komarik aldatu gabe. Oso zaila egiten baitzait, neuri ere, ezetz esatea. Eskatzea libre dela irakatsi ziguten. Ahaztu egin dugu, ordea, eskatzea bezain librea dela ez ematea. Eta hor gabiltza, geure burua azaldu ezinezko nahasteetatik atera ezinik. Bai, gehienetan neure buruari botatzen diot baietz esan izanaren errua, eta inbidia ematen didate e eta z hizkiak garbi ahoskatzen dituztenek. Denboraz larri nabil, ez datorkit ondo halako lekutaraino joatea, ez dut neure burua halako gauzetan ikusten, beste konpromiso bat daukat egun horretan... eta antzekoek ez dute balio. Horrek erantzun erraza dauka askorentzat: puntual hasiko gara, zuk erraz egingo duzu, hain urrun ere ez gaude... eta azkenean, baietz esango duzu, telefonoa belarrian, hormara begira. Hor zaude, berriz ere, ustez asko kostatu gabe egingo duzun zerbait egiteko atakan, hitz egiteko moduaren arabera behintzat, egingo duzuna hainbeste ere baloratuko ez duen norbaiten aurrean. Eta zeure buruari mila aldiz zin egin diozu ikasi egingo duzula ezetz esaten, baina urteak badoaz eta oraindik ere, gutxitan lortzen duzu.

Orduan, estrategia aldatzea pentsatzen duzu: ezin badut nik ezetz esaten ikasi, ikas dezala jendeak zer eskatu diezadakeen eta zer ez. Pedagogia lana ondo doalakoan oheratzen zara egun batzuetan, baina beste batzuetan errealitateak galdera zuzena egiten dizu erraietatik: zu ez bazara orain arte aldatu, nola lortuko duzu zuk dozenaka lagun aldatzea? Eta horrela ezin da lorik egin.

Bai, arazo bi ditugu. Batetik, ezetz esaten ez jakiteak ez du inertziak apur daitezen laguntzen, eta bestetik, mila aldiz galdetu ostean izan bada ere, kaparraren pare jarri ostean izan bada ere, norbaitek baietz esatea lortzen duenak ez du erraz ulertuko zer egin behar duen ez diezaioten ezetzik esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.